En direct
Aurretik Hotzikara eta Izeberg taldeetan ibilitako musikariak batu eta Mihise sortzea erabaki zuten Antton Aranburuk, Mikel Olasagastik eta Beñat Urteagak.
Erritmo aldaketa eta intentsitate aldaketekin osatutako kantuak dira 'Kronik@' diskoan biltzen direnak. «Sentsazioekin jokatu dago, ez dira egitura konkretuko kantuak. Orain gora, orain behera, orain indar gehiago orain zabalago… DJ baten sesio batekin alderagarria izan daiteke gure diskoa», aipatu digu Urteagak. «Ni deseatzen nago 'aditu' bat etorri eta kokatu dezan gure musika» esan digu ironiaz Aranburuk.
«Lasaitasun batean sortzen diren kezken inguruan hitz egin nahi izan dugu kantuetan. Konformistak garela eta inertziei jarraika goazela uste dut askotan, eta geratu eta gauzen inguruan hausnartzea ere beharrezkoa da» kontatu digu Urteagak. Aranburuk gaineratu du azken kantuan idatzitako esaldi bat «hau ere biziraun dugu» eta konfinamenduan idatzitakoaz askotan gogoratu dela esan digu.
Diskoa aurkezteko bira bat lotu bazuten ere eta bertan behera geratu zaizkien arren «orain kaleratzeko apustua» egin dute Mihise taldekoek. «Bageneukan irailean edo urrian kaleratzea, baina ikusita askok bide hori hartu dutela eta 'dinosauroek' gauza bera egiteko asmoa izaten dutela, nahiago izan dugu orain kaleratu» nabarmendu du Aranburuk.
Diskoaren diseinua artisau eran eginikoa da. «Azala Mikelek egindakoa da, barruko irudia mihise batean eginiko koadro batena da eta eskuz idatzitakoa Beñatek egin zuen. Nik guztia 'photoshop' bidez tutorial batzuk ikusita muntatu nuen. Ikasi dugu diseinatzaile batek ondo irabazia duela bere soldata» azpimarratu du Aranburuk.
'Balio dute' zigilupean atera dute beren lana. Lagun talde baten inguruan sortutako zigilua dela aipatu digute, Unai Pelaio 'Pelaxek' bultzada handia emandakoa.
Sare sozialetan 'Mihiserableak' bezala topatu daitezke. «Mihise hitzarekin bilaketak eginez gero, bestelako produktuak aurkitu daitezke, batez ere oheko arropak. Hartara, gure 'WhatsApp' taldeari izena ematen dion hitz joko hori baliatu dugu sare sozialetarako, errazago aurki gaitzaten».
Ekainaren 26an aurkezpen kontzertua emango dute DOKAn, iluntzeko zortzietan; eta uztailaren 2an Usurbilgo kiroldegian Ezpalak taldearekin batera emango dute bigarren kontzertua. DOKArako sarrerak agortuta daude eta, Usurbilgo kontzertuaren kasuan, herritarrek bakarrik eskuratu ditzakete sarrerak.
Diskoa sareetan entzuteko moduan jarri duten arren, fisikoki 'Balio dute' zigiluaren webgunean erosteko aukera eman dute. Eta ez daude kopia gehiegi, 300 CD eta 100 binilo, «gaur egun ez direlako gehiegi saltzen». Hartara, kopia bat nahi dutenek azkar ibili beharko dute. Guk, digitalean entzuteko aukera emango dizuegu.