«Kaosetik sortzen dira gauzak eta horretarako, bederen, beharrezkoa da»
Mila proiektutan murgilduta dabil uneoro Joseba Irazoki (Bera, 1974), baina bere buruan dituen melodiak disko bihurtzeko beta ere hartzen du tarteka. Lagunekin osatutako taldeari eman dio garrantzia ‘III’ diskoa aurkezterakoan; alta, hemendik aurrera JIEL moduan ere ikusiko dugu maiz karteletan.
Arakatzaile honek ez du audio elementua onartzen.
Gailuek harrapatuta gauzkatela eta multinazionalei gure informazioa oparitzen diegula aipatzen du diskoa ireki eta segidan Joseba Irazokik lagunekin egin duen ‘III’ diskoan. Barkamena eskatu diogu, elkarrizketa aurrez-aurre egin ordez gailuen bitartez aritu garelako: «Auto-terapia bezala egiten ditut kantuak eta ni neu ere egunero gailuekin nabil, hortaz lasai».
Abestiaren sarreran bi gitarra entzun daitezke eta biek «konponketa bera» egiten dutela azaldu digu Irazokik: «Momentu batean deskoadrotu egiten dira eta ‘kaossilator’-arekin hainbat zarata egiten ditut atzetik, horrela espazioan zabaldu egiten daeta horrek guztiak ‘reverse’ itxura hartzen du. Bi arratsalde behatz batekin jolasean aritu nintzen ‘kaossilator’ gailuarekin eta flipatzen pasa nuen ume txikia bezala».
Testura taldean aritzen da Felix Buff halako zaratekin eta handik zerbait ikasi ote duen galdetu diogu edota Buffek berak sartu ote duen zaratarik. «Egiari zor teklatu batzuk sartu ditu baina diskoan erritmoak egiten ibili da eta soinu eta zaraten esperimentazioan ni neu ibili naiz, presiorik gabe. Musikariak etxean edota estudioan sartu direnean gauza konkretuak egitera sartu dira. Inoiz baino abesti ordenatuagoak direla esan dezakegu», nabarmendu du Berako musikariak. Hori jakinda, oraindik Felixek Testurara eramango duela erantzun diogu txantxetan eta hauxe erantzun digu Irazokik: «Rüdigerren banago eta nahikoa, baina agian oraindik sozietate bat sortu beharko dugu Felixek eta biok gure proiektuetarako».
Kantu progresiboak dira ‘III’ diskoan entzuten diren asko, nahiz eta beste batzuk rockean ohikoagoak diren metrikan sartu diren. «Talde edota soinu baten proiektua da eta horretarako lokaleko lan asko edota zuzeneko asko behar dira. Aurreko lanean, lokalean ez baina zuzenean asko aritu ginen eta soinu propioa aurkitu genuen. Oraingoan, etxean denbora eman dugu eta nik maketa bat landu nuen etxean. Hortaz, lokalera dagoeneko nahikoa prestatuta eraman genuen guztia eta dezentez gehiago entseatzeko aukera izan dugunez, dena oso landuta eraman dugu grabaketara. Asko nabaritu da, batez ere abestien egituretan», azpimarratu du Irazokik.
Memoria galtzen dugula ere aipatzen du kantuen hitzetan, baina zer galtzen da gehiago memoria edota gizatasuna? «Memoria nik uste hor dugula, subkontzientean eta nolabait ere ateratzen dela, akaso ez beti nahi dugunean, baina ateratzen da. Gizatasuna galtzeko, berriz, arrisku handiagoa dugu, harremanak izateko moduak aldatzen ari direlako. Gauza bera musika entzuteko moduan ere, iraultza bat egon da. Eta harremanak izateko moduan ere gauzak asko aldatzen ari dira eta horrekin adi ibili beharra daukagu» Irazokiren aburuz.
Teknologiaren afera
Iraultza teknologikoek ekarri duten paradigma aldaketan sakonduz, musika sareetan galtzen ote den galdetu eta hauxe erantzun digu: «Ezetz esango nuke. Nik neuk gehien bat streaming bidez entzuten dut musika, edozein lan momentuan eskura edukitzea onura bat izan da niretzat. Lehen, aldizkariak hartu, irakurri eta hilero hiru disko edo entzuten nituen. Orain, berriz, irakurtzen dut, baina gero hortik kantuei edota diskoei merezitako garrantzia ematen diet, hartara, gehiago dut eskura eta gero erabakitzen dut diskoa erosi, bandcampen abesti bat deskargatu edo dena delakoa egitea. Iraganean ere milioika kasete, disko eta abar ekoizten ziren eta galtzen ziren, baina orain, akaso behar besteko mimoz tratatzen ez badira ere, pentsatu nahi dut ez direla sarean galtzen sortutako doinuak».
‘Oro’ abestian, gainera, algoritmoaren inguruan aipamen bat ere egiten du. Baina musika algoritmoen esku uzten ote du Joseba Irazokik? «Nire musika ez dut algoritmoaren eskura uzten, guay dago, baina horretan ere ‘old school’ samarra naiz. Gauza pila bat izaten ditut entzun nahi izaten ditudanak eta horiekin zerrenda luzea dut osatua». Datuez harago bizitzarik bada gainera Irazokiren ustez: «Sentsazioz beteta gaude eta horrek bereizten gaitu beste izakiengatik».
Barrura begira idatzitako hitzak
‘Gizaki dependentea’ abestia diskoko desberdinena dela esan dezakegu. «Bi alde oso desberdin dituen abestia da. Kanturik desberdinena zatien artean. Lehen zatia post-rockeroa izatea nahi nuen eta bigarren zatia r&b-rap antzeko zerbait. Guztia nahasten hasi eta post-punk melodiko bat sortu da. Estiloak nahasten ditudanean, batzuetan segida samarrean sortzen dira melodiak-eta baina beste batzuetan Frankenstein estiloko piezak ere sortzen zaizkit eta hau horietako bat da».
«Nagusi bat behar dut bizi ahal izateko» dio Irazokik, ekintzaile izateko gaitasun faltari kritika eginaz. «Badirudi konformatzen garela edota eroso gaudela gure lantxoa egitera aginduta gauden eta amen egiten dugun egoeratan. Kooperatibak edota gauzak elkarrekin egitea nik uste onuragarri izan daitekeela eta konfort egoera horretatik irtetea garrantzitsua delakoan nago; diferentzia sozialak murrizteko, besteak beste. Nahiz eta soldata ona edukita iduriz ongi gauden, gero ez da horrela izaten. Baina kantu terapeutikoak dira esan dudan moduan, ni indibidualista bainaiz».
Hartara denok erabat aske izango bagina, lasaiago biziko ote ginatekeen galdetu diogu: «Kaosa izango litzateke, ziur, baina kaosetik sortzen dira gauzak eta horretarako bederen beharrezkoa da. Momentuan ez ginateke eroso sentituko, baina emaitzak onak lirateke. Eroso bizitzera ohitu gara, gustura gaude, nahiz eta luzera begira gure kaltera izan». Bi audio entzuten dira abestiaren hondarrean. Bata ingelesez, saretik eskuratutako halako txiste bat da, nagusia errieta eginaz langile bati. Bigarren audioan, berriz, Josu Jon Imaz entzuten da esanaz jendea alienatuta dagoela eta hori aprobetxatu beharra dutela. «Dirudunen arteko hitzaldi espantagarri batetik aterata dago, baina publikoa da», egin du azpimarra Irazokik.
Elkar zapaltzearen inguruan eta harreman afektiboetan sortzen diren egoera ezatseginez mintzo da Berako musikaria ‘Polibiolentzia’ kantuan. Ustez bake garaian bizi garen honetan, ustez biolentziaz josita zegoenean baino okerrago ez ote gara bizi? «Ez da zehazki hori esan nahi dudana, baina batzuetan bai elkar zapaltzen dugula. Inkontzienteki eta lagunartean biolentzia ez fisikoak ematen dira, jarreretan eta abar, eta horrek burua jaten dit batzuetan eta pena ematen dit. Eta hori ere kantu batean botatzea erabaki dut, nahiz eta gogorra izan daitekeen askotan. Maite dugunen artean askotan biolentoak gara eta hor ere asko daukagu ikasteko, ez etsaiekin, horiekin batzuetan izan behar da biolentoa. Baina lagun arteko pike eta inbidiek sortzen dituzten jarrerak ez ditut gustuko. Eta zaintzaren zatia da hori ere», gaineratu du Irazokik.
‘Jackiek dio’ kantuan Jackie izeneko pertsonaia batez mintzo da. Baina nor ote da? «Nire buru barruko pertsona bat da, nirekin hitz egiten duena eta misteriorik ez duen pertsona bat da. Kantuak ez du halako misteriorik, momentu txarrak pasatzen ditugun une bateko kontaketa bat baino ez da. Hori bai, Jackie Lee izeneko musikari batengan oinarritutako giro bat eta eragin bat argi utzi nahi izan dut. Gainera, ‘Jackiek dio’ hori ere beste artista baten ideietatik sortu dut. ‘Candy says’, ‘Steffany Sais’… Lou Reeden abestien tituluak dira eta Reed asko entzun nuenez itxialdi garaian, halako keinu bat egin nahi izan diot».
Cumbia azkar batekin ere egin dugu topo diskoaren bukaerara iristerakoan. ‘Egia eta gezurra’ kantuak hori iradokitzen du. «Titulu bat eduki aurretik nik ere ‘Cumbia’ deitzen nion abestiari, gerora bataiatu genuen ‘Egia eta gezurra’ bezala». Bizi osoa ametsak egi bihurtu nahian dabilenaren tokitik idatzi du abestia Irazokik: «Ametsak jarraitzen gabiltza eta amets-orri horien jarraipenean bizia sortzen dugu. Gero hori bihurtzen da errealitatea. Artearen bitartez komunikatzen gara eta askotan bide horretatik errazago esaten ditugu bestela esango ez genituzkeen hainbat gauza».
Sekula baino idazleago
Kantuen hitzak idazteko laguntza asko izan du Irazokik disko honetan, Gorka Erostarbe, Joxi Ubeda edota Xabier Gantzarain izan ditu bidaide. Hala ere, sei abestiren hitzak berak eginak dira. «Horrelako disko bat ezin da bakarrik egin, ezin baita musika edota hitzen mundua guztiz kontrolatu. Suertea dut inguruan jende ona edota bederen nire gustukoak ditudala. ‘Onddo’ diskoaren garaian hasi nintzen hitzak egiten eta oraingo honetan sei kantu idatzi ditut. Aurrerapauso nabarmen bat eman dut eta hor Mikel Taberna eta Beñardo Goietxeren laguntza izan dut zuzenketak egiteko eta abar, baina gehiago idaztera ausartu naiz, ni idazle izan gabe», esan du Irazokik.
Atala eta Shorebreaker estudioetan grabatu dute diskoak eta beste askoren gisara bi estudioak lotu dituzte: «Bera-Tarnos edota Bera-Bufftarrak konexio berezia egin da. Johannes aurreko diskoan Atalan izan zen gurekin, baina orain Tarnoseko estudioa ere martxan du eta konexio pertsonala eta musikala ditugunez elkarrekin jardun dugu. Iñigo Telletxea, Johannes Buff eta hiruok elkar ondo ulertzen gara. Gainera, Johannesek eta Iñigok materiala trukatzen dute eta abar. Gainera konexio horrek egin dudanaren gaineko iritzia erabat aske emateko aukera ematen die eta horrek urrea balio du».
Diskoa aurkezten hasi dira eta Oñatin izan zen lehen geldialdia. Orain lotuta dituzte beste hainbat baina itxaroten daude guztiak iragarri ahal izateko: «Edukierak handitu zain gaude, aretoek bizirautea lortzeko eta kontzertuak ez izateko defizitarioak. Atabal, Intxaurrondo, Jimmy Jazz, Xixon, Bonberenea, Matadeixe… hainbat hitzordu badira, baina hemen batzuk bestaldera begira jarraitzen dut. Nik disko hau jendea dantzatzen ari dela irudikatzen dut eta horrez gainera edukiera txiki horiekin ezin ditugu gastuak ere tapatu. Hortaz, ea laster guztia normalagoa izaten den», aldarrikatu du beratarrak.
Diskoa Elkar edota Fnac bezalako saltokietan, Bandcamp atarian eta BideHuts zigiluaren web orrialdean eskuratu daiteke. Ramon Zabalegik egin du azala eta argi-ilunekin, grisen eskalarekin, jolastu du: «Nik Ramoni esan nion gauza bakarra JIEL akronimoari, Joseba Irazoki eta Lagunak izenari, garrantzia ematea eskatu nion zerbait minimalistan, diskoan ere gauza errepikakorrak izan direlako eta rock minimala entzun dudalako. Bi pauta horiek ardatz hartuta, esparatrapuarekin egin du azala eta kontrazala, berriz, zinta amerikarrarekin. Eskulan dotore horiekin, sekulako artelana osatu du. Batzuk esan zidaten erliebean kaleratu izan bagenu sekulakoa izango zela, baina aurrekontua oso urrun dago hori gauzatu ahal izatetik».
Sikario baten konfesioa
‘Sikarioa afterrean’ abestian halako egoera bitxi bat kontatzen du Irazokik. Baina, benetan gertatzen al da? «Intimitatean esana nuen baietz, nahiz eta hemen fikzioa ere batzen zaion kontakizunari. Ordu txikitan elkartu nintzen sikarioarekin, Madrilen, eta kontatu zidan eskapo zebilela, bat hil zuela. Oso jatorra zen egia esanda; ez zitzaidan batere beldurgarria iruditu, ez dakit damutua zegoen edo ez, baina bere baitan betirako preso zegoela zirudien. Hori bai, testuingurua ere halakoa zen. Parrandak egin ditut eta egingo ditut, baina ez da faltan botatzen dudan zerbait. Ordu txikietan kontrola galtzen dut eta gero damutzen naiz egindakoaz. Bai ordea dantza egitea, hori faltan botatzen dut eta asko gainera», adierazi du Berako musikariak. Kutsu latinoko kantua da eta horrek ere iradokitzen du dantza egitea, gainera: «Post-rock ukitua duen arren, ukitu latinoa eman nahi izan nion, benetako istorioarekin ere lotzen delako».
‘Ikusezina’ abestiarekin aurreratu ziguten diskoa bazetorrela. Joxi Ubedaren hitzak ditu abestiak, Don Inorrez proiektuko Imanolen anaiarenak, alegia. Bata bestearekin lotu nahi izan dugu, izan ere abestiak ikusezina izateari buruz hitz egiten du eta horixe bera salatzen zuen hein batean ‘Barre ala negar’ abestian Don Inorrez taldeak. «Inoiz izan dut sentsazio hori bai. Kontzertu batzuetan zero kasu egin didate baina zorionez edota karraka emanez lortu dut jendea gerturatzea. Baina badirudi batzuetan atentzioa erakarriz egon beha duzula etengabean. Gaztean, esaterako, ‘B Aldean’ jarri dute baina bestela ezetz esango nuke, pertsonalki idatzi dut eta ez dut erantzunik jaso. Ezpalak, bat esatearren, jarri dute eta zergatik ni ez kantu hau bera estiloz ez badago hain urrun? Hor badut sentsazioa ikusezina naizela, hortaz, jarraituko dut kalaka ematen», bukatu du Irazokik.