IRRATIA

Dena Irailerako x 26 | Agur esateko unea

Guztiak du amaiera bat eta iritsi da 'Dena Irailerako' saiorean 2021eko denboraldia agurtzeko unea ere. Umorez, gogotsu baina beste alde batetik ere triste agurtu behar izan dugu elkarren arteko harreman estuak tarteko.

Dena Irailerako, Tessa Andonegirekin

Arakatzaile honek ez du audio elementua onartzen.


Ez da nolanahiko hilabetea izan elkarrekin igaro duguna 'Dena Irailerako' saioan kolaboratzaile, gonbidatu eta guztion artean. Uztailaren 27an ekin genion denboraldiari eta gaur bitarte denetarik entzuteko aukera izan dugu Naiz irratiaren uhinetan. Adierazpen-askatasuna horren garesti ordaintzen den garai hauetan, gure xedea izan da etorri zaizkigun bisitariak aske sentitzea eta bakoitzak, nahi zuena esateko libre senti zitekeen leku bat izatea. Lortu dugulakoan gaude, gure Derry propioa sortzea, errepublika autonomo eta independentea. Umorez burutu dugu beste behin ere ordea ostegun honek ekarritakoarekin.

Iker Plazaola kolaboratzaileak bat egin du gurekin eta bere azken eguna izan bada ere, hilabete osoan zehar egitea lortu ez duen erronka betetzeko aukera izan du. Irailaren 2 honetarako gidoi bat txukun-txukun prestatuta ekartzeaz gain, postprodukzio izugarria egin behar izan duen kantu bat ere prestatu du Ioar eta Tessarentzat. Azken eguna izanik beraz, ospakizunerako tarteak ezin zuen faltan izan eta lehiaketa berezi bat ekarri nahi izan digu prestatuta. Erronka zail horrek ordea, sari on bat ekarri behar zuen eta bere atalera gonbidatu izan dituen Potorrosinen zein Jaxinto Xubanen agur ahots-mezu batzuk entzuteko aukera izan dugu.

Urkok eta Kimok ere bat egin dute gurekin azkenekoz. Kronika musikatu ugari ekarri dizkigute beste behin ere eta hori gutxi izango balitz, beti moduan txukun-txukun prestatuta. Informazio ugariren bilketa egin dute astero-astero beraien ostegunetako tartea bete ahal izateko, asteko albisterik interesgarri edo garrantzitsuenak topatu eta horiei kantu bat aukeratzen adituak baititugu.

Saioa agurtu baino lehen ordea zerbait berezia ere egin nahi genuen, eta whatsapp bitartez jaso ditugun idatziko nahiz entzunezko zenbait mezu zabaldu nahi izan ditugu Naiz irratiko uhinen bitartez. 'Herriaren ahotsa' izenpean eman dugu ezagutzera tarte hori eta nahiko barre egin dugu beste behin ere, ez baitira umorezko mezuak faltan izan. Elkarri agur esateko ordua iritsita ordea, bakoitzak pare bat edo hiru minutu hartu nahi izan ditugu gure hitzak esateko, elkarren artean sorturiko harremana zerbait berezia izan delako eta familia modura eramango dugun zerbait izateaz gain, elkar ez dugulako erraz ahaztuko.