IRRATIA

‘Garai bereziendako kontzertu berezia’, abenduan eta Durangon

Kantak hartu, moldatu eta Willis Drummond espiritua mantentzeko diskoa da ‘Garai bereziendako kontzertu berezia’. Durangoko Azokan aurkeztu dute diskoa eta ‘MusikHaria’ saioan izan da Jurgi Ekiza abeslaria.

Laukotean grabatu du bere azken diskoa Willis Drummond talde lapurtarrak.

Arakatzaile honek ez du audio elementua onartzen.


Willis Drummond taldeak espero gabeko diskoa aurkeztu du Durangoko Azokan. Ez da akustikoa baina pandemiaren baitan, «publikoari egokituriko» kontzertuak egin ostean, abestiak moldatu eta instrumentuak gehituz sortu da ‘Garai bereziendako kontzertu berezia’.

Diskoak ez du taldeak eskaini ohi duen potentzia. Hala ere, ez du energiarik galdu. Kontzertuetan publikoak erantzun duela onartu du Jurgi Ekizak: «Izan da holako energia bat kontzertu guztietan. Baina egia da Atabalen berezia izan zela, gure etxea bezala delako, urte bat pasa zelako aurrekotik. Ekainekoan etorri zen jende askok ikusi zuen pandemia aurreko azken kontzertua izan zen Willis Drummondek elektrikoan emandakoa, urte eta erdi lehenago, areto berean. Orduz geroztik, ez zen kontzerturik egon».

Biarritzeko aretoan grabaturiko kontzertuak ‘Zugzwang’ diskoko lau abesti dauzka. 2019an, bi kontzertu eskaini zituen taldeak eta kanpoko bira bat egin zuten, Japoniatik pasaz. Ondoren etorri zen konfinamendua. «Diska hori pixkat galdu dugunaren sentsazioa dugu. Beraz, nahi genuen absolutuki kantu hauek ere sartu zitezen set list berri horretan. Moldatu ditugu kantak eta gustuko jokoa izan da».

«Kantu bat hartu, biluztu eta garrantzitsuena mantendu» izan da lapurtarren helburu nagusia. Aldaketak eginez, esentziari eutsi nahi izan diote. Erronka honetan, 2006raino atzera egin dute ‘Ur Gainean’ abestiarekin. Aurten 15 urte beteko ditu kantuak. «Ez du deus ikusteko jatorrizko bertsioarekin. Saiatu gara egiten zerbait, pixkat, kalexiko modukoa, girotsua, akustikoarekin».

Ahotsenean egin duten aurkezpen kontzertu laburrean ekainean grabatutako magia hori transmititu dute, laukote formatuan, Plateruena beteta zegoela. Orain, Willis Drummondek lau kontzertu eskainiko ditu abenduan: hiru elektrikoan eta bat akustikoan. Lehenengoa, Donostiako DabaDaba aretoan izango da, zeinetarako sarrera guztiak salduta dauden. Hilaren 18an, Bilboko Kafe Antzokian izango dira, eta, 26an, Ondarroako Beikozini aretoan. Akustikoaz gozatu nahi duenak, berriz, Zumarragan izango du horretarako aukera, abenduaren 30ean.

Aurrera begira ere lanean hasi direla aipatu digu Jurgi Ekizak eta bederatzi abestiren oinarrizko egiturak sortuta dituztela ere esan digu. Orain, entseatzen ari dira eta laster erabakiko dute laukoteari eutsi edota hiruko formaziora itzuliko diren. Izan ere, 2022ko hastapenean nahi dute hurrengo disko grabatzen hasi Willis Drummond taldekoek.