En direct
Alcer Gipuzkoa elkartea 1976an sortu zen «giltzurrun gutxiegitasun kronikoa duten pertsonen eta haien senideen bizi-kalitea hobetzeko» Maider Amenabarren arabera. Gipuzkoako Giltzurrun Gaixoen Elkarteko langilea da Amenabar. Elkarteak hainbat programa eta bi egoitza ditu. Donostiako Amara auzoan duten egoitza sozialean, «laguntza administratiboa eta aholkularitza dietetiko-nutrizionala» eskaintzen dute. Donostiako Ospitalean bestetik, hainbat bulego dituzte harrera psikosozialeko zerbitzua eskainiz. «Hiru profesional gara, gizarte langile eta psikologia arlokoak eta giltzurrun gutxiegitasuna duten pertsonak artatzen ditugu» adierazi du elkarteko gizarte langileak.
Giltzurrun gutxiegitasun kronikoa, giltzurrunaren gaitasun eza progresiboa da. Giltzurrunaren funtzionaltasuna %10etik beherakoa denean, «ordezkako tratamendu bat behar izaten du pertsona horrek» Amenabarrek dionez, «bestela hil egingo litzateke».
Mila gaixo Gipuzkoan
Alcerrek hiru multzotan banatzen ditu giltzurrun gutxiegitasuna duten pertsonak: aurredialisi prozesuan daudenak, dialisi prozesuan daudenak, eta azkenik, transplantatuak. Gaur gaurkoz, Gipuzkoan 1000 bat lagun daude egoera honetan eta gehienek Alcerren hartzen dute parte.
Elkartea duela 45 urte sortu zenetik, eritasun hau pairatzen duten pertsonen bizitza kalitatea dezente hobetu dela nabarmendu du Amenabarrek. Eta horren erakuslerik onena da, Itziar Apeztegia, giltzurrun gutxiegitasuna baitu, transplantatua ere bada, baina horrek ez du eragotzi Apeztegiak bere bizitza proiektua aurrera eramatea.
Gaixotasunarekin bizipoza
Oso gazte zela Lupusa diagnostikatu zioten. Gaitzak giltzurrunari eragin zion bete-betean eta handik urte batzuetara dialisiarekin hasi behar izan zuen. Aurrerago bere urtebetetze egun batez albiste garrantzitsua jaso zuen; transplante baterako aukera. Egoera hala ere zinez gogorra zen: 4 lagun ziren, bi giltzurrunentzako besterik ez. Zortedunetako bat izan zen Itziar Apeztegia.
21 urte zituen besterik ez, 12 urteko bizi-itxaropena eman ziotenean. Zorionez, aise gainditu du epemuga Apeztegiak eta sendo bezain baikor dago. Nahi duen moduan bizi izan du bizitza: ikasketak amaitu, lanean hasi, bikotekidea ezagutu eta oso zaila izango zela esan zioten arren haurdun geratu eta bikiak izan zituen.
Apeztegiak gaixotasun larria pairatzen du, eta baditu ondorioak. Bizimodu oso zorrotza darama kalteak mugatzeko. Baina hori izan da egokitu zaion egoera, eta ausardiaz eusten dio horri, «etxean atsekabetuta gelditzeak ez baitu egoera konponduko».
Bere istorioa entzunda egoera berean dauden beste batzuentzat eredugarri izan daiteke Itziar Apeztegia. Eta bere diskurtsoan eragin handia izan du Alcer elkarteak eskainitako babes eta elkartasunak.