En direct

Transkripzioa:
Ander:
Zer moduz zaude, Ioar?
Ioar:
Hainbestean, Ander. Anbulatoriora joan naiz, oftalmologoarekin hitzordua nuelakoan.
Ander:
Eta hitzordua ez al zen gaurko?
Ioar:
Gaur zortzi izango da.
Ander:
Tira, astebete aurreratuta bizitzea ez dago hain gaizki. Ez duzu behintzat hitzordua galdu.
Ioar:
Ez, ez dut hitzordua galdu, baina irakurtzen ari nintzen nobela galdu dut. Ez dakit non daukadan burua!
Ander:
Anbulatorioan ahaztuko zitzaizun...
Ioar:
Ez. Autobusean utzi dut. Auskalo noraino iritsi den dagoeneko. Kaka!, gutxi falta zitzaidan osorik irakurtzeko.
Ander:
Zeri buruzkoa zen nobela?
Ioar:
Lander Garro idazlearen istorio bat da. Gaztetako kontu bat. Lander Bartzelonara joan zen argazkigintza eta zinemagintza ikastera, eta han atxilotu egin zuten, presondegian sartu.
Ander:
Orduan ez da nobela bat, biografia bat baizik.
Ioar:
Ez, ez, nobela bat da. Lander Garrori gertatutakoak dira, baina Xabi Ugarte da pertsonaia. Ingelesezko izenburua dauka: Faith.
Ander:
Garro hori zinemagilea ere bada, ezta?
Ioar:
Bai. Esan dizut, nobelako kontakizunean Bartzelonara joan dela zinema ikastera.
AUDIOA-1 | LANDER GARRO
Ander:
Nobelarik irakurri ez, baina Lander Garroren film bat ikusi nuen lehengo batean.
Ioar:
Dokumentalak egin ditu.
Ander:
Tipularen sehaska kanta izena du nik ikusitako filmak.
Ioar:
Miguel Hernandez poeta espainiarraren poema bat dirudi: Nanas de la cebolla.
Ander:
Miguel Hernandez ere kartzelan eduki zuten, bai. Lander Garrok bere dokumentalean testigantzak bildu ditu, presondegian gaixotasunen bat izan duten pertsonenak.
Ioar:
Gordina da gaia. Kartzela bakarrik ez, gainera gaixotasuna!
Ander:
Heriotzari eta sufrimenduari diegun beldurraz dihardu filmak.
Ioar:
Gai klasiko bat, funtsean. Baina gogorra, ezta?
Ander:
Estilo bereziko irudiak filmatzeko dohaina dauka zuzendariak. Edertasun bisualari garrantzia ematen dio. Ikusgarria da benetan. Eta hunkigarria.
Ioar:
Kartzelan irudi ederrak? Nola liteke? Ezin dut irudikatu.
Ander:
Ez, Ioar, ez. Kartzela baten barruan film bat errodatzeko baimenik ez da izaten inoiz. Beste era batez ekin dio kontakizunari.
AUDIOA-2 | LANDER GARRO
Ioar:
Ez nekien presondegian kamerarik ezin dela sartu. Horrenbeste pelikula ikusi ditugu kartzelakoak, ez baitut sekula pentsatu denak dekoratuak direla.
Ander:
Zinema egiteko argiak, soinua, kamerak, aktoreak..., gauza asko eta jende andana bat behar izaten da. Ondo filmatzearren sortzen dituzte espazio egokiak, zabalak, erosoak.
Ioar:
Kartzela bat baino leku zatarragorik!
Ander:
Bai. Apaindu egiten dituzte pixka bat: saskibaloi edo futboleko kantxa bat, edo liburutegia, eta bestelako gela batzuk.
Ioar:
Azkenean zer da kartzela bat? Lau horma. Eta atea, itxita.
Ander:
Garroren dokumentalak justu beste aldea erakusten du. Presoak izan zirenak aske daude orain. Gaixo egon zirenak osatu dira. Alegia, barruan bizi izan zutenaz mintzatzen dira kanpoan.
Ioar:
Horregatik dauzka irudi ikusgarriak?
Ander:
Mendiak, belardiak, gailurrak, basoa, elurra, harkaitzak, zerua, hodeiak, itsasoa, olatuak, urpea..., irudi ederrez beteta dago dokumentala.
Ioar:
Noizbait izan al zara presondegi batean?
Ander:
Kartzela batzuen atarian bai. Protesta egiten, musika jaialdi moduko bat ospatzen, harrera egiten.
Ioar:
Barruan ez, ordea.
Ander:
Ez, ni ez. Eta zu?
Ioar:
Bisitan joanda, sei edo zazpi ezagutu nituen.
Ander:
Hara! Amari bisita egingo diodala esan nion atzo. Erreumak hartuta dabil, beti eskuetako minez. Barkatu, Ioar. Joan beharra daukat.
Ioar:
Hurren arte, Ander. Goraintziak eman amari.
Ander:
Zure partetik. Agur.
Epilogoa - Beti ikasten
Ander:
Zer ikasi dugu gaur?
-ELAKOAN atzizkiaren bitartez osatutako menpeko perpausa.
Aditz bati -ELAKOAN erantsiz adierazten dugu USTE IZATEA.
Ioarrek solasaldiaren hasieran esan du:
—«Anbulatoriora joan naiz, oftalmologoarekin hitzordua nuelakoan».
Ioar:
Zer adierazi dut?:
—«Anbulatoriora joan naiz, uste izanik hitzordua nuela sendagilearekin».
Beste adibide bat ipiniko dut:
—«Athleticek partida galduta zuelakoan, irten egin nintzen San Mamesetik».
Hau da: «Pentsatuz Athleticek partida galduta zuela, ospa egin nuen».
Ander:
Niri hau gertatu zitzaidan:
—«Denak dotore jantzita joango zirelakoan, kapela eraman nuen nik».
Hau da: «Espero bainuen denak dotore jantziko zirela, kapela eraman nuen».
Hemen aditu dezakezue Lander Garrori egindako elkarrizketa.


