«Hatza jarri beharrean Estatu konkretu baten gainean, leku konkretuen gainean jarri behar da»
«Europako ur gezatako biodibertsitatea berreskuratzeko prozesua eten egin da». Titular handia da UPV/EHUko Ibai Ekologia taldeak parte hartu duen ikerketatik atera dena. Tilutalarrek, ordea, maiz eskatzen dute irakurketa xehatuago bat, helburu horrekin gonbidatu dugu Larrañagak NAIZ irratira.
Arakatzaile honek ez du audio elementua onartzen.
Europako 22 herrialdetako ibai-sistemetan 1969-2020 bitartean bildutako datuetan oinarritutako ikerketa bat argitaratu dute Nature aldizkarian eta ondorioa argia da: Europako ibaietako biodibertsitatearen leheneratzea eten egin da. Azalpenak argi-ilunak azaleratu ditzakeelako, Gelditu Makinak saiora gonbidatu dugu Aitor Larrañaga Ibai Ekologia taldeko kidea.
Industria garaitik hona ingurumena babesteko neurri gehiago hartzen dira. Nola uler daiteke ibaietako biodibertsitatearen leheneratzea etetea?
Lanaren justifikazioa izan da, beste hainbat ekosistemetan bezala, ibaiek gogor pairatzen dituztela gizakiaren kutsadura eta ustiatze ekintzen ondorioak. Hala ere, ez zegoen kontinente osoan ibaietako biodibertsitateetan izandako bilakaeraren berri ematen zuen ikerketarik. Lehorreko intesektuetan galera izugarria dela frogatua dago eta ur gezetan ere hala izan ote den ikusi nahi genuen.
Zergatik ikertu dituzue ibaiak? ur geza izateak badu eraginik?
Epe luzeko jarraipenak dauzkan sistema bakarrenetakoa da ibaia, alegia, ibaiena da epe luzeko bilakaerari buruz dugun informazio ekologiko detailatuena. Urtero eta behin baino gehiagotan ikertzen eta lagintzen dira tokian tokiko ordenantzek hala eskatzen dutelako, beraz, informazio asko dago bilduta. Informazio hori jaso, homogeneizatu eta modu ulergarrian tratatu dugu kontinente mailan.
Biodibertsitatea aztertzeko zeri begiratu diozue?
Ornogabeen gaineko lan bat da, nahiz eta beste laginketa ugari egon. Ornogabeetan zentratutako laginketa eta identifikazioa egin dugu, besteak beste, espezie mailan, genero mailan eta famili mailan. Horiek ziren minimoak.
Gure hipotesia zen errekuperazio bat ikusiko genuela ez direlako ikusten garai bateko erreka eta ibai zikin horiek: apardunak, kolore ezberdinak… 1990 inguruan hasitako laginak erabili ditugu Euskal Herrian eta bagenekien hobekuntza bat ikusiko genuela. Baina, hobekuntza hori noiz izan den, nolakoa izan den, noiz izan den azkarragoa, noiz mantsoagoa, noiz egin duen behera, etab. Lan deskriptibo bat egitea zen helburua oinarri bat ezartzeko. Nolabait esateko, Europako sareei esker, dagoen informazio “guztia” daukagu. Kontua da lekutik lekura laginketak asko aldatzen direla. EAEn muturreko laginketa daukagu, mundu mailan oso leku gutxitan egiten den bezalako laginketa-programa dago eta, aldiz, beste batzuetan, minimoak betetzeko modukoak soilik egiten dituzte. Horregatik, datuen kalitatearen ikuspuntutik zehaztu dira ikerketa-lekuak.
Nolakoa da Europako ibaien egoera?
Edonon daude oso kutsatutako eremuak eta ikusten da badagoela lana egiteko. Errekuperatze bat egon da, baina, oraindik, puntu beltzak Europa osoan sakabanatuta ikusten dira. Ondorio orokorra da hatza jarri beharrean estatu edo eremu konkretu baten gainean, jarri behar dela leku konkretuen gainean eta, guk ere, Euskal Herrian baditugu puntu batzuk non lan gehixeago egin behar den.
90 hamarkadan hobekuntza handia izan zen. Ondoren, kolpetik hartu zuen beheranzko joera. Zergatik?
Hasieran, izugarrizko hobekuntzak daude; egia da hasieran ditugula ibai kutsatuenak eta hor dagoela hobekuntzarako aukera gehien. Kezkagarriena da, 2010etik aurrera-edo, hobekuntza tasa 0an geratzen dela. Hori zer da, okerrera egin duela? ez, hori da hobetzea gelditu egin dela; urtetik urtera balio hobeak eta dibertsitate handiagoak lortzeko tendentzia hori apurtu egiten dela eta kolpera gelditu.
Laburbilduz, azken hiru hamarkadetan hobera egin du biodibertsitateak, baina 2010etik hobekuntza geldik dago. Zer pentsatua ematen du horrek.
Hori zergatik gertatzen da? jada ez dagoelako gehiago hobetzerik edo aspektu batzuetan atzera egin delako?
Leku batzuk asko hobetu dira eta gero eta gutxiago dago hobetzeko, baina, era berean, ditugun puntu beltzak nahiko kutsatuta daude eta hor badago lana. Egia da, bestalde, lan asko egin dela uraren kalitatea hobetzeko araztegiak eraikitzeko planteamenduarekin, baina lan dezente dagoela oraindik, adibidez, ibaiko dibertsitatearentzako garrantzitsuak diren kontuetan.
Basoetan lan gutxi egin da eta bere kasa garatzen utzi zaio, ulertu baitzen basoak interesgarriak direla ibaiaren ikuspegitik ere. Ugaritze horretan, ordea, etengabe ikusten ditugu espezie exotikoak, platanondoa adibidez. Ibai ertzeetan izugarri ondo bizi da eta altza agertu beharko lukeen eremuetan gain hartzen du. Edo banbua. Izugarrizko baso hertsiak sortzen ditu eta beste espezieak kanporatzen ditu. Jakina, platanondoaren eta banbuaren orbela alderatzen badugu altzarenarekin, bada, oso kalitate eskasekoa da. Beraz, zomorroek dituzten errekurtsoak, izango duten ugaritasuna eta horietatik arrainek hartuko duten energia asko jaisten da. Lan gutxi egin da horretan.
Lan egiten ari den aspektu bat da, jarraitu xamar gainera, ibaietako habitataren kudeaketan; adibidez, barrerak kentzen. Horrek hobekuntzak sortzen ditu. Horiez gain badaude erreka txikietan, batik bat, leheneratzeko beste metodo batzuk egur pilaketen bidez habitat gehiago sortzeko, espezie gehiago erakartzeko, ugaritasunak emendatzeko eta naturalekoak bilakatzeko.
Beraz, araztegiak behar-beharrezkoak ziren eta jarraitzen dute izaten, eta badago hobekuntzarako aukera, baina, badaude bigunagoak diren lerroetan hobekuntzak sortzeko aukerak.
Ibai ekosistemak kaltetzen dituzten presio berri eta iraunkorrak daudela diozue ikerketan eta, berriketan ari garen honetan, aipatu dituzunetako bi izan dira baso kudeaketa eta ibaietako oztopoak. Bada besterik?
Baso politika eta ibaietako oztopoak, dudarik gabe, hor daude, oso garrantzitsuak dira eta kudeatzaileek modu serioago batean hartu beharreko kontuak dira, besteak beste badaudelako horien eragina lehuntzeko moduak. Badaude moduak etekin ekonomikoa atera eta sistema naturalak, kasu honetan, ibaiak, ahalik eta egoera naturalenean mantentzeko moduak.
Era berean, gaur egun daukagun beste kezka bat izugarrizko garrantzia hartzen ari dena da mantenugaiak ez diren eta ikertzeko zailagoak diren sustantzien eragina zein den aztertzea: farmakoak, pestizidak, industriak sortutako konposatu berriak… horietako asko eta asko kontzentrazio baxuetan isurtzen dira, printzipioz, kontzentrazio horietan, eragin txikia dutela ematen du, baina koktel nahiko konplikatuak sortzen dira ez direlako sustantzia bat edo bi, edozein lekutan zerrenda oso luzeak aurkitzen ditugu eta, oraingoz, ez dakigu zenbateko eragina izan dezakeen izaki bizidunetan.
Jakina, aipatu ditudan presioak dira gizakiak kudeatu ditzakeenak eskala lokal batean.