IRRATIA

Botak Lokatzetan | Kantuaren arabera, izena

Belarriak fintzea tokatzen da hilabete honetan. Hemen da udaberria, bueltan dira hainbat txori eta sumatzen hasiak gara txorien kantua.

Txirriskila txoria (wikipedia)

Arakatzaile honek ez du audio elementua onartzen.


Batzuk bertan geratu dira, beste batzuk negu goxoagoaren bila egin zuten hegoalderantz eta bueltan dira jada. Eguna luzatzen den bezala, handitu da txorien kantua era bai. Horregatik belarriak fintzeko aholkua eman digu Aranzadi Zientzia Elkarteko Iñaki Sanzek, txoriak kantuan aditzeko hilabete aproposa baita apirila. Izan, Txirriskila, Kukua, Pinpinla edo Txortxintxa.

Txorien kantua gutxitzen ari da?

Ba, tamalez hala diote ikerketek. Neguarekin alderatuta noski, garai honetan askoz gehiago dira udaberrian aditzen diren kantuak, baina denboran atzera eginez gero aldea handia da. 2021ean Erresuma Batuan egindako ikerketa batek hala dio, Catriona Morrison ikerlariak 25 urtetako soinu paisaia ikertu du, «2000 lekutako grabazioak egin zituen beraz, lagina handia da» eta hortik ondorioztatu zuen txorien kantuak gero eta isilagoak direla eta gero eta homogeneoagoak.

Baina ez da Erresuma Batuko kontua kantu gutxitzearena, Hernanin ere hala omen.  Iñaki Sanz-Azkuek gogoratu du nola 'Gure faunari eta florari begira' liburua osatzeko hainbat solasaldi izan zituzten. Hala, ia 100 urte zituen baserritar batek esaten omen zuen bere baserri ingurua paradisua zela, txori kantua ikaragarri izaten zela han eta orain berriz...

Txorien kantutik, txoriari izenari paratu?

Ahozkotasunean hegaztiena gai aberatsa dela dela dio Iñaki Sanz-Azkuek. «Hegaztiek eta txoriek leku pribilegiatua izan dute gurean, txori kontuak etxeetan oso sarri aipatu dira. Izan ehizagatik, txori kabi bila ibiltzegatik». Liburua egiteko izandako elkarrizketetan ezagutu dute jendea ehun espezie baino gehiago ezagutzen zituena, «bere izen eta biologiarekin».

Bitxia da, baina txori batzuek haien kantutik jasotzen dute izena. Adibide errezena Kukuarena da. Baina badira gehiago:Pinpina, Txonta arrunta..Hemen ere beste bitxikeri bat: Hernaniko Ereñotzuko aiekan deitzen diote ‘Txortintxa’ edo ‘Txortxintxa’. Lasarte alderako eremuan, alabaina, ‘Pintxana’ eta Aranoko mugan badira gutxi batzuk ‘Pinpiñua’ deitzen diotenak. Jauregi auzoko baserri batean, urtaroaren arabera bi izen hartzen ditu txoriak. ‘Txortintxa’ udaberrian, kantuaren antza hartzen duelako izenak, eta hortik kanpo ‘pintxana’. Alegia, garaiaren eta kantuaren arabera aldatzen diote izena.