En direct

«Ezin dituzu diskoan bost gitarra sartu Iron Maidenen tankeran eta zuzenekoan birekin atera»

Markel Barriola, Unai Urkiola, Mikel Sagastibeltza, Manex Moreno, Oinatz Mariezkurrena eta Julen Zeballos, Katez taldea osatzen duten kideak dira horiek. Seiko leitzarrak ‘Argiz iluntzen’ diskoa kaleratu berri du eta haietatik hiru, Markel, Unai eta Julen, izan dira MusikHaria saioan lana aurkezten.

Audio_placeholder

«Ezin dituzu diskoan bost gitarra sartu Iron Maidenen tankeran eta zuzenekoan birekin atera»

Loading player...
Hirugarren diskoa argitaratu berri du Katez talde leitzarrak, ‘Argiz iluntzen‘.
Hirugarren diskoa argitaratu berri du Katez talde leitzarrak, ‘Argiz iluntzen‘.

Metal-core estiloaren bueltan kokatzen direla iruditzen zaigu Katez taldea, baina halako estiloetan, murgiltzen saiatzerakoan hondoa noraino dagoen askotan ez dugunez jakiten, haiei galdetu diegu zein estilotan mugitzen ote diren. «Gitarrek eta bateriak egurra dute, Unaik egiten dituen oihu dotoreak eta Markelen ahots melodikoa batzen zaizkio horri. Batzuk esaten digute metal-core melodikoa egiten dugula, baina guk, egiari zor, ez dakigu zehatz definitzen. Metalaren bueltan gabiltzala argi dago, baina horraino», dio Julen Zeballos taldeko baxu-jotzaileak. «Inspirazioak toki desberdinetatik etortzen dira, pop bezala ere bataiatu gaituzte noizbait, baina guk gustukoa dugun musika egiten dugu eta aurrera«, gaineratu du Unai Urkiolak.

Melodien gainean sortzen dira letrak eta beren artean adosten dituzte gaiak, gero Mikel Sagastibeltzak edota Unai Urkiolak letrak idazteko. «Guk ideiari forma ematen diogu baina gero berriz ere lokalera eraman eta aldaketak egiteko zabalik izaten dira kantuen hitzak. Hartara, letrak ere Katezek egiten dituela esan dezakegu», dio Urkiolak. Diskoa pandemia aurretik dago sortua, hortaz hitzek ez dute harekin loturarik. Letra sakonak dituzte eta zer pentsatua ematen dutenak, ‘Ortzadarra’ kantuan kasu: «Bere esentzia galtzen duen horrek zentzurik ba ote duen galdetzen dugu hemen. Zure parte den edota zu zaren bezala identifikatzen zaituen zerbait galtzen baldin baduzu ea zu izaten jarraitzen ote duzun. Kateak apurtzearen metaforarekin norbera den bezalakoa izaten jarraitzeko grina hori defendatzen dugu, nahiz eta esentzia hori uneren batean galdu», azaldu du Urkiolak.

Soinu berriak gehituz
Diskoz disko eboluzioa nabaritu dute Katez taldekoek Markel Barriolaren ustez: «Lehenengo diskotik bigarrenera aldaketa egon zen bezala, bigarrenetik hirugarren honetara aurrerapausoa nabaritzen dela uste dut. Esentzia mantentzen dugu, baina eboluzioa ikusten da. Instrumentalki lortu diren gauzekin eta gorputz gehiago hartu duela uste dugu lanak». Gitarren geruzak nabaritzen dira hainbat abestitan, eta Barriolak aipatu bezala, ahotsekin batera «marrazki asko» egin dituzte gitarra-jotzaileek.  

‘Gutuna’ abestian sintetizadoreak entzuten dira nabarmen eta metalari halako elektronika puntua gehituta, kantu berezia bihurtzen du Katezek. «Gure eraginetatik etorri da sintetizadoreak sartzearena, oso modan dago eta entzuten dugun musikan asko ikusi dugun zerbait da. Aurreko diskotik datorren ideia bat da, orduan teklatu batzuk sartu genituelako. Oraingoan diskoari beste buelta bat emateko balio zezakeela pentsatu genuen eta Eneko Celestinori idatzi genion, ‘Down of the Maya’ taldeko baxu-jotzailea zena. Azaldu genion zer nahi genuen eta bere aldetik aurrera egiteko esan zigun, guk zer nahi genuen eta zer ez esan genion eta hortik sortzen da guztia. Nahiz eta taldean denetariko iritziak egon hasieran», kontatu digu Urkiolak. Izan ere, hasiera batean Zeballos ez zen elementu hauek gehitzearen aldekoa: «Ni ez naiz honen zalea, baina oso dotore geratu dela onartu beharra daukat».

Erreferenteak ere aldatuz joan dira taldean eta Barriolak horrela kontatu digu: «Hasiera batean akaso Berri Txarrak edota Habeas Corpus bezalako taldeak genituen erreferente, baina sei gara eta seikotean denetik entzuten da. Nik hauei esker ezagutu ditut, nahiz eta denborarekin ikasi ditudan behar den moduan entzuten, Bring me the horizon bezalako bandak. Estilo ingeles eta amerikarretara jo dugu eta hortik mugitu gara azkenaldian egia esanda. Unai eta bion artean, esaterako, sekulako abanikoa dago entzuten dugun gauzen artean, eta ni akaso oso poperoa naiz beraien aldean. Metaleroek gainera horrela deitzen didate. Pentsa, disko honetarako Adele bera ere erreferente izan dut kanturen bat abesterako garaian».

Urkiolak gaztetatik metala kontsumitu du, gazte-gaztetatik: «System of a Down edota Rammstein bezalako taldeekin hasi ginen institutu garaian, 13-14 urte genituenean, gero Linkin Park edota Bullet for my Valentine modan jarri ziren eta haiek ere entzun genituen eta, orain, talde horiek gustatu arren, musika kontsumitzeko era aldatu da eta mundu guztiko doinuak entzun ditzakegunez, talde japoniarrak ere entzuten ditugu, pentsaezina duela urte batzuk».

Ikus-entzunekoei eta irudiari garrantzia emanaz
Bideoklipekin ere lanketa handia egin dute eta lehendabizikoa iazko azaroan kaleratu zuten; ordurako prest zegoen diskoa. «Dena ondo planifikatuta geneukan, diskoa noiz grabatu, noiz bota lehen kanta, kopiak noiz egin, merchandisinga nola eraman… Baina pandemiak dena hankaz gora jarri zigun eta data guztiak aldatu. Hortaz kontzertuak eman aurretik diskoa ongi zukututa genuen, eta beranduago ateratzea pentsatu bagenuen ere, kaleratu beharra ikusi genuen, gu aspertu aurretik. Bideoklipa kaleratzearen beharra azaroan sentitu genuen, bi urte luze gindoazelako ezer kaleratu gabe eta jendeak bazekielako grabatzen arituak ginela. Hainbeste denbora ezer kaleratu gabe ezin genuenez egon, ‘Argiz iluntzen’ etorri zen», kontatu du Zeballosek.

Letra zorrotza duen kantua da gainera: «Gaur egun komunikabideek duten eraginari eta gizartearen nolakotasunari egin nahi izan diogu halako kritika bat. Baina gero bakoitzak bere istorioa sortuko du, taldean bertan abesti bakoitzarekin sei istorio sortzen diren moduan».

Manex Moreno taldekideak ikus-entzuneko komunikazioa ikasi izana baliatu dute bideoklipen lanak aurrera eramateko, «hori ikasi du, hortaz bera da egokiena. Taldean halako pertsona bat izatea luxua da egia esanda, bera arduratzen baita atal horri dagokion ia guztiaz», esan digute gainerako taldekideek. «Unaik dituen ideiak ere sekulakoak dira eta sortzen dituen ideia horiei taldeak erantzun bikaina eman nahi izatea ekartzen du horrek gainera», gehitu du Zeballosek.

«Dena dela grabaketan pixka bat sufritu nuen nik bideoklipen bat errodatzerakoan. Zortzi orduz lanean ibili ostean, iluntasun osoa behar genuen grabaketarako eta fokuen argiaren azpian sekulako beroa pasa genuen. Gauerditik goizeko bostetara ibili ginen grabatzen, egun bakarra genuelako. Gainera, Guardia Zibila agertu zen zarata asko egiten ari ginela-eta, grabazioari bukaera emanaz», dio Zeballosek. «Esan genien ea kolaboratu nahi zuten, baina ez ziren animatu», gaineratu du Urkiolak.

Barriolak berak ere gozatu zuela baina ez zela erreza izan bideoklipen kontua azaldu digu: «Bakoitzak taldetik aparte duen lanak halakoetan eragina izaten du eta denbora tarte bakoitza asko aprobetxatu behar izaten da. Ordu oso gutxi nituen grabatzeko eta grabatzea edota argazkiak egitea ez dut oso gogoko. Lotsagabea naizela esan daiteke, baina horrelakoetarako oso lotsatia. Hortaz, «ea, jarri hor» eta «egin ateratzen zaizuna» entzun ostean, lehen hamar hartualdietan lotsa sentitzen nuen, nire burua animatuz ibili nintzen. Azkenean nahikoa txukun atera zen, baina oso zaila egin zitzaidan grabatzea. Hori bai, emaitzekin pozik geratu gara».

Itxura Recordsen grabatua, Azkaraten oraingoan
Itxura Recordsen grabatu zuten diskoa. «Aurreko diskoa Altsasun grabatu genuen, orduan han zeukalako estudioa eta oraingoan Azkaraten, nahiz eta dagoeneko itxi duen estudio hori ere. Pertsonalki sekulako harremana dut Fran Pérezekin, zerbait behar dudanetan beti baitago hor laguntzeko prest. Sekulako tratua ematen du estudioan eta gainera teknikari bikaina da». Taldeko bi abeslariei ea estutzen ote dien galdetu diegu eta Barriolak dio «ideiak argi dituzula joan behar dela estudiora» eta Urkiolak gaineratu du «justu Markelek egiten ez duena» barre eginaz.

«Ideia asko bururatzen zaizkizu kaskoak jantzita dituzula, gauzak probatu nahi dituzu eta ematen du etxetik prestatu gabe etorri izanaren sentsazioa, baina ez. Aurretik ordu asko pasa dituzte lanean ahotsak sartzerako eta nekea nabaritu egiten da. Hortaz, ideiak ahalik eta argien eraman behar dira. Eta pandemiak hasieran horretarako lagundu bazuen ere, gerora aspertzen zoaz eta ideia bat eraman beharrean lau eramaten dituzu estudiora», kontatu du Barriolak. Urkiola, berriz, guztiz kontrakoa da: «Nik gauzak zurrunago eramaten ditut, baina hala ere lau pertsona begira dituzula eta zure ahotsa hain gordin entzuten duzula arraroa egiten da egoera. Tempoa jarraitzea kostatzen zait gehien niri, horrek halako ezinegona sortu izan dit, baina Franek beti laguntzen du hori errazago izan dadin».

Grabaketaren ostean nahasketak egiterakoan hainbat hautu egin behar izan dituzte Katez taldekoek. «Informazio asko geneukan eta geruza batzuk kendu behar izan genituen, bai entzulearen onerako eta baita gurerako ere. Une batzuetan entzun eta bazirudien Iron Maiden ginela hiru gitarrarekin edota bost gitarra ere entzuten zirelako momenturen batean, eta ez, ahotsak ere bere tokia behar zuen, baita beste instrumentuek ere. Ezin dituzu gainera bost gitarra sartu eta zuzenekoan birekin atera, eta ahotsarekin gauza bera, sekulako korala egin dezakezu baina gero zer?», diote Katez taldekoek. «Hasieran dena gehitzea izaten da nahia eta gero guraizea sartzeko lanarekin errealistak bihurtzen gara», gaineratu du Urkiolak.

Gernikatik Madrileraino
Disko aurkezpenak hasi dituzte, Gernikako Astran Rodeo taldearekin izan zen estreinakoa eta atzetik etorri ziren herrikoa, Leitzakoa, jende gehiagoren aurrean izan zena, Portugaleten ere jo zuten, eta, momentuz azkena, Madrilgo Moby Dick aretoan uztailaren 31n eman zutena, Pleura taldearekin batera. Laster iragarriko dituzte data gehiago bai beren webgunean eta baita beren sare sozialetan ere. «Berrehun laguneko areto bat da berez Madrilgoa, eta orain 80 sartzen dira eta eserita. Horrek asko eragiten digu eta beharra eta gogoa dugu hau guztia aldatzeko. Interes ekonomikoak guztiaren gainetik dauden bitartean, jai daukagu. Hala ere kontzertua programatu dutenei eskertu beharra dago, bageneukalako gogoa zuzenean aritzeko, baina kontzertua ez da musika entzutea soilik. Askatasun pixka bat behar dugu, musukorik gabe egon, trago bat edanaz, ondokoarekin hizketan, jende berria ezagutuz… Kontzertu bat esperientzia bat delako», aldarrikatu dute Katez taldekoek. Bitartean plataforma digital guztietan dago entzuteko moduan ‘Argiz iluntzen’.

Jaurlaritza Logoa