Zuzenean
Sare elektrikoa elektrizitatea garraiatzeko kableak baino gehiago da eta lurralde antolaketa bati erantzuten dio eta, era berean, egungo dinamikara egokitzeak baditu zenbait erronka. Ikus dezagun, beraz, zertan den sarearen egitura zentralista, energia berriztagarrien balizko produkzio areagotzeari erantzuteko moduan ote den, saretik isolatzeak zer eragin duen edo autokontsumoak zer lotura duen deszentralizazioarekin. Honetaz guztiaz hitz egiteko gonbidatu ditugu gurera Haritza Camblong Sistemen Ingeniaritza eta Automatikan Doktorea eta Garazi Etxegarai, arlo bereko doktoregaia.
Nolakoa da egungo sare elektrikoa?
H.C: Egungoa jada hasi da aldatzen. Sare tradizionala ekoizpen gune handiz osatzen zen eta zentzu bakarrekoa zen: energia sortu eta norantza zen subestazioetara, banaketa sarera eta kontsumitzaileengana. Hor, bi aldagai erregulatu edo kontrolatu behar izan dira beti, oso garrantzitsuak: bata, maiztasuna 50 hz-tan. Horretarako, behar da globalki sarean uneoro sortzen den potentzia aktiboa eta kontsumitzen dena berdina izatea. Bestea, tentsioa 250V. Modu lokalagoan egiten da subestazioetan eta potentzia erreaktiboaren bidez, eremu gagnetikoak sortzeko behar den potentzia da erreaktiboa.
Zer aldaketa ari dira ematen sarean?
H.C: Alde batetik, berriztagarrien garapen handia. Sorkuntza zentral termiko handietatik deszentralizatzen ari da. Beste Alde batetik, elektronika potentzialean egindako aurreapenek ahalbidetu dute sarea hobeto kontrolatzea. Merkatuaren liberalizazioak ere eragina izan du sarearen kudeaketan. Horrez gain, banaketa sarearen norantza malgutu da, hau da, sorkuntza handiegia bada banaketa sare batean dauden kontsumitzaileentzat, atzeraka doa eta hori berria da. Lehen babesak pentsatuta zeuden korrontea norantza bakarrean joateko eta orain, bai korrontea eta bai informazioa bi zentzuetan doa. Horri lotuta, kontagailu adimentsuak agertu dira.
Bestalde, energia berriztagarriena faktore garrantzitsua da. Gero eta gehiago eta, asko, aldakorrak diren neurrian, ez dute zentral termikoak kontrolatzeko besteko ahalmena eta, orain arte, produkzioa aldatzen zen kontsumoa aldatzen zen neurrian. Orain, ordea, saiatzen ari dira kontsumoa ere egokitzen produkzioari. Askoz ere sistema konplexuagoa bihurtzen ari da, askoz malguagoa eta, beraz, hainbat faktore kontuan hartuz erabilera optimizatu dezakeena. Bide beretik, adimen artifiziala ere aztergai da funtzionamendua optimizatzeko.
Sare elektrikoari aurreikusten zaizkion erronka nagusiak digitalizazioa eta deskarbonizazioa dira.
Energia berriztagarri askoren ezaugarria da energia erauzketa ez dela konstantea. Egungo sarea berriztagarrien ekoizpen handiagoa sustengatzeko modukoa da?
H.C: Duela hainbat urte aipatzen zen sarea ez zegoela prest eolikoaren % 20tik gorako integraziorako. Egun, integrazio handiagoa ere posible da, sarea egokitzen baitoa. Baina, dena berriztagarria izateko, seguraski, gehiago eragin beharko da kontsumoan, bateria (ez zertan elektriko) gehiago instalatu beharko dira; une batean, beharrezkoa den baino sorgailu gehiago instalatu beharko dira sorkuntza ziurtatzeko eta sare elektrikoa indartu beharko da.
Dena den, nik sinesten dut energiaren arazoaren lehen konponbidea dela gutxiago kontsumitzea. Bigarrena, lokalki kontsumitzea, hirugarrenik, energia berriztagarrien ekoizpen gehiago eta azkenik eta ziurrenik, beharrezkoak izango dira zentral handiagoak.
Aurrerapenen artean adimen artifizialaren txertatzea ere aurreikusten da.
G.E: Energia berriztagarriek ziurgabetasun maila handiagoa dute erregai fosilekin alderatuz. Adimen artifizialak eman dezakeen abantaila bat da aldez aurretik izatea ondorengo egunetako ekoizpenaren irudi bat eta, ondorioz, erabaki logikoago bat hartu ahal izatea martxan jarri behar diren zentralei edo kontsumoari dagokionez.
Energia metatzeko bateria ez zertan elektrikoez gain, karga malguen ekarpena aipatu izan duzue. Zer dira karga malguak?
G.E: Karga malguak dira egunerokoan kontsumitzen duten gailuak eta energia metatzeko ahalmen txiki bat dutenak energia transferentzia bidez. Adibidez, ur-tankeak, tenperaturari eutsi baitiezaioke periodo batez. Karga malguek, batez ere, autokontsumo lokalean eragin handia dute aprobetxamenduaren optimizazioari begira, saretik gutxiago kontsumitzen laguntzen baitute.
Auto elektrikoak ere esangoratsuak dira. Bateria bat dutenez, unerik aproposenean kargatzeko aukera dago, alegia, kontsumoa programatzekoa.
EKATE eta EKATE+ programak jarri dituzue martxan.
H.C: EKATE 2020tik 2023ra gauzatu genuen testuinguru legislatibo zehatzean. Autokontsumoa arautzen da, alegia, norberak ekoizten badu energia, kontsumitu dezake bere etxean. Aldiz, gehiegi produzitzen bada sarera doa eta kontsumoa handiagoa bada, saretik hartzen da.
Hala ere, autokontsumitzailearen interesa da kontsumitzea produzitzen den bezainbat.
G.E: EKATE+ Horren segida da. Proiektu piloto desberdinak ditugu, tartean, karga malguak. Unibertsitatean, esaterako, aztertzen ari gara nola erabili daitekeen aire girotua karga malgu bezala. Bestalde, adimen artifizialarekin lokalki ekoizten dena aurreikusten aritu gara eta aurreikuspen horien arabera karga malgu horiekin nola jokatu genezakeen. Aplikagarritasuna dela eta, pentsatzen ari gara beste karga malgu mota batzuk aztertzea industrian aplikatzeko.
Sareak errazten du autokontsumorako aukera?
H.C: Autokontsumoa izugarrizko aurrerapena izan da. Duela urte batzuk, ikerketa mailan, mikrosareekin egiten genuen lan saretik oso urrun dauden komunitateetan sarea propioa egon dadin. Hemen ere, ekoizpenak eta kontsumoak bat etorri behar dute eta teknikoki posible da baina oso garestia da. Aldiz, autokontsumoak ez du baldintza hori eta oso interesgarria da mikrosareen ezaugarri batzuk dituelako (lokalki ekoitzi eta kontsumitzea) baina saretik deskonektatzeko beharrik gabe.
Deszentralizazioan lekua izan dezake autokontsumo mota desberdinak izatea?
G.E: Autokontsumoa eta deszentralizazioa eskutik doaz. Gainera, autokontsumoa izan daiteke partikularra edo kolektiboa eta legediak jasotzen ditu zenbait aukera. Egungo testuingurua aintzat hartuta, iturri berriztagarriak integratzeko modu ona da.
Beraz, zein dira autokontsumorako erronkak?
H.C: Sareak egin behar duen aurrerapen nagusia da bi noranzko horien integrazioa barneratzea. Hirietan konplikatua da autokontsumoa egitea, bloke osoa ados jarri behar delako, adibidez. Pena da, zeren, merkeagoa ere bada. Horrez gain, metatze sistema onak instalatu behar dira, etxetik kanpo lan egiten den kasuetan, energia ekoizten baita kontsumorik ez dagoenean.
Zentzu horretan, bada kontzeptu bat autokontsumoa baino berriagoa dena eta lagun dezakeena autokontsumoa zabaltzen: energia komunitateak. Gaia arlo teknikotik ez ezik, ikuspegi sozialetik lantzen du eta horrek erraz dezake autokontsumoa hirietara ere hedatzea.