En direct

Iker GURRUTXAGA

Etorkizunari itxaropentsu heltzeko gogoz itzuli da 'EraBatera' taldea

Talde bizkaitarra den arren, lapurtar bat dute abeslari 'EraBatera' taldekoek: Jurgi Ekiza. Taldearen kantu eta bideoklip berrien inguruan hitz egiteko eta bakarka egin dituen azken lanak kontatzeko gonbidatu dugu MusikHaria saiora. Positibo izatera bultzatzen duen diskurtsoa ekarri du, gainera, musikari baionarrak.

Audio_placeholder

Etorkizunari itxaropentsu heltzeko gogoz itzuli da 'EraBatera' taldea

Loading player...
Geldirik egotea kostatzen zaion artista da Jurgi Ekiza.
Geldirik egotea kostatzen zaion artista da Jurgi Ekiza.

Aitzakia bikoitza geneukan Jurgi Ekiza (Baiona, 1980) MusikHaria saiora gonbidatzeko. 'EraBatera' taldearekin kantu berria, 'Amets egin', plazaratu berri dute, eta, momentuz, harrera ona edukitzen ari da kantua. «Hurrengo diskoa oraindik ez dakigu non eta nola grabatuko dugun, izan ere, nik momentuz ezin dut muga pasa. Anbotoren magalean dugun lokalean, artisau eran, grabatu nahi genuke baina ezin jakin. Singlearen grabaketak, esaterako, etxean egin ditut. Beste gauza bat izan da, interesgarria», aipatu digu Ekizak.

Kantuak aurrera begiratzearen ideia jasotzen du. «Diskoa egin ala ez zalantzak egon dira, jakina, baina aurrera ez badugu egiten, ez genuke diskorik egingo. Ez dakigu kontzerturik emateko aukera izango dugun ala ez, baina ezin dugu etsituta egon. Gauzak hobetuko direla sinistu eta diskoa zuzenean defendatuko dugula pentsatu behar dugu», kontatu du lapurtarrak.

Martxoan aurreko diskoko 'Oinak abestiaren' kantuarekin bideoklipa kaleratu zuten. «Bideo horren ideia aspalditik genuen, eta Gaizkak denbora zuenez, urte hasieran landu zen. Konfinamendua etorri zen eta kaleratu egin genuen. Guztiok genuen etxean gakotuta egotearen kezka eta horrek besteen miseriak ahaztea ekarri dezake. Bideoarekin erakutsi nahi izan genuen beste batzuek ez zutela etxerik ere eta birusarekin bizi behar zutela berdin-berdin», azpimarratu du Ekizak.

Bestalde, Jurgi Ekizak konfinamendu ondorengo munduari 'Bihar' izeneko kantua egin dio. «Nolakoa izango den, zer egin dezakegun aldatzeko… Horretarako 60 intelektual batu dira eta manifestu bateratu bat egin dute 'Alternatiba' elkartearen izenean. Tartean, Txetx Etxeberri zegoen, mugimendu askoren militantea izan dena, tartean 'Bizi' mugimenduarena. Hark testua 'Alternatiba' elkartekoei bidaltzeaz gainera, euskaraz publikatzeko nahia zuen liburuxka batean. Baina nahikoa ez eta kantua egiteko eskatu zidan. Testua irakurri, modu poetikoago batera jaso eta horrela egin nuen» adierazi digu Ekizak.

Biharrari begira itxaropentsu baina aldaketak eginaz dago, beraz, Ekiza. 'EraBatera' taldekoekin diskoaren aurrerapena iragarri duen honetan, zain egon beharko dugu. Bizipozari kantatzeko asmoa dutela, hori behintzat badakigu. Ea zer dakarren udazkenak.

Jaurlaritza Logoa