Zuzenean

«Nire burua ez dut ikusten besteei zer jo behar duten aginduz»

Zoriontasuna dario ertz guztietatik Nax Agirre (Arrigorriaga, 1964) musikariak. Durangoko Azokarako ‘Bizi poza’ diskoa kaleratu du eta horrekin etorri da MusikHaria saiora, irribarrea segundo bakar batean ere galdu gabe.

Audio_placeholder

«Nire burua ez dut ikusten besteei zer jo behar duten aginduz»

Loading player...
Nax Agirre musikariak positibo izateko jarrerari diskoa eskaini dio.
Nax Agirre musikariak positibo izateko jarrerari diskoa eskaini dio.

Nax Agirrek Durangoko Azokako musikari beteranoenen artean dagoenaren kondizioa beteko du. «Ez dakit beteko dudan hori, baina hortik ibiliko naiz».

Iaz ‘Musu’ eta ‘Irri’ kaleratu ostean, aurten ‘Bizi poza’ diskoarekin dator, aldarte onean, Arrigorriagako musikaria. «Garai hauetan kolore eta positibismo pixka bat beharrezkoa da. Bueltan naizenetik, 2019tik, ‘Serengeti’ kaleratu nuen eta orain ezin geratu, ez dakit maldan behera hartu ote dudan martxa, baina horrela da».

Garai ilun hauetan argi izpi bat ematen saiatu da Agirre: «Jorratutako gaiak alde batetara utzita, positibismotik egiten saiatu naiz lana». Gutxirekin pozik bizi daitekeela kontatu du ‘Tombuctú’ kantuan: «Malin bizi izan dudan zerbait da. Nik, beterano bezala, oso gutxirekin ondo pasatzea zer den ikasi dut bizitza honetan. Han ere hori ikusi dugu, makila pare batekin, harri batekin… korrika hasi eta ondo pasatzeko gaitasuna dutela. Urteak pasa diren arren, askotan oraindik ere ikusten dut zoriontasuna erosten saiatzen garela, zenbat behar dugun pozik bizitzeko, eta gauza garrantzitsuak eskuratzeko ez dela askorik behar, hori beltzitu eta azpimarratu nahi izan dut kanta honekin».

Kantu gehienak bera gitarra lagun duela egin ditu, soiltasunean: «Ez da propio bilatutako zerbait, ez diot ukorik egingo lagun bat edota talde bat izateari inguruan. Lagun gehienak interpreteak dira, ez dute konposatzen, eta nire burua ez dut ikusten besteei zer jo behar duten aginduz. Haiek kantua bere egin dutela ikusi eta ekarpena egin dezatela nahi dut, baina ez dut inor konbentzitzen».

‘Izan zoriontsu bizi’ abestian Danimarka aipatzen da munduko lekurik zoriontsuena bailitzan: «Kolokan jartzen dut Danimarka herrialde zoriontsuena dela esaten dutenean. Esterotipia egoten da horren atzean, baina horretan geratzen da. Ikerketa batean, hainbat parametroren neurketa egin ostean, Danimarka omen da zoriontsuena bizitzeko herria. Baina alde guztietan arazoak daude, eta jarrera askoz garrantzitsuagoa da eguneroko bizitzari aurre egiteko».

‘Agur’ kantuan bateria, baxua, sokak… entzuten dira, baina ez da berak bakarrik egindakoa: «Beti dago salbuespenen bat egiteko aukera eta kasu honetan ‘Agur’ da diskoko salbuespena. Proposamenak gora, proposamenak behera… bada lortu nuen bi lagunek kolaboratzea. Bateria-jotzaile bat kontratatu nuen eta gero Kepa Hurtado baxuarekin eta Itsaso Azkona biolinarekin izan nituen partaide. Nahiko nuke gehiagotan parte hartuko balute, baina gisa honetara bakarlari izan ordez taldean nola aurkitzen nintzen eta kantua bera nola geratzen zen ikusi ahal izan dut».

Kantu honetan agur esaten dabil norbaiti Nax, baina poztasunetik: «Aita hil zitzaigun unea etorri zitzaidan gigira kantua idazterakoan. Zoritxarrez gure aitaren azken egunak ez ziren azukrezkoak izan, eutanasia gora eta behera ibili ginen arreba eta biok. Bizitza duinaren zera hori. Baina aita ikusten duzu ohean, ezer esan ezinda eta zure burua aurkitzen duzu laztantzen zauden bitartean aitari esanaz «aita, lasai, zurea egin duzu». Bada egoera hori etorri zitzaidan kantua idazterakoan. Bizitzaren zikloaren parte bat da heriotza, baina kantuaren mezua beste edozein erlazioren bukaerara era aplikatu daiteke, izan ere moztu daitezke, baina zergatik ez ondo?».

‘Zuzenekoa’ abestian kontzertu askori erreferentzia egiten dio Naxek, entzundakoak edo entzun nahi dituenak ote? «Kontzertuetako sarrera asko ditut gordeta eta collage modukoak ere eginda ditut. Denak ikusitako kontzertuak dira eta espero dut gehiago ere etortzea! Faltan botatzen ditut egoera honen aurreko kontzertuak. Hala ere, kantu hau aipatzeak pozten nau. Aiora Renteriari animoak eta besarkada estu bat bidaltzeko baliatu nahi dut. Izan ere, zuzenean ikusi dudan azkenekotako kontzertua Zea Maysen Iruñekoa izan zelako eta gozatu nuelako. Espero dezagun haiek ere berriz oholtzara bueltatu eta laster disfrutatzen izatea».

Durangon egunotan bizitzen ari denaz ere gogoeta egin digu arrigorriagarrak: «Autoekoizpenentzako ez da erraza Durangon zerbait saltzea. Guk, ezagunok ez garenok, lagun eta ezagunon esperantza izaten dugu zerbait saldu ahal izateko. Patrikak dauden moduan daude… Baina egileekin egoteko, patxada hori izateko balio badu, gaitzerdi. Jendearekin harremanetan ere hasten zara, baina akaso bortitzegia da hori ere… Ez da erraza saltzearena».

Kontzertuak eman asmoz da Nax Agirre, baina pausoz-pauso doa bide horretan: «Kontzertuak emateak esfortzu ekonomikoa ere eskatzen du eta orain kanpaina bat egiten nabil nire burua ezagutzera emateko: sareetan, komunikabideetan… Durangon ere asko gara eta kartel askoren artean nire burua erakustea ez da erraza, baina lan honek ea zer nolako harrera izaten duen eta horren arabera emango dut beste pauso hori».

Jaurlaritza Logoa