Zuzenean
«Nire helburua da hezkuntza nutrizional bat ematea jendeak hautu kontzienteak har ditzan»
Maddi Etxeberria dietista eta nutrizionista izan da Dena Irailerako saioan. Txikitatik jabetu zen zein bideri jarraitu nahi zion, eta geroztik, mundu horretan bere burua formatzen darrai.
«Nire helburua da hezkuntza nutrizional bat ematea jendeak hautu kontzienteak har ditzan»
Dietista eta nutrizionista da Maddi Etxeberria. 9 urterekin oso argi zuen biologia ikasiko zuela, adin horretan Jane Goodallen dokumental bat ikusi eta erabat «maitemiendu» omen zen. DBH-ko azken urtean, dieta makrobiotiko bat hasi zuen, eta berehala ekin zion gai honen inguruan formatzeari.
Batxilergoan zegoen bitartean Egoitz Garro osasun-eskolan makrobiotikako lehen bi urteak burutu zituen. Eta, hori nahikoa ez eta gaian gehiago sakondu eta titulua lortzeko, Giza nutrizio eta dietetika graduan eman zuen izena.
Gaur egun, ´Bega on egin´ instagram kontua du, eta bertatik, heziketa nutrizional bat jartzen du bere jarraitzaileen eskura, jendeak «hautu kontzienteak» har ditzan.
Ibilbide oparoa egin du Etxeberriak, eta argi du bide horretan jarraituko duela gerora ere. ´Dena Irailerako´ saioan izan da, eta bertan azaldu duenez, emozioak eta elikadura oso garrantzitsuak dira pertsona batentzat.
Azaldu du, halaber, ezinezkoa dela bereiztea elikadura emozionala eta elikadura fisiologikoa. Izan ere, Etxeberriaren hitzetan, bi jate-modu horiek pertsonaren beraren parte dira, eta nabarmendu du, jaten denaz gozatzean dagoela gakoa.
Baina, ze erlazio eduki beharko luke pertsona batek elikadurarekin? Etxeberriak jakinarazi du, arazoak gertatzen direnean, gehien-gehienetan, ez dela izaten jendeak elikadurarekiko erlazio txarra duelako, gorputzarekiko duen erlazio txarragatik baizik. Beraz, nork bere gorputza maitatu aurretik, gorputza onartu behar dela azaldu du Etxeberriak; hori baita nork bere gorputza zaintzeko lehenengo urratsa.
«Antidieta»-tzat du Etxeberriak bere burua. Hasteko, nabarmendu baitu, ´dieta´ kontzeptua, orokorrean, oker erabiltzen den kontzeptua dela. Azaldu duenez, dieta bat jaten dugun hori da. Hau da, norberaren jateko ohitura edo plana. Badira, ordea, dieta bat kaloriak galtzeko metodo gisa soilik ulertzen dutenak, eta oker daudela adierazi nahi izan du Etxeberriak.
Dietista-nutrizionista gisa, Etxeberriak argi du zein den bere helburua: hezkuntza nutrizional bat ematea jendeak hautu kontzienteak hartu ditzan.