En direct
Tokioko Olinpiar jokoak geografikoki gauden tokitik oso urrun badaude ere, bertatik-bertara sumatzen ditugula esan beharrean gaude. Nahikoa baita telebista piztu eta kate batetik bestera aldatzen dugunean bertakoen berri izatea, edota irratia piztean, baita sare-sozialetan sartzen garenean ere. Beste mundu batean murgilduta gabiltzanontzat ordea, badira beste horrenbeste gai oso interesgarriak direnak eta horiei egin nahi izan diegu tartea asteazken honetako 'Dena Irailerako' saioan.
Bueu aldean igaro ditu astearen hasierako egunak eta itzuleran izan dugu gaurko honetan berriro ere gure artera Iker Plazaola kolaboratzailea. Gure artera diogunean ordea, beste behin ere bere etxetik egin behar izan duen konexio baten bitartez esan nahi duzu, autobusak alde egin diola kontatu baitigu. Kontu ugari izan ditu beste behin ere ahotan, 'Ideiatxoak' bere atal bere estreinatuz, batek daki inprobisazioan oinarritu den.
Eider Iruretagoiena psikologoak ere bat egin du gurekin asteazkenero legez, oraingoan ere buruari buelta bat baino gehiago eman ahal izateko gaia ekarri digularik. Covid-19aren pandemiak emozionalki asko eragin digu guztioi eta askok aldiz, antsietatearen sintomak ere jasaten jarraitzen dute maila ezberdinetan. Iruretagoienak azalpen ugari eman dizkigu eta aurrera begirako gomendioren bat edo beste utzi ere bai.
Gonbidatuen tarteari dagokionez berriz, Jon Garmendia edo askok "Txuria" ezizenez ezagunago izango duzuena, gurera batu zaigu. Eginkizun zabaleko artista dugula esateko arrazoi ugari ditugu. Musika talde askorentzat idatzi izan ditu kantuak, kazetaria ere bada, baita bertsolaria, poeta eta beste zenbait eginkizunetan aditua ere.
Bestetik berriz Ion Martinez, askok "Txiki" ezizenez ezagutuko duzuen bakarrizketagile edo antzezlea izan dugu gurean. Bere ibilbideari errepaso bat eman nahi izan diogu alde batetik, baina joan zen urtean Saioa Royo eta biek aurkeztu nahi izan zuten "Birritan Bortxatua" antzezlanaren inguruan ere aritu gara.
Kontatzeko asko izan dugu beste egun batez ere eguneroko gure magazinean, ez baitzaigu gustatzen dena irailerako uztea. Biharkoa ere ez da gutxiago izango, ostegun legez beste gonbidatu batzuk izango badira ere, Urko eta Kimo bueltan etorriko dira beraien 'Kimokeriyak' atalarekin.