En direct

Iker GURRUTXAGA

Euskadiko Orkestra Sinfonikoa edo kantuen atelierra

Kantu batzuk ederrak badira berez, Euskadiko Orkestra Sinfonikoaren eskuetatik pasatzean are ederrago bilakatzen dira. Azken emaitza Izaro Andresekin egin duten elkarlana izan da, beste behin, zoragarria. Elkarlan horietan guztietan izan den biolin-jotzailea etorri da Musikharia saiora, Itziar Prieto.

Audio_placeholder

Euskadiko Orkestra Sinfonikoa edo kantuen atelierra

Loading player...
Izaroren elkarlanean ere biolinarekin izan da EOSeko Itziar Prieto.
Izaroren elkarlanean ere biolinarekin izan da EOSeko Itziar Prieto.

Ordu asko etxean, umetatik, ikusten ez den lana egiten. Sakrifizoak, ordea, izaten du bere loria-unea ere. Nahiz eta askotan ez iritsi publiko zabalera, nahi dutenean hori ere lortzen badakitelako Euskadiko Orkestra Sinfonikoko kideek ere.

Benito Lertxundirekin hasi zuten bidean, oraingoan, Izaro Andres izan dute bidaide eta hiru kantu moldatu eta kaleratu dituzte egunotan. Itziar Prieto biolin-jotzailea 1997an, Benito Lertxundiren 'Ahuen sinfonikoa' grabatzerako, sartu zen Euskadiko Orkestra Sinfonikoan. «Gure errutinatik irteten gara horrelako proiektuekin» kontatu digu Prietok. Izan ere, oso metodikoak dira orkestratako musikariak.

Prietok aipatu digunez, «horrelako fusioak egiten direnean eta euskal musikarekin batez ere, beste publiko batengana iristen» dira eta emaitzarekin jendeak izaten duen harrerak asebetetzen ditu. «Gu ere hunkitzen gara eta halako artistekin lan egite oso aberasgarria da orkestrarentzat», gaineratu du Prietok.

Izaro Andresekin egindako hiru abestiak, 2019ko azaroan grabatu zituzten eta haren inguruko lanaz galdetuta zera esan digu Prietok: «Zuzendariak bai sekulako esfortzua egin behar duela moldaketak-eta egiten. Musikariontzako, ordea, egun bertan izaten da lana, beste parametro batzuetan ari garelako lanean».

Emozioaz hitz egin digu Prietok eta hura kontrolatzea izaten dela lan garrantzitsuenetako bat nabarmendu. «Abestiak ezagutzen ditugunon artean beste emozio batzuk sentitzen ditugu artista harrekin egotean, eta momentuan transmititzeko aukera ematen digute halako elkarlanek» kontatu du biolin-jotzaileak.

Ia 25 urte darama Euskadiko Orkestra Sinfonikoan eta elkarlanak egin dituzten artista guztiekin aritua da, gainera. Aipatu digunez «oso profesionalak dira guztiak» eta harrituta geratzen da «lanean zeinen ongi moldatzen diren ikusita».

Beren jardunaz galdetuta, «jendaurrean jotzeko desiatzen» daudela esan digu Prietok, streaming bidez bada ere. Baina, aldi berean, nabarmendu du «musika sinfonikoak ere euskal musika zabaltzen laguntzen duela».

Orain arte egin dituzten lanetan behintzat, emaitza dotoreak utzi dituzte. Jostun onenak dituzten atelierretan bezala harilkatu dutelako kantu bakoitza. Eta azken hauek ez dira salbuespena izan.

Jaurlaritza Logoa