En direct

Ioar Aizpurua

Euskal Herriko gazte ilusionistak magiaren munduan murgilduta

Guztiok geratu ohi gara gure begien aurrean edota baita telebistan trikimailu bat erakusten digutenean zuhur eta lur. Euskal Herrian ere baditugu ilusionismoaren edota magiaren munduan murgildu nahi izan duten gazte ugari, eta astearte honetan horietako biren bisita jaso dugu.

Audio_placeholder

Euskal Herriko gazte ilusionistak magiaren munduan murgilduta

Loading player...
Maria Arandia eta Eneko Gutierrez
Maria Arandia eta Eneko Gutierrez

Magiaren inguruan hitz egiten dugunean, guztiok imajinatu ohi dugu gure buruan karta batzuekin trikimailuak egiten dituen pertsona bat. Trikimailu hauek behar bezala burutu ahal izateko ordea, ikasketa eta abilezia behar delakoan gaude 'Dena Irailerako' saioan, baina zerbait gehiago ikasteko gogoz izan gara oraingoan. Euskal Herrian ilusionismoaren munduan murgildu nahi izan duten asko dira, gurera horietako bi gonbidatu ditugu eta kontatzeko ugari ekarri dute.

Eneko Gutierrez gazte legazpiarrak 20 urte ditu eta 2014.urtean eman zituen bere lehen pausuak. Txikitatik zuen ordea halako trikimailuekiko harreman berezia eta bere esanetan: «gustatu egin behar zaizu eta ikasteko gogoa izan», bi osagai horiekin nahikoa dela adierazi digu. Txanpon batekin egin zion bere lagun batek lehen trikimailua Gutierrezi, hori izan zen hastapenei ekin ahal izateko arrazoi nagusia. «Ikastetxeko liburutegian ilusionismoa irakasten zuen liburu bat zegoen eta liburuzainari eskatu nion baimena etxera eraman ahal izateko» esan digu gazteak.

Maria Arandiak berriz 3 urteko ibilbidea du, eta laburragoa bada ere, zabala izateko beste horrenbeste arrazoi ditu. Liburu bat ikasteko modu on bat bada ere, «mago batekin bertatik bertara egonda ikasten da gehien» Arandiaren esanetan. Mundu zabal honetan denetarik topatzeko aukera dugu, baina kartak erabiliaz egiten dituzte beraiek trikimailuak, eta etxekoekin nahiz lagunekin proba ugari egin ohi dituzte publikoaren aurrean ekitaldia burutu baino lehen.

Ostegun honetatik (abuztuak 5) igandera bitarte, "La Farándula" Donostiako Egia auzoan kokatzen den tabernan edota mikro-antzokian izango dira. Bikotearen esanetan «show berezi bat» ikusteko aukera izango dugu eta jendea gerturatzera animatu nahi izan dute.

Jaurlaritza Logoa