En direct
«Gaur adibidez txakur bat paseatzera ateratzeko deitu digute»
Zumaian auzolanean sortu den laguntza sarea Euskal Herrian sortu den lehenengoetariko bat izan da. Orain martxan jarraitzen du 55 bolondres ingururekin, eta konfinamendua ezarri zenetik 120 enkargu inguru egin dituzte. Manex Azkue laguntza sare horretako kidea da eta Naiz Irratiko Informazioaren Harian azaldu du nola funtzionatzen duten
«Gaur adibidez txakur bat paseatzera ateratzeko deitu digute»
Konfinamenduan gauden honetan, zer da zehazki Zumaian sortu duzuena?
Printzipioz enkarguak eta erosketak egiteko sortu den sarea da. Adinekoei edo gaixotasun kronikoak dituztenei erosketekin laguntzeko sortu da, baina bestelako enkarguei ere ez diegu ezetz esaten, zaborra botatzen laguntzeari adibidez. Beste gauza batzuk ere eskatzen dizkigute ordea, gaur adibidez txakur bat paseatzera ateratzeko deitu digute.
Zenbat lagun bildu zarete laguntza sare horretan?
Oraintxe bertan 55 bat gazte gaude. Hasieran gehiago bildu ginen, baina konfinamendu egoera zorrozteak eta beste behar batzuen ondorioz jende bat deskolgatu egin da. Baina oso gustura ari gara, ez dugu batere kexarik.
Zumaiako laguntza sareak zein motatako laguntzak ematen ditu?
Nagusiki erosketekin laguntzen die egoera zaurgarrian dauden herritarrei. Askotan aste osoko erosketak izan ohi dira, beste batzuetan aldiz medikamentuak erostera joateko enkarguak. Jendeak deitzeko ohitura hartu du behintzat eta martxan jarri genuenetik 120 ekargu inguru burutu ditugu.
Zumaiako harrera sarea lehenengotakoa izan zen sortzen. Nola etorri zen ideia hori?
Udaletxearen eta gaztetxeak elkarlanean sortutakoa da. Udalak zituen baliabideak jarri zituen gure eskura hasiera hasieratik, korreo elektroniko bat eta telefono mugikor bat gaztetxeko bolondresek erabil dezagun. Telefono horretara deitzen dute erabiltzaileek eta bestelako harremanak korreo elektroniko bidez izaten ditugu.
Erabiltzaile batek zer egin behar du zahazki zerbitzua baliatu nahi badu?
Lehenbizi horretarako ahalbidetu dugun telefonora deitu, eta horrela harrera sareko kide batekin jarriko da harremanetan. Hor erabiltzaileari galdetuko zaio ea zer moduz dagoen, zer behar duen eta batez ere non bizi den. Herriari eskaintzen diogun harrera sarean bi gune bereizi ditugu herrian, eta alde batean edo bestean bizi arduradun bat edo bestea arduratuko da erosketak edo enkarguak egiteaz. Honen helburua zerbitzua ematen duen bolondresak ere kalean ahalik eta denbora gutxien pasatzea da.
Funtzionatzeko darabilgun protokoloak zehazten duenez, lehen pausoa adineko pertsona edo egoera zaurgarrian dagoen horrekin zerbitzua zehaztea izango litzateke. Boluntarioaren kasuan, lehenengo pausoa eskuak ondo garbitzea izango liztateke. Ondoren udaltzaingoarena joan eta bertan eskularruak, bestelako babes neurriak eta batez ere, bolondresa lanean ari dela ziurtatzen duen identifikazio txartela hartzeko. Egiten den erosketa txartelarekin ordaintzen da esku-diru bidez kutsatzea ekiditeko, eta boluntarioa adinekoaren etxe azpira iristean berriro deitzen zaio erabiltzaileari atea ireki dezan. Momentu guztian ekiditen da erabiltzailearen eta bolondresaren arteko kontaktu fisiko eta bisuala. Ate kanpoan uzten zaio enkargua eta horren ostean, berriro deitzen zaio erabiltzaileari jakinarazteko enkargua etxeko ate kanpoan duela.
Egoera orokorrari erreperatuta, zer moduz egoera Zumaian?
Nahiko ona da egoera. Jendea errespetatzen ari da konfinamendua. Erosketak egiteko edo baimenduta dauden gauzak egiteko soilik ateratzen da jendea kalera. Nik uste beste leku batzuetan baino hobeto ari dela betetzen konfinamendua Zumaian.
Aurrera begira, nola ikusten duzue zeuren burua?
Orain gauden 55 lagunekin ondo erantzuten diogu dagoen eskariari. Erabiltzaileak ere errepikatzen ari dira eta badirudi laguntza sarearen erabilera zabaltzen ari dela herritarren artean. Ikusiko dugu aurrera begira zer gertatzen den.