Zuzenean

Bai atzo eta bai gaur kresal usaina dario Kosta ala kosta saioari. Eta kostako gatz hori Mutriko portutik gora ekarri dute Felitxu eta Mari Josek. ’Piztu telebista’ saioan egin ziren ezagun eta hizlari apartak direla argi geratu zaigu gaurkoan ere. Hirune falta izan da, eztei bidaian dagoelako. Ezkontzaz, herriko festez, arrantza munduaz… denetarik kontatu digute bi emakumeek.
Ainhize Azpiazu alkateak «hauen atzetik zer daukat bada nik esateko orain?», esan digu gure mikrofonora gerturatzen ari zela. Txistulari moduan aritzen da festetan eta gaur eguerdikoa momentu polita izaten da Azpiazurentzat. Alkate ikuspegitik baino, herritarraren tokitik aritu gara harekin hizketan.
Aitzol Urkiza musikaria ere gerturatu zaigu gurera, nahiz eta bart txosnagunean soinu teknikari lanetan berandu samar arte ibili. Dei eta Saia Goait proiektuetan dabilen arren, MRK Mutrikuko Rock Kolektiboaren kide bezala etorri zaigu, kolektiboaren izaera eta egiten duten lanaz hitz egitera.
Bukatzeko, Mutrikuko Erraldoien Taldeko kideak ere batu dira gurera. Munduan gehien bidaiatu duen Euskal Herriko erraldoia uste dugu dela Akerbeltz, inork kontrakorik esan ezean. Izan ere, Veneziako biurtekoan izan zen iaz, erakusketa baten parte izan zen beste hainbat tokitako erraldoiekin batera. Horren bidaiaz eta konpartsak egiten duen lanaz aritu gara.
Bihar Villabonan izango gara, bestelako kontuekin, baina han ere Santio egunaren atarian, txupinazoa bota aurreko orduak ea nola bizi dituzten herritarrek.


