IRRATIA

100. tartea eskaini du Izkander Fernandezek MusikHaria saioan

Tarte berezia izan da azaroko lehendabizikoa Izkander Fernandezena, 100. aldiz etorri delako MusikHaria saiora. Kasualitate baten ondorioz hasitako elkarlanak, dagoeneko 100.a bete du. Denbora honetan ekarri dituen erreferentzien errepasoa egin dugu lau abestitan.

Phoebe Bridgers 2022ko Kobetamendiko kontzertuan. (Monika DEL VALLE | FOKU)

Arakatzaile honek ez du audio elementua onartzen.


The Smashing Pumpkins - To Sheila

Harreman berezia izan du Izkander Fernandezek The Smashing Pumpkins taldearekin: «Hasieratan ez zen talde garrantzitsua izan niretzako, alternatiboegiak ziren bai gitarren aldetik eta baita hasierako grunge hori ekidin egin nuelako. Baina urteekin konturatu nintzen talde honen gitarretan nire bizitza azaldu daitekeela errez, eta, gainera, belaunaldi oso batentzat beren gitarren soinua oso esanguratsua izan zela. Horregatik aukeratu dut. Ni 1994an hasi nintzen musikari buruz idazten, eta, 1998an, The Smashing Pumpkinsek Bilboko Guggenheim museoan eman zuen kontzertua bertatik jarraitzeko aukera izan nuen. ‘Ador’ diskoa aurkeztu zuten bertan eta haiek iritsi aurretik bi aldiz entzun genuen, ordura arte ezertxo ere jakin gabe. Berezia izan zen, eta lehen abestia aukeratu dudana izan zen, aurretik taldearen diskografian entzunda genuenarekin zerikusi handiegirik ez duen kantua».

 

The Decemberists - A bower scene

«Lehenengo diskotik hasi nintzen taldea entzuten, baina laugarren edo bosgarrenean hasi nintzen zale moduan jarraitzen. Hau da, 2002tik 2009ra entzule soila nintzen eta, ordutik aurrera, zale amorratua. Urte hartan ’The Hazards of love’ diskoa kaleratu zuten, maitagarrien ipuin bat zena kasik, amaiera tristea zuena. Kantu hau ez da hain iluna, folketik abiatzen da, R.E.M. bezalako talde bat ekartzen du geroago burura, eta, bukaeran, eztanda egiten du eta Black Sabbath eta Britainia Handiko metal dena agertzen da, bukaeran, berriz ere folkera itzultzeko», kontatu digu lemoaztarrak.

 

Berri Txarrak - Iraila

«Berri Txarrak eta gu elkarrekin ibili gara batera, bide paraleloak izan ditugu, gure belaunaldiko taldea izan delako. Ez da apropiazio kontu bat, baizik eta adin berekoak garelako esan dut eta, justu, haiek hasi ziren momentuan ni ere idazten hasi nintzelako. Gainera, beren azken kontzertuekin konturatu ginen etapa bat bukatzen zela guretzat eta hausnarketarako tartea zabaldu zen. Negar egin nuen, pozik, guzti hori lehenengoz bizi izan nuelako nire bizitzan. Gorkaren letrak irakurtzen nituenean oso ongi ulertzen nituen eta, egun, irakurtzen ditudanean, automatikoki noa garai batera, une batetara, gertakizun konkretu batetara; izan haien kantukoa edo nirea propioa», aipatu digu Izkander Fernandezek.

 

Phoebe Bridgers - I know the end

Izkanderri esker ezagutu genuen artista estatubatuarra eta 2022ko BBK Liven emandako kontzertuarekin maitemindu egin gintuen Phoebe Bridgersek: «Bere lehen diskoa 2017koa da, ’Stranger in the Alps’ deiturikoa, eta 2020an, etxean geunden hilabete haietan, zu eta biok NAIZ Kontzertuei buruzko kronikak egiten ari ginela, ‘Punisher’ izeneko diskoa argitaratu zen. Nik uste dut jendeak maniobra egiteko tarte gutxi egin duela eta, horregatik, publikoarentzat Boygenius garrantzitsuagoa bihurtu dela esango nuke. Haien diskoak oso ondo daude, baina aurretik Phoebe Bridgersek bakarka kaleratu dituenak askoz ere hobeak direla esango nuke. Baina bakoitzak topatu beharko du bere tokia. Gure hasieratan diskoari buruz idatzi nuen hainbat aldiz, oso pozik nintzen, barruan halako hype bat sortu zitzaidan aspaldian ez bezala. Pentsa, P2P programa bat instalatu nuen diskoa lehenago eskuratzeko. Azken urte hauetan eta belaunaldi berriko artisten artean benetan garrantzitsua izan dela esango nuke. Bere istorioa, gogorra izan da, tratu desegokiak jaso dituen emakume bat gehiago izan delako, baina, zorionez arrakasta lortu du eta orain besteentzako ispilu izan daiteke, eta berak horrekin egiten du lan. Hori guztia eskertu behar zaiola esango nuke».