IRRATIA

Nazioarteko azken labealditik Afghan Whigs eta Paramore ekarri dizkigu Izkander Fernandezek

Udazken emankorra izaten ari da Euskal Herriko musikarien artean, baina baita nazioartean ere. Horren adibide batzuk luzatu dizkigu azken bisitan Izkander Fernandez musika adituak.

Paramore taldeko Hayley Williams Austingo Music Limits jaialdian emandako kontzertuan. (Dan GARCIA | SLANT MAGAZINE)

Arakatzaile honek ez du audio elementua onartzen.


Clutch - Red Alert (Boss Metal Zone)

«Clutch sekulako ibilbidea egin duen taldea da. Oraingo diskoa duela bi aste-edo atera zuten, ‘Sunrise on Slaughter Beach’, beren ibilbideko 13.a. Hard rock eta funkyarean arteko zerbait egiten dute, ez dira ezertan espezialistak, baina entzun orduko beren zigilua nabaritzen da eta identifikatu egiten dugu Clutch dela. Harritzekoa da Estatu Batuetan zeinen handiak diren, Europan akaso ez hain ezagunak izanik, 2000. hamarkada hasierako diskoekin Billboard zerrendako Top 15ean sartu zirelako. Stephen Kingi berari ere gustatzen zaion taldea da eta hori ere aipagarria iruditzen zait», kontatu digu Izkander Fernandezek.

Lissie - Night moves

Lissie aurkeztu digu bigarren tokian Izkanderrek: «Algoritmoen inguruan hitz egin genuen eta duela 10 urteko algoritmoak bestelakoak zirela konturatu nintzen. Kalifornian bizi zen lagun bat bisitatzera joan ginen, ez genuen jantzi askorik eraman eta galtzerdiak behar genituen. Kodak Theater inguruko denda batera joan ginen eta bertan saltzen zituzten gauzen artean Lissieren diskoa zegoen. Horrela eskuratu nuen diskoa eta izan nuen lehenengoz Lissieren berri. Estatu Batuetan ezagunagoa da Europan baino, Jewelen tankera badu, popetik gertuago dagoena americanatik baino, eta urteko disko onenen artean egongo ez den arren, interesgarria da. Fletwood Mac taldeari omenaldi moduko bat egiten diote hautatu dudan kantu honetan».

Afghan Whigs - A line of shots

Azkena Rock jaialdiaren bueltan hitz egin genuen Afghan Whigs taldeari buruz, baina baita Liher taldearen inguruan hitz egin genuenean ere gogoratu digu Izkander Fernandezek. «Irailaren erdialdean atera zuten diskoa eta Azkenaren inguruan hitz egin genuenean harrituta geratu nintzen Euskal Herriko publikoan harrera ona izan zuelako taldeak. Bartzelona eta Madril aldera ere, gerora, haiek ikustera mugitu zen jendea hemendik. Azkenaldian aurkeztu duten diskorik onena da ‘How do you burn?’ lana eta nik uste dut, nahiz eta ziurrenik beren nahia izan ez, beren esentziara itzuli direla. Galtzailearen literatura maite du Greg Dullik eta souleko hizkuntza eta zine beltzarena erabiltzen ditu bere kantuetan eta hemen ere hori agertzen da», nabarmendu du lemoaztarrak.

Paramore - This is why

Azkena ekarri digun taldea, Paramore, izan zitekeen Euskal Herrian egiten den musika jaialdiren bateko kartel burua. «Paramore taldea izan daiteke handi edo nahikoa handi direnen artean 2023an diskoa aterako dutela iragartzen lehenak izatea. Austinen egindako musika jaialdi garrantzitsu batean izan dira, late night delakoetan ere ibili dira… Taldearen istorioa lehen ere aipatu izan dugu, baina Hailey Williamsek taldea bereganatu nahi izan zuen eta institutu garaian, sorreran, egon ziren Efro anaiek alde egin zuten, nahiz eta bietako bat gerora taldera itzuli zen. Egia da emo, punk eta hardcore garaiak albora utzi zituela eta pop doinuak jorratzen hasi zirela, baina oraingoan badu lehengoaren zantzurik talde estatubatuarrak», bukatu du Izkander Fernandezek.