En direct
«Zeinen zoriontsu ginen ‘Tie me up’ atera genuenean», gogoratu dute Josu Billelabeitia eta Lander Zalakainek elkarrizketa hasi eta segituan. Izan ere ohiko moduan egin bazituzten gauzak, 2020ko maiatzerako aurreikusten zuten ‘Plastic drama’ diskoa. «Urtarrilean diskoa bukatuta zegoen eta oso pozik ginen lana prest genuelako. Bi astez itxi ziguten, gero beste bi astez luzatu… Uste genuen hilabete gutxiko gauza izango zela, baina, tira, oraindik ere segitzen dugu egoera honekin».
Singleak kaleratzen joan ziren harik eta abuztuan diskoa kaleratu zuten arte. Bigarrena etorri zen ‘The Craft‘ kantuan «Orain da garaia, gurea da botera» esaten zuten eta atzera begira gauza bereziak egiteko urtea izan dela kontatu digute: «Sergiok, managerrak, beti esaten digu diskoa ez dela sekula abuztuan atera behar eta hori ere egin genuen. Justu abuztu-irailetik aurrera bira moduko zerbaiten hasiera zetorren eta diskoa argitaratzeko erabakia horren harira hartu genuen. Baina dena ondo lotu behar izaten da. Hiru plan geneuzkan: abuztuan atera, irailean edota 2021ean. Eta hori guztia nola izango ote zen zalantza handiak izan genituen, baina pozik gaude», kontatu digu Zalakain bateria-jotzaileak. Gainera, BMG diskoetxearekin atera dute eta mundu mailako irteera izan zuen diskoak.
Aurretik, ordea, auto-zinemetako bira ere egin zuten eta berriz errepikatuko luketen galdetuta, erantzuna erdibidekoa izan da: «Errepikatuko genuke baina izandako esperientziagatik. Autokarabanak hartu, argi ekipo guztia bertan, familiakoak ere laguntzen… Konboi baten pare joaten ginen batera eta bestera. Zirku ibiltari bezala ibili ginen. Esperientzia sekulakoa izan zen, auto-zinemak berak ere bereziak dira eta toki arraroetan jotzea asko gustatzen zaigu, baina ekonomikoki… Zero bat da», hasi da Josu Billelabeitia gitarra-jotzailea. Horri halako zerbait egiteak eskatzen duen lana gehitu behar zaio ordea: «Berriz ere kontzertuak ematea eta abar sekulakoa izan zen, baina aurreko hilabeteak erokeria bat izan ziren, sekulako marroian sartu ginen eta, zorionez, oso ondo atera zen. Hiru egunetatik lehendabiziko hartan urduritasuna etxean utzi eta uretara buruz jauzi egin genuen. Distantziatik ikusita, poz handiz gogoratzen ditut egun horiek. Lauok guztiz murgilduta ginen proiektuan eta ongi atera zen», gogoratu du Zalakainek.
Bira horretan dokumentala grabatu zuten eta printzipioz 2021eko uda aurretik kaleratzeko asmoa dute eta ahalik eta zabalkunde handiena izan dezan nahiko lukete, jendeak ikusteko zer nolako lana egin zuten. «Baina denen artean adostu behar dugu data eta ea noiz kaleratzen den. Guk lehen ikustaldia egin genuen eta indartsua dela esan daiteke. Martxoan hasi eta urria arte egindako bidea ikusiko da bertan. Disko prestaketa, auto-zinemena, diskoa atera eta gero etorri zen guztia… Eta hori guztia bai, baina gu nola garen ikusiko da, gertutik ikusiko gaituzue. Inplizituki ikusiko da New Yorken egon ginenetik gaur arte guztia nola aldatu den, egin behar izan ditugun malabarak… Baina ez da drama bat izango, modu goxoagoan aurkeztuko dugu guztia. tonu familiarra ematen saiatu gara», kontatu digute Belako taldekoek.
Ez da erraza 2020an bizi izandakoa modu goxo batean kontatzea baina Zalakainek gogoeta bat ere egin du horren inguruan: «Gertatu den guztia erlatibizatzen saiatu gara eta guk beti esan dugu gu ez gaudela okerren. COVIDarekin izan ditugu gorabeherak, Josuk eta Lorek esaterako pasa dute, baina sano gaude eta gure ingurua ongi daukagu. Entzun eta jakin ditugun guztiak jakinda, ez gaude kexatzeko. Eta, horrez gainera, musika eszenan gu zortedun sentitzeko moduan gaude. Diskoa atera eta bira moduko bat egin dugu eta komunikabideen babesa ere sentitu dugu. Hau duela 6-7 urte pasa izan bazen, auskalo zer gertatuko zen Belakorekin. Horregatik halakoetan beti gogoratu behar dugu hasiberriak direnak eta talde txikiagoak-edo direnak direla hau guztia benetan pairatu dutenak».
Kontzertu berriak laster
Hogeita bat kontzertu eman dituzte 2020ko abuztuan hasi eta Sopelako Kurtzion emandako azkenera arte. Dena dela, egoera normal batean, bikoitza edo gehiago emango zituzten. Bereziki atzerrian zuten jarrita fokua eta Reading edota Leeds bezalako jaialdietan egotekoak ziren, oholtza nagusian gainera. Inglaterra eta Alemanian data gehiago ere bazituzten eta galdutako data horiek 2021ean ez bada 2022an mantentzea espero dute, bazituztelako garrantzitsuak ziren kontzertuak tartean. Baina kontrara, Euskal Herrian asko jotzeko aukera izan dute, aspaldiko gehiena. «Berezia da etxean jotzea, batzuetan bereziegia. Eta horrek arraro sentiarazten gaitu, gelditu beharra sentitzen dugu batzuetan. Etxean normalean bira amaierako kontzertuak ematen ditugu, gaztetxeetan, gertuko tokietan, etxekoak eta gertu sentituz. Mimo handiz zaintzen ditugun kontzertuak dira eta akaso urduriago sentiarazten digute eta konpromiso gehiago eskatzen digu. Solteago gaude akaso Reading eta Leeds bezalako jaialdi erraldoi horietan eta dagoen kartel guztiarekin. Hemen jotzen dugunetan jendea pozik uzten saiatzen gara eta listoia oso altu jartzen diogu gure buruari», kontatu digute Belakokoek.
Datozen egunetan Estatu Batuetako SXSW jaialdian online hartuko dute parte. Duela bizpahiru urte bertan izan ziren eta aurten ere Austinera, Texasera, joatekoak ziren. «Estatu Batuetan hamar bat kontzertu eman behar genituen New Yorken eta Austinen. Joatearena bertan behera geratu den arren, hiruzpalau abesti grabatu ditugu zuzeneko moduko bat eginaz eta haiek jaialdian sartu dituzte eta guretzako oso interesgarria da orain zabalkundea emango diotelako gure lanari eta jendeak ezagutzeko aukera izango duelako», esan du Zalakainek. Besteak beste Chris Webber saskibaloi jokalari ohia edota Demi Lovato bezalako musikarien ondoan egongo da Belakoren izena ere.
Euskal herrian martxoaren 19an emango dute datorren kontzertua, ‘Estaciones sonoras’ jaialdian, Cascanten. «Edukiera txikia duen arren jendea gogoz dagoela ikusi da eta di-da batean sarrera guztiak saldu dira. Irailean edo gehiago kostatzen zen horrelako kontzertu batetarako sarrerak saltzea; egun, ordea, bide berri honetara ohitu gara eta jendea gogoz dagoela ikusten. Ondorioz, guztia salduta dagoenaren kartela zintzilikatzen ari dira hainbat tokitan geroz eta gehiago. Horrek ekarri du artista askok kontzertu bat eman behar zuten tokian bi ematea eta baliteke Cascanten bigarren data bat ere jartzea. Jende ona, toki dotorea, ardo ona, barazki onak… Zer gehiago behar du jendeak hara joan eta gozatzeko?», nabarmendu dute Belakokoek.
Madrileko La Latina antzokian ere kontzertu bat iragarri dute maiatzaren 30erako eta sarrerak salgai daude dagoeneko. Aurrera begira dituzten asmoak galdetuta, berriz, hau erantzun digute: «Berriz ere entseatzen hasiko gara orain geldialdi moduko honen ostean eta Josuk bozeto batzuk baditu dagoeneko. Hortaz, garen modukoak izanda, gutxien espero dugunean diskoa prestatzen hasiko gara. Eta adi, datorrena, bosgarrena, diskorik onena izango da-eta. Diskoa atera eta erretiratu egingo gara», esan dute barrez Belakoko Landerrek eta Josuk.
Zuzeneko formatu berrira ea ohitu diren galdetuta, badituzte beren gogoetak hala ere musikariek: «Orain dagoen moduan termino medio bat behar da. Hau da, lehen batzuetan parranda giroan eta itsu-itsu joaten ginen kontzertuetara. Orain, ordea, denak formal, ezin trago bat hartu eta bar. Horren eraginez taldeek eduki dezaketen puntu performatiboa galdu egiten da hein batean, publikoaren feedbacka oso desberdina delako. Hartara, musikariak beste modu batean portatzen garelakoan nago eta hobeto jotzen saiatzen garela, akatsak gehiago nabaritzen direlako gaur egun kontzertuak izaten ari diren formatuan. Ikusleak eserita daudenean ez daude hizketan, ez daude koadrilan… edota gorakada hori etortzen zaizunean ezin da nahiko genukeen moduan adierazi. Orain xehetasun guztiei gehiago begiratzen diegu. Baina kulturaren balioa dagokion tokira eramateko bada, bada bejondeigula. Jendeak edukiera txikiagoak direla-eta gehiago ordaintzen du eta hori ere adierazgarria da» esan digute Belako taldekoek.
«Dena 2020ko urtarrilerako grabatuta genuen eta kantuei bueltak ematen nazkatu egiten zara. Zuzenean jo nahi genuen bai ala bai. Bestalde, bageneukan aukera pandemia pasa arte itxaron eta diskoa kaleratu eta aurrera egiteko. Baina gogoz ginen lana aurkezteko eta antsietate puntu bat ere bageneukan dagoeneko. Ondorioz, gauza bitxi bat gertatu zaigu kantuak aurretik aurkezten ibili garelako: lehenengo aldiz kontzertuetara iritsi garenean jendeak kantuak zekizkiela ohartu gara. Orain arte gure fuerteena zuzenekoak ziren eta orain estudioko lanaren balioak pisua hartu duela konturatu gara eta nolabait ere orekatu egin da zuzenekoaren eta estudiokoaren arteko balantza», kontatu digute Belakokoek.
Plastic Dramari buruz
Hainbat kantu entzun ditugu Belako taldekoekin elkarrizketa egiterakoan, baina performance eta ‘makarradak’ aipatuta, kanturik zikinena entzun dugu segidan, ‘AKLR’. «Baxuaren erritmo azkarra eta grabatuta dagoen modu guztia oso berezia da hemen. Bi edo hiru baxu desberdin, distortsioarekin eta estereoan grabatuta daude. Bateria bera ere distortsionatuta dago eta estudioan esperimentatzeko polita izan zen kantua. Makarra da baina elegantea», azaldu digu Josu Billelabeitia gitarra-jotzaileak.
Aipatutako kantuaz gainera, diskoari izena ematen dion kantuak, ‘Plastic drama’ abestiak ez du bideoklipik. Gitarra lepotik kendu eta pianoan entzun dezakegu Josu Billelabeitia hemen. «Etxean grabatutako kantua da, estudiotik kanpora grabatutako bakarra», kontatu digute. Jazz estiloko piano doinuak eta groove berezia duten baxu eta bateriak gehituta eta Cris Lizarragaren ahotsarekin orekatzen dute guztia. «‘Plastic drama’ da kanturik desberdinena, ezbairik gabe. Itsas zeharkaldiak egiten diren itsasontzi bateko musika talde batek jo zezakeen kantua da. Baina dekadentea da, Titanic balitz bezala. ‘Vacaciones en el mar’, baina euria egin du. Zure azken oporraldia da», esplikatu du Billelabeitiak. Gainera, kantua entzuten ari ginen bitartean abestia bera grabatu zuten pianoa erakutsi digu musikari mungiarrak. «Kantu dekadentea eta ‘bailongoa’ da, negar egin edota dantza trago bat hartuz, zer egin ez dakizula uzten zaituena», gaineratu du Zalakain tolosarrak.
Gainerako kantuekin zazpi bideoklip eta hitzekin osatutako zortzigarren bat egin dituzte Maria Muriedas eta Iñaki Billelabeitiaren laguntzarekin eta sekulako lana hartu dute. «Itxialdian ginela single gehiago ateratzen hasi ginen, jendeak behintzat zerbait gehiago eduki zezan kantu soilak baino. ‘Plastic drama’-k berak ere eduki behar zuen bideoklipa eta ideia badugu eta baita kaleratzeko asmoa ere baina noiz ez dakigu. Guk ez genuen hau estrategia moduan egin eta zetorren bezala hartu genuen kantuekin bideoak ateratzearena. Hasiera batean astero zerbait kaleratzea pentsatu genuen baina gero denboran luzatu egin zen pandemiarena. Benetako estrategia komertziala izan zitekeen Wuhanen hastea bira. Hura gainera hiri nahiko rockeroa omen da», kontatu digute. Bideoak egiten, ondo pasatzen zutela ere aipatu dute, gauza asko beren artean egiten dituztelako eta jolasten gauza berriak ere ikasten dituztelako bideoen aitzakian.
Guztiak sarean ikusteko moduan daude eta baita gauza gehiago ere, eduki sortzaile bikainak direlako Belako taldekoak. Errota martxan jarri eta ea ez zaien urik agortzen udaberritik aurrera berriz ere errepidean izateko.