IRRATIA

Villabonan egin du azken aurreko geldialdia Kosta ala kosta saioak

Santio jaiak hastear dira Villabona-Amasan eta bertako herritarrekin izan gara hitz eta pitz. Elkarte asko eta boluntario sare zabala dutela ikasi dugu bertan.

Oinkari taldeko sorreratik gaurdaino gauzak asko aldatu direla kontatu digute Kosta ala kostan. (NAIZ IRRATIA)

Arakatzaile honek ez du audio elementua onartzen.


Oinkari dantza taldeak 50 urte betetzen ditu aurten eta belaunaldien arteko lotura handia dela sumatu dugu haiekin izan dugun hizketaldian. Azaroaren 20an beteko da sortu zuteneko urteurrena eta 21ean ekitaldi berezia dute prestatuta Oinkarikoek.

Sharijai elkarteko Yerai Gasconekin izan gara geroxeago, elkarteak egiten duen lanaz eta Aljibean izaten den giroaz mintzatu zaigu musikari villabonatarra. Irrintzi txirrindulari elkarteak urtero moduan garagardo azoka egin du aurten ere eta arrakastatsua izan da Anne Abaigar elkarteko lehendakariak kontatu digunez.

Bukatzeko, Oihana Iguaran izan da gurean. Iguaranek Oinkarin dantza egin duela urte luzez kontatu digu, nahiz eta gaurkoan Jakin aldizkariko kide eta bertsolari moduan gonbidatu dugun. Horretaz, amatasunaz eta artzain batekin familia osatu eta udan sortzen den bizimoduaz aritu gara hizketan. Goxo, gainera.

Lakuntzan bukatuko dugu aurtengo Euskal Herriko bira Kosta ala kosta saioan. Ohikoa baino beranduxeago, 11:00etatik 13:00etara. Hatortxu Rocken barruko sekretutxo batzuk azaleratzeko ahalegina egingo dugu bertan.