IRRATIA

Americana musika estiloa definitzeko lau abesti

Izkander Fernandezek astero musika estilo asko ekartzen dizkigu MusikHaria saiora. Haietako bat, americana, zer den edota nondik nora doan erakutsi digu azken tartean.

Bederatzigarren diskoa da ‘Tolesdurak’, Audience 2021ean kaleratu duena.

Arakatzaile honek ez du audio elementua onartzen.


Lemoako gurutze frankista erori den honetan, Izkander Fernandezek, gure Lemoako musika adituak, aipatu digu askotan pasa dela bertatik, baina ziurtatu du bera ez dela izan hori gertatu izanaren arduradun: «ni ez naiz trebea halako erremintekin, behin YouTuberi esker lortu nuen entxufe bat aldatzea, baina gutxi gehiago». Musikan bai, musikaren inguruko jakinduria badu, eta argi geratu da beste astebetez MusikHaria saioan egiten duen tartean.

Audience eta Iker Martinez eta Zaldi Herrenak taldearen diskoak erosi zituen duela gutxi Gasteizera egin zuen bidaia batean eta, horren harira, americana eta rock amerikarra landuko ditu datozen bi tarteetan Izkanderrek. «Nashvilletik kanpo entzuten den musika amerikar klasikoa, folkarekin, countryarekin edota indiearekin nahasten den hori da americana nolabait esatearren», aipatu digu lemoaztarrak. Nashville musikarentzat Estatu Batuetan zinearentzat Hollywood dena dela esan daiteke: «Musikaren industriaren zati handi bat bertan dago, bai zigiluak, FM irratiak eta abar. Baina 1985etik aurrera etorri zen aldaketa Estatu Batuetan, Seattlen bertan ere ordura arte country estetika zen nagusi eta Estatu Batuetan oraindik ere presentzia gehien duen estiloa da countrya».

Wilco taldea da ekarri duen lehen erreferentzia. «Jeff Tweddy frontmana da haren ikurra. Americana klasikoagoa egiten zuten 2000. urtera arte baina ‘Yankee Hotel Foxtrot’ deituriko diskoarekin beste bide bat hartu zuten, rock progresiboago bat eginaz, Radiohead bezalako taldeak gogoraraziz. Hala, americana beste estilo batzuetara zabaldu zuten», aipatu du Fernandezek. Haiekin izandako hartu-eman baten bitxikeria bat ere kontatu digu Lemoako musika adituak.

Audience taldeak 2021ean atera du ‘Tolesdurak’ lana eta Izkanderrek haiek batu ditu zerrenda honetara. «Gure eszena txiki honetan agertu ziren eta ulertu dugu zerbait naturala zela eta, besterik gabe, hor daudela. Baina uste baino gutxiago mimatzen ditugula iruditzen zait, ez garela jabetzen zer nolako kalitatea duten eta zeinen talde bitxia den gure musikaren baitan. Americanatik sortu ziren baina ez dute ez lotsarik ez beldurrik itzulipurdika aritu eta esperimentazioan jarduteko beste estiloetatik barrena. Eraginak bilatzeko ez da batere talde erraza, oso ausartak direlako eta gure artean daudela eskertu behar dugula uste dut».

Berriz ere Estatu Batuetara salto egin dugu, kasu honetan New Jerseyra, Trophy Scars taldearekin. «Ez dakit undergroundetik irtengo diren eta ez dakit nola iritsi den talde hau nire bizitzara. Post-hardcore musikatik datoz, baina azken diskoan western ukitua du, folk britainiarrarena ere bai eta baita grunge ukitu bat ere. Hori guztiari soul tanta batzuk gehitu eta sortzen da Trophy Scars taldea. Ez dakit zorterik izango duten eta undergroundetik ateratzeko moduan izango diren, baina azken lana disko izugarria iruditu zait», nabarmendu du Fernandezek.

Aurretik ere beste behin ekarri zigun talde bat berreskuratu du bukatzeko Izkanderrek, The Decemberists taldea. «Americana zehazteko zailtasunak zenituela aipatu zenidan, indiea, folka edo zer den ez dagoelako askotan argi. The Decemberists taldeak folk britainiarraren bueltan atera zuen disko bat, kontzeptuala. Americanaren bueltan hasi ziren arren, folk britainiarraren inguruan kokatu zen gerora taldea eta horregatik ekarri dut kantu hau, nahasmendu hori nolabait ere ulerkorra dela esateko».

Datorrean astean berriz ere antzeko musikaren bueltan ibiliko gara, Iker Martinez eta Zaldi Herrenak protagonista nagusi ditugula. Bitartean, hauexek dira azken saioan hautatutako lau abestiak:

– Wilco - Side with the seeds

– Audience - Mauka

– Trophy Scars - Brother

– The Decemberists - A bower scene