Zuzenean

Eli Pagola

Botak Lokatzetan |Euskal Herria ez da tropikala baina badaukagu iratze paleotropikala

Euskal Herrian ez dugu klima tropikalik. Baina bai; baditugu iratze paleotropikalak, hezetasun handiko eta tenperatura ez oso aldakorreko guneak behar dituztenak. Gelditu Makinak saioan hala kontatu digu Iñaki Sanz Azkuek, Aranzadiko kideak.

Audio_placeholder

Botak Lokatzetan |Euskal Herria ez da tropikala baina badaukagu iratze paleotropikala

Loading player...
Iratze Paleotropikala. Esporofito fasea.
Iratze Paleotropikala. Esporofito fasea. (Dani Blanco )

Iratze Paleotropikalari eskaini diogu urtarrileko Botak Lokatzen tartea. Gure inguruan ditugu eta erraz ikusten dira garai honetan. Hala azaldu digu Iñaki Sanz Azkue Aranzadiko kideak.  Garai batean oso arrarotzat jo zen iratze hau, baina urteekin jakin da ezetz, uste baino ohikoagoa dela espezie hau.

XIX. mendean topatu zen lehendabiziko aldiz iratze paleotropikala.  Biriatuko mendietan aurkitu zuen aurrena (1885an) Zeiller botanikariak. Eta amua bota zien beste botanikariei, inguruan gehiago izango zirela aipatuaz. Urte gutxira Jaizkibelen aurkitu zuten landare honen populazio gehiago.

Bailara ilun, heze eta sakonetan agertzen da iratze paleotropikala, tenperatura egonkorra maite dute eta erreka bazterrean ikusiko ditugu. Izozteak egoteko arrisku gutxi dago erreka ondoan, eta kontrakoa, eguzki gehiegi ez da sartzen bazter horietara eta tenperatura ongi mantentzen da.

Espezie bat baino gehiago aurkitu dezakegu Euskal Herrian, eta badute munduan zehar ere beste kokapen bat. Kanariar uharteetan, Azore uharteetan, Madeira uhartean besteak beste. Oso landare gutxik jasango duen iluntasunean sortzen da iratze paleotropilaka.  Argi izpi gutxi batzuk eskuratuz egiten  du fotosintesia bizirauteko. Iluntasunean hazten den baldintza subtropikaleko landarea izatea gutxi balitz, bere hosto edo frondearen berezitasuna ere agerikoa da. Izan ere, zelula geruza bakarrez osaturikoak dira, zeharrargiak. Gardentasun puntu horrek emango dio ederra deitzeko hautua egin zuen botanikariari arrazoia.