Zuzenean

Iker Gurrutxaga
NAIZ Irratia. MusikHaria saioko gidaria

Bost urte eta gero, Psylocibeneak hartuko du Bidehuts jaia

Ez dakigu diskoetxe, kolektibo, zigilu… zer nolako izendapen jaso behar duen Bidehutsek. Horretarako, besteak beste, Eneko Aranzasti, Lisabö taldeko bateria-jotzailearekin eta Bidehutseko kidearekin elkartu gara. Jaia antolatu dute ekainaren 2rako eta 3rako.

Audio_placeholder

Bost urte eta gero, Psylocibeneak hartuko du Bidehuts jaia

Loading player...
Audience taldea izango da Bidehuts kolektiboaren jaian oholtzara igoko den taldeetako bat.
Audience taldea izango da Bidehuts kolektiboaren jaian oholtzara igoko den taldeetako bat. (Jon URBE | FOKU)

«Guk ez dugu diskoetxe bezala ulertzen eta hasieratik ez genekien zehazki nola deskribatu, baina diskoetxe bezala ez genuen ikusten. Finean, sortu genuena eta sortzen dugun hori kolektibo bezala edota bertako taldeok erabiltzen dugun erreminta bezala ulertzen dugu Bidehuts», esan digu Eneko Aranzasti Bidehutseko kideak hizketan hasi orduko.
Hamazazpi urte pasa dira zigilua aurkeztu zenetik, hamasei ‘‘Ezlekuak’’, Lisabören diskoa, atera zenetik. Presarik gabe egin dute lana, baina horren arrazoia estrategiarik edota taktikarik ez izatea dela diote. «Talde bakoitzak markatu ditu bere denborak. Bidehuts sortu genuenean irizpideetako bat hori zen, askatasun hori izatea gure lanak aurrera ateratzeko», kontatu digu Aranzastik.

Hamalau artista desberdinen diskoak atera dituzte, ‘‘Coupages’’ delakoak edota ‘‘Txinaurriak’’ antologiaz gainera. Esan daiteke beren eredua geroz eta gehiago zabaldu dela Euskal Herrian, baina jakin nahi izan dugu ea denbora honetan jendeak eskaerarik egin ote dien Bidehutsen parte izateko. Horri erantzunaz, halako prosamenik ez dutela jaso esan digu Aranzastik, baina bai askotan galdetu izan dietela ea nola izan daitezkeen kolektiboko kide. Erantzuna, ordea, bitxia da: «Erantzun zuzenena da ez dela ezer egin behar, kasualitateak eman behar direla, ez dago bide zuzenik edo testik Bidehutsen parte izateko».

Eredu izan ote diren edo ez, ordea, ez dauka hain argi Bidehuts kolektiboko kideak, bere hitzetan, ez du uste zerbait berria sortu dutenik: «Gu Irunen errotuta gauden arren, urte gehiago daraman Psylocibe bezalako elkartea dugu Hondarribian edota Tolosan Bonberenea dago, Beran ez dira izen baten bueltan biltzen, baina, bere garaian, Ertz jaialdiaren inguruan musikarien kolektibo handi bat zegoen». Atentzioa eman zuena, ordea, hasiberriak ez izateak akaso gehiago eman omen zuen hasiera haietan. Eredu izatearen zera horren inguruan ordea, Aranzastik uste du «dena dela eredugarri, edozer da influentzia. Gasteizko Erraiakoek esan izan dute eredu izan garela, eta ohore bat da, baina haiek edota Balio Dute bezalakoek ere eragin dute gugan. Hortaz, ez gara ezer berezia izan, baina eredu izan gara».

Industriaren argazkia

Musikaren industriaren inguruan dauden elementu desberdinez ere aritu gara hizketan. Izan ere, 2006tik hona aldaketa handiak izan dira bai musikaren salmentan, bai entzuteko moduetan eta, zer esanik ez, baita zuzenekoetan ere. Erakunde eta programatzaileekin izan duten harremanaz galdetuta, «bi zatitan» banatu du erantzuna Aranzastik.
Bidehutsek, kolektibo bezala, nolabait ere edizio lanetan funtzionatu duela kontatu digu irundarrak: «Kontzertuak programatzen dituztenekin taldeek izaten dute harremana normalean, bakoitzaren agenda berak eramaten duelako eta ez Bidehutsek».

Baina asteburu honetakoa bezalako jaiak antolatzerakoan, noizbait tokatu zaie erakundeekin harremanetan izatea. «Donostia Kulturarekin tokatu zitzaigun horietako batean, eta erlazio normala izan da. Gero bada beste zati bat eta hori da disko-katalogo bezala enpresa profesionalekin izaten dugun harremana. Banatzaile profesional batekin badugu harremana, profesionala dena, baina ez dugu kontratorik, erlazio sanoa da eta hori da garrantzitsua, askotan horren atzean harreman pertsonalak ere egoten direlako».

Erakundeen inguruan galdetuta, pandemiak eragindako kalte ordainen inguruan sortu diren diru-laguntzetan zatirik egokitzen ote zaien galdetu diegu, baina ezjakintasuna zuen horren inguruan Arakistainek: «Ez dakit, mundu horretara ez garelako askorik gerturatu. Diru-laguntzekin eta ez dugu sekula bilatu eta eztabaida hori izan dugu askotan, mahai gainean jarri izan dugu eta sekulan ere ez diogu erantzunik ematen. Hortaz, ez gara erakunde publikoetara joan inoiz. Askatasun horrekin segitzen dugu, gure artean gauzak antolatuz eta gure artean babestuz. Orain arte horrela egin dugu eta horrela jarraitzea espero dugu».

Digitalaren aroak ere markatu du hein batean diskoen salmenta eta horren inguruko gogoeta zabala ere egin digu Bidehuts kolektiboko kideak. Gaia «oso zabala eta subjektiboa» dela egin digu azpimarra. «Adibidez, Lisabören ikuspuntutik eta azken diskoa ardatz hartuta, jendeak diskoak erosten jarraitzen duela esango nizuke eta Bidehutsen ere orokorrean baietz esango nuke, badagoela publiko bat diskoak erosten jarraitzen duena», aipatu du bateria-jotzaile irundarrak.

Banaketa digitalaren bueltan, berriz, streaming plataformak edota «Bandcamp bezalako adibideak» jarri dizkigu, baina baita «oraindik ere piratagoa den P2P zerbitzarien bidezko banaketa ere, hori ere banaketa digitala delako». Musikaren zabalkunderko interesgarria iruditzen zaion arren, «esperantza» badu disko fisikoa hor mantendu dadin, «Lisabören kasuan, disko fisikoa desagertzen bada, barne hausnarketa handia egin beharko» luketeelako: «Guretzat dena bat da, bai kantuak eta baita edizio fisikoa ere, eta hori aldaketa handia litzateke».

Dena dela sorpresa positiboa ere eraman omen du banaketa digitalaren bueltan. Izan ere, Bandcamp plataforman jarrita dute beren katalogo osoa Bidehutsekoek eta talde bakoitzak bere produktuak bertan jartzen ditu, nahi duten prezioan. Sorpresa, ordea, «borondatearen truke dauden horiek jendeak ohikoak diren preziotan, 5, 6 edota 7 euroan, ordaintzen dituela da eta hori bada polita bezain harrigarria», Aranzastiren ustez.

Ekainaren 2an eta 3an jaia

-Gailu eta Lisabö ekainaren 2an eta Audience eta Joseba Irazoki eta Lagunak hilaren 3an izango dira Hondarribiko Psylocibenea aretoan antolatu duten jaian parte hartuko duten Bidehutseko taldeak. Gaueko 22:00etan izango dira kontzertuak, baina, larunbatean, 20:00etan, mokadutxoa izango da bertaratzen diren guztientzat, «festa moduan eta guztiak ongietorriak dira, jakina». Gero, larunbatean, Irungo Lakaxitan emango diote jaiari segida, Psylocibeneako kontzertuak bukatu ostean. «Festaren parte bada kolektiboa osatzen dugunok elkarrekin ondo pasatzea eta, oraindik antolatu ez badugu ere, gure gustuko musika entzungo eta dantzatuko da bertan, lagun giroan», esan digu Eneko Aranzastik.

Duela bost urte egin zuten azken Bidehuts jaia eta horren inguruan galdetuta etorri da sorpresa. «Ospakizun moduan ulertu behar da baina diru-iturri garrantzitsua izaten da Bidehutsentzat. Horregatik jai hau testuinguru horretan kokatu behar da, azkenaldian zulo ekonomikoa sortu delako eta horri ere aurre egin behar zaiolako», esan du Aranzastik.
Errentagarritasuna eta beren eskaintza publikoaren eskura izatearen artean jartzen da balantza, baina horren inguruan ere filosofia bera dute Bidehuts kolektibokoek: «Geroz eta zailagoa da oreka hori mantentzea eta beti daramagu hori lantzen. Talde guztiek diskoaren prezioa jartzerakoan edo sarrera kudeatzerakoan, beti izaten dute kontuan. Lisabören kasuan beti egon da hori mahai gainean, baina orain diskoa bukatzera goazenean, prezioa finkatzerakoan, buruhauste handia izango da. Gauza da guk ez dugula luxuzko produktu bat sortu nahi, eskuragarria izatea nahi dugu, baina prezio justu batean eta hori ez da erraza izaten. Eta martxan hasten garenean hurrengo erronka hori izango da, gauza bera gertatuko baitzaigu sarreren kontuarekin. Erronka handiak dira».

Bide horretan, sare sozialek askotan berebiziko garrantzia izan du askorentzat, ikusgarritasuna lortu eta arreta bereganatu izan duelako. Horren inguruan, ordea, beste ikuspegi bat du Aranzastik: «Batetik taldeek beren kontura egiten dutena dagoelako eta bestetik Bidehutsek egiten duena. Bidehuts bezala ez dugu erabilera askorik egiten, ez gaude erakusleihoan etengabean eta informazio puntu bat bezala erabiltzen dugu, mailing bat edota web orrialde bat bezala erabiltzen saiatzen gara».

Festa handia egingo dute, beraz, datorren ekainaren 2an eta 3an, drama albo batera utzi eta musikaz gozatzeko eta elkar bat egiteko. Dena dela, dramarik ez, baina datorrena zulorik gabe izatea opatzean, erantzuna ere Arakistainen neurrikoa izan da: «Zuloa tapatzeko oraindik jai asko egin beharko ditugula uste dut…».

Segi dezala luzaroan Bidehutsek, euskal musikaren eszenan paradigma aldaketa eman zuen zigiluetako bat baita ezbairik gabe.

Jaurlaritza Logoa