En direct

Iker Gurrutxaga
NAIZ Irratia. MusikHaria saioko gidaria

«Txikitatik seinalatuak izan gara, baina estereotipo horiek hautsi ditugu»

Hip-hop kulturaren baitan dagoen artista dela esan genezake Bengo (Oiartzun, 1997). Break dantzaria eta abeslaria da eta ‘4 Taupada’ deitutako lana argitaratu du. Kultura horren baitan mugitzen den arren, oso zaila da Bengoren musika estiloa definitzen. MusikHaria saioan izan da diskoa aurkezten.

Audio_placeholder

«Txikitatik seinalatuak izan gara, baina estereotipo horiek hautsi ditugu»

Loading player...
Bengo abeslariak Oiartzun eta inguruetan grabatu du ‘Denbora’ kantuaren bideoklipa. (Jon TOBIA)
Bengo abeslariak Oiartzun eta inguruetan grabatu du ‘Denbora’ kantuaren bideoklipa. (Jon TOBIA)

Gauzak modu serio batean hartzeko nahia zuela eta ‘4 Taupada’ izeneko albuma kaleratu berri du Aitor Bengoetxea, Bengok. Sei edo zazpi urte zeramatzan musika sortzen, baina aurretik egiten zuen guztia bere kontura sortu eta sarera lagunek ikusteko asmoz baino ez zuen igotzen. «Duela urtebete serioago jarri nintzen ‘Rockstar’ izeneko kantuarekin eta hortik aurrera Bengo bezala aurrerapauso bat eman nahi izan dut eta albuma kaleratu dut», kontatu digu oiartzuarrak.

Diskoaren irekiera ematen dion ‘Nerekin’ kantuan maitasun istorio baten bueltan badabil ere, mezua ez da maitasun istorioaren inguruan, norbera maitatzearen garrantziaz ari da hizketan. «Norbait maitatzeko lehendabizi norbera maitatu beharra dagoela esan nahi izan dut kantu horretan. Askotan gertatzen da erlazio toxikoetan norbera maitatzeari uztearena eta hori islatu nahi izan dut. Gaurko ikuspegitik hori nola bizi izan duen askok», dio Bengok.

‘Oraindik gazte’ izeneko kantua da jarraian datorrena eta «2020 udaren inguruan dago idatzia. Herriko jaien falta hori sumatu nuen eta horri kantatu nahi izan diot. Herriko festarik gabe oroitzapen horiei nostalgia puntu batekin idatzitakoa da», kontatu digu abeslari oiartzuarrak. Azkenaldian gazteak kriminalizatzearen inguruan dagoen joerari buruz galdetu diogu bidenabar: «Break dantzaria naiz eta txikitatik seinalatuak izan gara. Estetika raperoa genuen, kalean ibiltzen ginen dantzan, bafle batekin txiki batekin musika jarriz eta hori guztia. Batzuk esaten zuten «Zer ari dira oiartzuar hauek horrela jantzita?» eta poliziak ere desberdin begiratzen zigun. Baina estereotipo horiek hausten joan gara. Oiartzuarrak gara, bertan jaio gara eta atzerriko kultura gustatu zaigu aspalditik. Hartara, kanpoko kultura hori Euskal Herrira ekarri eta euskaraz egin daitekeela aldarrikatu dugu. Poliziak edota beste pertsona batzuk gaizkile itxura hartu digute, baina aurreiritzi horien kontra egin dugu eta horri buruz idatzi nuen kantua», nabarmendu du Bengok.

Oiartzungo plazako frontoian hasi ziren dantzan, gero kiroldegian tokitxo bat egin zieten akordio bati esker, baina egun ez daukate toki finkorik. Hori horrela izanda, Donostia edota Irunen ibiltzen dira estalpe bila, kultur etxe eta antzerakoetan. «Baina kalea da gure tokia, neguan 2 gradurekin eta udan 30ekin, hor egoten gara nahi dugunarekin disfrutatzen», gogorarazi du oiartzuarrak..

Aurreiritziei buruz, lan arazoen inguruan… hitz egiten du kantuetan, baita drogen inguruan ere, «baina kritika beti botereari egina dago. Nik musika eta breakinga izan ditut terapia modukoak eta horri esker ez naiz zulora jausi. Inoiz ez baitakigu gero zer datorren. Bere garaian 2PAC Shakurrek ere hori salatu zuen eta arimak beste bide batera biratu zituzten berak eta bere ingurukoek. Oso negatiboa zen ingurune batetik, zerbait oso positibora egin zuten salto musikarekin. Dena dela drogen arazoa hor dago, kalean. Gurean ere beste irtenbiderik ez dago askotan eta drogara pasatzen da pertsona asko. Jendea ez da drogatzen nahi duelako, ez da horrela; jendeak ez du beste irtenbiderik ikusten eta hor erortzen dira. Goikoen eta behekoen arteko borrokaren baitan gertatzen da hau», salatu du Bengok.

Berak eta bere ingurukoek ere giro ilunean ibiltzearen etiketa eraman izan dute: «Aurreiritzi horietatik juzgatu izan gaituzte, gure itxuragatik eta abar. Zorionez hori ez da beti horrela izan eta beste batzuk ongi hartu gaituzte bai gu eta baita egiten duguna ere. Ikusi dute aldaketa baten beharra genuela gazteok eta hori aldatzen ari dela. Hartara geroz eta onartuago dago egiten dugun hori. Bide batez, ikusarazi nahi dugu baita ere irtenbide asko dagoela gazteentzat», aipatu du Bengok. Azkenean, musika edota dantza bezala, beste edozein pasiok ere ekidin baitezake zuloan erortzea.

‘Denbora’ kantuarekin ixten du Bengok ‘4 Taupada’ albuma. Hura izan zen aurkeztu zigun lehen aurrerapen abestia eta bideoa The Krow Filmsekin egin du. «Hamabi urte genituela ezagutu genuen elkar Ibon ‘Anbolo’ eta biok. Biak hala biak break dantzariak ginen. Halako batean musika egiten ari nintzela esan nion eta hark nahi nuenean bideoa egingo zidala esan zidan. Modu naturalean sortutako zerbait izan da», aipatu digu oiartzuarrak. Trap iruditeria pixka bat lantzen du bideoak, «baina broma moduan edo izan den zerbait da. Kezkak albora uzteaz ari naiz hizketan hor eta hori irudikatu nahi izan dut, ez besterik», esan du Bengok.

Haize freskoa
Pop-rock estiloko kantak sortu dituela esan genezake, baina abesteko modua rap melodiko batean oinarritzen dela esan genezake. Kantuek freskotasuna dute eta erraz entzuteko modukoak dira, ez dute genero propiorik eta ez dira rap edota hip-hopean oso ohikoak halako abestiak. «Ahotsa lantzen saiatu naiz dezente, nire estilo propioa-edo bilatu nahian. Oinarriak, berriz, bai direla poperoagoak», dio Bengok.

«Oiartzungo ohiko iruditeriatik ihesten duen gazteria egon badagoela ikusarazteaz gainera, herriko gazteek gauza berriagoak euskaraz egiten ari gara: skatea, parkourra, brakinga… Aurreiritzi asko zegoen egiten genuenaren inguruan eta beti jarduera hauek erdal munduarekin lotu izan dira. Guk hori euskaraz egin daitekeela, euskaratik eta euskaraz sortu eta hedatu daitekeela, erakutsi nahi izan dugu», nabarmendu du Bengok.

Bengo irakaslea da Barakaldon eta ikasleren batek edo bestek bere musika entzuten duela badaki. Berak, ordea, batez ere Euskal Herritik kanpoko erreferentziak entzun izan ditu: «2Pac, Cipress Hill edota Notorious BIG bezalako artistak entzun ditut nik. Hortik aurrera Espainiar estatuko rap abeslariak dira entzun izan ditudanak batez ere. Gure musikan, Euskal Herrikoan, rock erradikala delakoa da asko entzun dudana, eskorbuto eta antzerakoak. Musika arima kanpora ateratzeko modua dela iruditzen zaidalako eta garai hartako musika arimatik egindakoa dela uste dudalako. Hori da erakartzen nauena», egin du azpimarra Oiartzungo artistak.

Orain arte zuzeneko batzuk eman baditu ere aukera berriak izateko irrikaz dago Bengo, eta horretarako jasotzen dituen dei guztiak ongietorriak izango dira. Horiek etorri bitartean, plataforma digitaletan entzun beharko dugu oiartzuarren musika, izan ere ‘4 Taupada’ euskarri fisikoan kaleratzeko asmorik ez dauka Bengok: «Lehen lan serioa zen niretzat eta euskaraz egindakoa da. Hizkuntzaren aldetik ez dut izan arazorik sekula eta hiru hizkuntzatan idatzi ditut kantuak, baina orain euskaraz egin nahi izan dut. Forma eman eta txukun gordeta edukitzeko sortu da albuma, ez du beste intentziorik eta horregatik ez dut euskarri fisikoan kaleratuko». Hartara, momentuz, sarean daukagunarekin gozatu beharko dugu.

Jaurlaritza Logoa