Zuzenean
Euskal Herrian baditugu hainbat Baso-Eskola, EHUk antolatutako «baso-eskola eta hezkuntza ekosoziala» jardunaldian mahai ingurua izan zen Zaldibiako Lardizabal Eskola, Alkizako Herri Eskola eta Aizarnazabaleko Basakaitz Eskolaren artean eta mahai-inguru horixe bera dakarkigu gaurko saiora.
Euskal Herriko Unibertsitateko Hezkuntza, Filosofia eta Antropologia Fakultateak ‘baso-eskola eta hezkuntza ekosoziala’ jardunaldia antolatu zuen joan den maiatzaren 28an Donostian, UPV/EHUko Carlos Santamaría Zentroan. Hiru ardatzetan banatu zuten egitaraua: batetik, Erresuma Batutik, Bath Spa Universityko irakaslea den Mel McCree irakasleak hitzaldia eskaini zuen ‘Baso-eskola: ikasbideak Erresuma Batuko esperientziatik’ izenburupean. Jarraian, Carlos Gómez Chuliák, FUHEM fundazioaren Hezkuntza Ekosozialeko koordinatzaileak saio didaktikoa osatu zuen ikuspegi ekosozialarekin ikas-egoerak diseinatzeko, unitate didaktikoen programaziora bideratua. Azkenik, mahai-ingurua edo aurkezpen-mahaia izan zen Gipuzkoako hiru eskolek, Zaldibiako Lardizabal Eskolak, Alkizako Herri Eskolak eta Aizarnazabaleko Basakaitz Eskolak, bideratu dituzten esperientzien inguruan. Azken saio hau Maialen Sistiaga Euskal Herriko Unibertsitateko Hezkuntza, Filosofia eta Antropologia Fakultateko irakasleak bideratu zuen eta horixe bera ekarri dugu Gelditu Makinak saiora.
Hiru eskolatako baso-eskola bana bildu zen Donostiako canpuseko areto nagusia euren proiektuaren berri eman eta curriculum lotura aztertu asmoz. Zaldibiako Lardizabal Eskolako Eider Amundarain, Alkizako Herri Eskolako Vanessa López eta Aizarnazabaleko Basakaitz Eskolako Maddi Alberdik osatu zuten mahaia Maialen Sistiaga EHUko ikerlariaren gidaritzapean.
Alkizako Herri Eskolaren kasua ekarri zuen Lópezek. Duela 7 urte ekin zioten baso-eskolari eta, «eskola herritarra eta landa eremuan kokatua» izan arren, naturarekin harremana «etenda» sumatzen dute. Irakasleak argi du eskolaren ardura dela ikaskideak naturara hurbildu eta harremana sustatzea eta, horregatik txertatu zuten baso-eskola ikasketa dinamikan. Mendiz inguratutako herria errepidez zeharkatua ere bada eta, ikasleei askatasunez eta segurtasunez mugitzeko aukera bermatze aldera, mapa kartografikoa osatzeko baliatu dute baso-eskola.
Amundarainek, berriz, Zaldibiako kasua azaldu zuen. Azpimarratu zuen hezkuntza ekosozialaren ekarpen nabarmena aire zabaleko eskola sustatzea dela eta horregatik ateratzen direla eurak «sarritan, maiztasunez eta sistematikoki». Galdera bat bota zuen airera: «beharrezkoa da baso-eskola naturaz hainbeste inguratutako herri batean?» erantzuna, argia: «bai. Basoa da denontzako kalitatezko natur eremua». Natur kezkez gain, transmisio kezkak ere plazaratu zituen, izan ere, naturako elementuen izendapen asko galdu ditugu belaunaldi batean eta, hori ere, eskolatik landu daitekeelakoan dago. Baso-eskolarako etengabeko formazioaren eta laguntzaren premiaz ere ohartarazi zuen, egiten dutena ez baita “ohikoa”.
Alberdik, azkenik, Aizarnazabaleko kasua izan zuen hizpide. Euren eskolan ez dute baso-eskolarik martxan baina sarean egon badaude eta datorren ikasturtean ekitekoak dira. Hala ere, basora irten aurretik izan dute naturari etekin pedagogikoa ateratzeko aukera, esaterako, zomorroak lantzekoa. Aukera hori baliatu zuten kanpora ateratzean beti sortzen zelako liskarren bat intsektuekiko eta ornogabeekiko errespetu faltak zirela eta. Beraz, helburu izanik zomorroen ekosistema zaintzea eta ekointerdependentzia modu xumean ulertzea, lanketak abiatu zituzten euskara-, zientzia- eta arte-alorretan. Prozesua borobiltzeko, familientzako erakusketa prestatu zuten eta irakasleak azpimarra egin zuen aurkezpen horren balioan haurraren lanari sekulako garrantzia aitortzen baitzaio helduei aurkezteko aukera eskaintzean.
Sistiaga ikerlariak, amaitzeko, galdera sorta bat luzatu zien, tartean, ondorengoa: «kanpo espazioetan egiten den hezkuntzari balio gutxi eman izan zaio. Zer identifikatzen duzue egitasmoei bultzada emateko gako?» Lau izan ziren nabarmendu diren gakoak: Hezkuntza Sailak eta administrazioek balioa ematea; aldiro egindakoa justifikatzen aritu behar ez izatea; baliabide pertsonalak eta baliabide ekonomikoak.