IRRATIA

Steam Deck-ak lehen urtebetetzea ospatu du: gure espektatibak bete ditu?

Steam Deck gailuari buruz luze eta sakon aritu ginen iaz. Urtebete igaro da jada estreinatu zenetik: Valve-n gailuak urtebetean jasan dituen berrikuntzak aipatu ditugu. Gainera, Capcom eta Level-5 enpresen aurkezpenak errepasatzeari ekin diogu.

Arakatzaile honek ez du audio elementua onartzen.


Steam Deck gailuari buruz luze eta sakon aritu ginen iaz. Urtebete igaro da jada estreinatu zenetik: Valvekoek prestatutako eskuko ordenagailuak bideojokoen munduan iraultza txikia sortu duela esan daiteke, baina, beragandik espero genituenak betetzea lortu al du?

Hardwarea, softwarea, aginteak, bateria, Proton bidez joka daitezkeen tituluak zein azken eguneraketekin gaineratu dituzten berritasunei buruz aritu gara Game Erauntsian. Zirraragarria da guretzat horren tresna txikian gaur egungo bideojokorik handienetakoetara jokatzea; hori bai, hasiera baino ez da, Deckak dozenaka aukera eta ezaugarri eskaintzen baititu.

Ez gara Decka berriz hartu duten bakarrak izan: gailuaren sortzaileak ere atzera begira jarri dira egindakoak errepasatzeko. Horrekin batera, etorkizunean zer eskaini nahi duten hausnartu dute, modelo berrien zein aldaketen inguruan sakonduz. Berrikuntzak ikusteko amorratzen gaudenez, aipatutakoei buruz mintzatu gara, zelan ez.

Albistegian bideojokoen enpresen aurkezpenak izan ditugu hizpide beste behin. Oraingoan, ordea, ez gara estudio nagusiei buruzko ekimenei buruz aritu: Capcom, Level-5 zein Nacon bezalako enpresa txikiagoak —tira, ez horren txikiak— euren etorkizuneko tituluak ezagutzera emateko ekitaldi bereziak prestatu dituzte. Professor Layton, Resident Evil 4 —doako demoa estreinatu du!—, Exoprimal, RoboCop, Eraztunen Jauna zein beste hainbat eta hainbat agertu dira aurkezpenotan.

Trailer eta iragarpen mordoa ere izan ditugu egunotan: Wargroove 2 nahiz Ghostwire: Tokyo-ren espantsioa aurkeztu dituzte, baita Hyper Light Breaker, Atlas Fallen edo Mortal Sin bezalako lan interesgarriei buruzko bideoak erakutsi ere.

Beti bezala, argi dago bideojokoen munduarekin zenbateraino gozatzen dugun, ezta?