«Atmosfera eta ozeanoak akoplatuta daude eta trukatzen duten energia izugarria da»
Aste honetako Gelditu Makinak saioan ENSO fenomenoa landu dugu Maialen Martija adituarekin. Tecnaliako ikertzaile eta Euskalmeteko meteorologoa da Martija eta baita UPV/EHUko irakasle ere.
Arakatzaile honek ez du audio elementua onartzen.
Gelditu Makinak saioan behin eta berriz agertzen zaigun ikuspuntua da ezagutza eta ulermena ezinbestekoak direla neurri eta jokabideak hartzerako orduan. Atal honetan, ulertu nahi handia diogun gai mati helduko diogu: meteorologiari. Baina ez bere zabalean, ENSO fenomenoa landuko dugu Maialen Martija adituarekin. Tecnaliako ikertzaile eta Euskalmeteko meteorologoa da Martija eta bata UPV/EHUko irakasle ere.
ENSO fenomenoa aritu da ikertzen doktorego tesian, zehazki, ‘El Niño’ eta ‘La Niña’ fenomenoek Europa mendebaldean duten eragina da ikertu duena. Gaur8-rako elkarrizketa egin zion Andoni Urbistondok: «El Niño-k asko baldintzatzen du Euskal Herriko klima’».
Gelditu Makinak saioan izan dugu ikerlaria eta azaldu digu ENSO dela «Ozeano Barean, ekuatorean, gertatzen den fenomeno natural bat» dela eta bertako tsas azaleko ura batzuetan berotu eta besteetan hoztu egiten dela. «Adaketa horiek, bataz besteko tenperaturarekin alderatuz, ez dira oso handiak, bizpairu gradukoak dira, baina, sekulako eragina daukate, bai bertan eta baita munduko beste eremu batzuetan ere».
ENSO Fenomenoaren bi faseak dira El Niño eta La Niña, lehena Ozeano Bareko itsas azaleko ura berotzen denean eta, bigarrena, hozten denean. Fase bakoitzak zenbat irauten du, ordea? Bada, Martijak azaldu du, gutxi gora-behera, «fenomeno bakoitzaren zikloa (El Niño-La Niña-El Niño) 3-7 urte ingurukoa» dela baina zenbaitetan fase berdina errepikatzen dela, hau da, La Niña izan eta, ondoren, berriz ere, La Niña. Azken boladako kasua da hori, hiru bider izan baitugu La Niña fasea. Aldiz, azken 4-5 hilabetetan El Niño fasea garatzen hasi da. ENSO fenomenoaren faseak ulertzeko, ordea, ulertu behar da zein den bataz besteko egoera Ozeano Barearen ekuatorean: «Aliseoek egiten dutena da itsas azaleko ur beroa Peruko kostaldetik Ozeaniara mugitu eta ozeano azpiko ur hotzagoagatik ordezkatzen da». El Niño garatzen hasten denean Aliseoak ahuldu egiten dira eta, ondorioz, beroa Peruko kostaldean pilatzen hasten da; La Niña-rekin, berriz, Aliseoak indartzeak bero gehiago mugitu eta itsas azaleko tenperatura jaistea dakar.
Itsas azaleko urez gain, Ozeanoak ere merezi du arreta. Ozeanoak energia metatzaile handiak dira, bero ahalmen handia dute eta horrek esan nahi du energia handia behar dela uraren tenperatura aldatzeko. Ozeanoen itsas azaletik 100 metro behera dagoen ur-bolumenak trukatzen du energia atmosferarekin, ozeanoen azalera kontuan izanda, energia kantitate izugarria. Atmosferako airearen tenperatura aldatzeko energia gutxiago behar da, hori dela eta, «ozeanoak gradu bakar bat jaisten duenean, energia hori atmosferara askatzen duenean, atmosferak islatu, lekualdatu edo xurgatu egiten du». Eraginak ulertzeko adibide erraz bat jarri du ikertzaileak: «ozeanoak bero daudenean lurruna errazago gertatzen da eta trumoiak ekartzen dituzten bero-hodeiak handiagoak dira. Ondorioz, ozeanoaren tenperatura ekaitzaren bortitzean islatzen da».
Eragin ahalmena Euskal Herrian
ENSO Fenomenoa, batik bat, Peruko kostaldean nabari bada ere, munduko beste eremu batzuetako kliman ere eragin nabarmena du. Orain arte ez da oso argi izan, ordea, Euskal Herrian duen eragina zenbaterainokoa den. Izatez, El Niñok Europa mendebaldeko udan eragin eskasa duela uste izan da eta Martijak ondorioztatu du ezetz, fase horrek baduela eragina, handia gainera.
Aurrerapauso ederra da, orain, «El Niño fenomenoa erabil dezakegulako udan Euskal Herrian izango dugun eguraldia iragartzeko» eta iragarpenaren zehaztasunak lagun dezakeelako «muturreko fenomenoak hobeto aurreikusteko, horiei aurre egiteko eta ondorioetarako hobeto prestatzeko».