IRRATIA

Eneritz Furyak: «Arrain txiki guztiek bat eginda marrazoari aurre egiteko modua dute»

Disko berria kaleratu du oraintxe Eneritz Furyak (Irun, 1993) musikariak. ‘Emadan’ izeneko diskoa iluna dela dion arren, iluntasun horretan argia bilatzea norberaren lana da. Izan ere, mezu indartsu eta baikorrak ere barnebiltzen ditu artista irundarraren lan berriak.

Hasieratik bukaeraraino, argazki hau barne, bere eskuekin egin du Eneritz Furyakek ‘Emadan’ diskorako.

Arakatzaile honek ez du audio elementua onartzen.


Elkarrizketa hasi eta segituan sorpresa atsegina eman digu Eneritz Furyak artista irundarrak: ‘Behin baino gehiagotan jarri duzue abestia hemen’. Ez da ohikoena halako mezu bat jasotzea musikari batengandik eta antenan. Izan ere ‘Emadan’ kantuaz eta diskoaz aurretik ere hizketan arituak gara MusikHariako kolaboratzaileekin. Eta diskoari izenburua ematen dion kantuak berak, irekiera ematen dionak, hainbat galdera sortzen ditu.

Bai ‘Emadan’ eta baita ‘Sua’ kantua ere noka daude idatzita, baina ez daude pertsona bati zuzenduta: ‘Egia da nik hitanorik ez dudala erabiltzen egunerokoan, zuka aritzen naiz, baina kantuetan betidanik erabili izan dut. Hautu estetiko bat da, ez gainazaleko estetika, baizik eta sakonago doa kontua. Zentzua bera emakume bezala irudikatu nahi izan dute abestian. Normalean zentzua zerbait hotza eta analitikoa bezala hartu izan da eta balio horiek zerbait maskulino bezala lotu izan dira. Bada nik zentzua zerbait goxoagoa eta gertukoagoa dela aldarrikatu nahi izan dut eta noka egitea horregatik hautatu dut. ‘Sua’ abestian, berriz, emakume bati ahizpatasunaren zentzutik kantatu diot’.

Abestiaren zati batek horrela dio: «Berandu baina bailiteke inoiz sua itzali aitzin gure lekura heltzea». Metafora, ordea errealitate ere bihurtu zaio Furyaki: «Sua gertu sentitu dut. Ni Pausun bizi naiz, Urruñan, Irungo Bidasoa auzoraino iritsi zen sua, mugakide den auzora, alegia. Eta diskoan badira bi kantu suari lotuak, baina ez nituzke nahi ez niretzat ez abere eta zuhaitzentzat ere. Esaldi horrek, ordea, beste buelta bat du, gertatzen ari denaz ohartzen al gara? Askotan korronteak harrapatu eta eraman egiten gaitu gu izateari uzteraino. Ohartu ere ez gara egiten eta gertukoengandik ere aldendu egiten gara. Horri lotzen zaio metafora hori».

Dena dela. suarekin lotutako bi kantuetan ura dago presente. «Badira diskoan hautu xelebre dezente eta horietako bat da euriarena. Etxean grabatuta dago euriaren soinua eta entzuten da leihoan nola kolpatzen duen euriak eta katua dago horri begira. Hori ez da entzuten, baina nik badakit. Akaso oharkabean pasako da soinu hori, baina kontraesan horiek sartzea gustatzen zait, nahiz eta asko ez den jabetuko. Suaren kontzeptuari ura gehitzeak, gainera, tragikotasuna gehitzen dio, badirudi sutea dagoeneko gertatu dela», dio musikari irundarrak.

‘Suhartzea’ kantua da suarekin lotzen den bigarren pista. Euriaren soinua entzuteaz gainera, jendartea ere entzuten da eta Furyakek kontatu digu sartu dituen zarata eta soinu guztietatik hori dela berea ez den bakarra: «Lotsa-edo ematen dit hori onartzeak. Baina soinu honen egileak akaso hau entzungo du eta benetan eskertu nahi diot egin duenagatik, zoragarri grabatu duelako. Ordiziako azokan dago grabatua eta hizketa horretan euskara eta gaztelera egongo dira asko jota, marmar hori etxekoa egiten zaigu, zerutik jausitako soinua da. Alemana edo balitz, konturatuko ginen belarrira desberdin egingo zigulako. Diskoko kanturik auto-suntsikorrena da abesti hori, oso iluna, baina iluntasun horrekin gozatu egiten dut aldi berean. Jotzean ere autosuntsiketa hori eskatzen dit abestiak, gozo hasi eta gitarra kolpatuz mina hartzera iristen naiz eta oihu egiten dut. Grabatu aurretik zuzenekoetan ere jotzen nuen eta orain diskora ekarri dut elektronika eta soinuak gehituta eta esan daiteke kantu postena edo punkiena dela».

Zaratekin asko jolastu du disko honetan. Gitarra, teklatu eta abarrez gainera, elektronikaren atal horretan ere murgildu da Furyak disko honetarako: «Ausartu naiz, asko gustatzen zait mundu hori eta jolastera ausartu naiz. Elektronikaren atal hori maite dut eta zaratekin jolastu dut. Batzuetan propio gehitutako soinu elektronikoak dira eta beste batzuetan natural sortu diren zaratak, eta horiei ere beren tokia egin diet. Naturaltasun akustikoa eta elektronika ondo ezkontzen direla uste dut».

Etxean grabatutako diskoa
Grabaketa guztiak berak eginak izan dira eta geroz eta gehiagok zuzenean grabatzen duen arren, gauza bakoitza bere aldetik grabatu du Furyakek: Badaude bi hautu ero diskoan. Metronomorik gabe grabatuta dago batetik. Folketik eta rocketik nator eta kontziente ez nintzen gauza batez jabetu naiz. Instrumentu ohikoenekin aritzen garenon erronka izaten da natural jotzen dugun hori pixka bat zehatzagoa, robotikoagoa, izaten saiatzea azken emaitzan. Bada elektronikan kontrakoa da, zerbait oso karratua egiten dute eta humanizatzen saiatzen dira. Ni tartean nago oraintxe bertan eta pozarren. Klaketa gabe grabatu dugu baina, gero, nahasketak egiterakoan, koadrikulatzen saiatu gara. Soinuari dagokionez, egia da sobera profesionala ez den mikro batekin grabatu dudala eta baneukan hobeak lortzeko aukera, baina harekin egin dut guztia. Hori izan da bigarren hautu eroa. Jendeak jakin dezala gauza xumeekin emaitza txukunak ere egin daitezkeela, baldin eta gogoko badute behintzat».

Diskoan akordezko pianoa, midi teklatua, trikitia eta gitarra jo ditu Furyakek. Trikitia umetan jotzen hasi zen eta «mania pixka bat» ere hartu ziola kontatu digu. «Plazerez hasi nintzen baina gerora ez horrenbeste, erromerien munduan ibilarazi ninduen instrumentuak. Maitasun eta gorroto istorioa da, beraz, harekin dudana; folklorikoegia delako izan dudan harremana eta folklorea gogoko dut, baina ez hainbeste. Urruñan bizi naiz eta lauburuekin eta piperrekin nazkatuta nago eta trikitia diskoan sartzearekin erakutsi nahi izan dut hori, lauburu eta piper artetik ere atera daitekeela. Egia esanda sintetizagailu askoren artean dago trikitia, sandwich moduko batean, baina hutsean jota dago, ez dago midi teklatura eramanda. Akordeko pianoa, ordea, zuzenekoetara eramateko, derrigorrean sampler moduan prestatu behar izan dut.

‘Sinkropredazioa’ hitza ere gehitu du gure hiztegietara Eneritz Furyakek. Trabatzeko modua hitza dela esan diogun arren, berak ez du halakorik uste: «Kantuan esaten bada, erraz ateratzen dela iruditzen zait». Kantuaren jatorria ez omen da ordea izatez hain sakona: «Musikaren inguruan kantu bat idatzi nahi nuen, hortik eman zidan hego haizeak eta ideia horri jarraika, konparatzeko, itsasoa etorri zitzaidan burura, errazkeria akaso: uhinak, olatuak… Baina bueno, hiztegiaren fana ere banaiz eta hiztegien arteko bilaketa horretan agertu zen hitza, edo hori uste dut, amestu ez badut behintzat. Sinkropredazioarekin azaltzen da arrain txikiak marrazoek jan egiten dituztela, baina arrain txiki guztiek bat eginda marrazoari aurre egiteko modua dutela. Batasunaren kontzeptu horri idatzia dago kantua. Eta zelebre samarra da, ni bakarti samarra naizelako egia esanda, etxean ordu asko ematen ditudalako, baina aldarrikapen horren beharra zegoela uste dut».

‘Panoptikoa’ kantuarekin ixten du diskoa Furyakek: «Arkitektura mota bat da panoptikoa eta espetxeetan erabili izan da. Eraikin zirkularra da eta zeldak elkarri begira daude; erdian, berriz, kartzelako zaindariaren dorrea. Hala, beti zelatatuak direla sentitzen dute bertan preso daudenek. Baina interesgarriena eta nazkagarriena konfinamenduan gertatu den zerbait da, presoak elkarren zelatari bihurtzera iristen direla. Egiari zor, kantu hau idatzi nuenean amodiozko kantua behar zuen izan eta panoptikoan bukatu du, nahiz eta ihes egitearen puntu erromantiko hori hor dagoen kantuaren hondarrean. Letra aldetik esplizituena da, ez naiz gehiegi ezkutatzen eta konposizio aldetik atzera egiten dut pixka bat, Eneritz folkie-country batengana eramaten nau. Baina aurrera ere egin dut kantu honetan eta sartzea asko kostatu zaidan arren, zientzia fikzioko kutsua emateko-edo, ahotsari efektu robotiko bat sartu nahi izan diot. Aipatu, halaber, disko guztian ez dagoela perkusiorik ohiko moduan ulertuta baina kantu honetan perkusio kolpe batzuk badaudela eta erlojuaren orratzak irudika daitezke. Hartara, diskoaren eta kontatzen dudanaren bukaera irudikatzen dute kolpe horiek».

Autoekoizpena, zentzurik zabalenean
«Irazi taldeko Monok egin du nirekin batera nahasketa eta masterizazioaz bera arduratu da, baina gainerako guztia nik egina da», azaldu digu Furyakek. Bi bideoklipak bere lana dira, beraz, hasi eta buka: «Aurreko bideoak amateur samarrak iruditzen zaizkit eta orain egindako hauek ere akaso halakoak irudituko zaizkio askori. Itxialdian eta kroma baten aurrean eginda dago guztia. Lehenengoan ez bezala, bigarrenean nire burua kamera aurrean jartzea kosta egin zitzaidan, nahiz eta gero edizioan ondo pasa nuen. Auto-portraitak eta promozioko argazkiak ere nik egiten ditut normalean, lotsatia naizelako eta nahiago dudalako kamera nik neuk kontrolatu», gaineratu du Furyakek.

Diskoaren azala ere berak egina da, lorez betetako azala. «Argazki batzuetatik abiatu eta horrela osatuta dago. Elektronikan samplerrak egiten diren moduan, bada azal honetan dauden landare eta loreak ere erabilera libreko argazkietatik hartuta daude. Hamar kantu diskoak eta beste horrenbeste lore ikusten dira. Gakoa haragijalean dago, izan edertasun bat eta erromantizismo bat badago irudian eta horrekin apurtzen du nolabait ere landare haragijaleak. Alkatxofa bat ere sartu dut, ‘zomorrokeria’ bat egin nahi izan dut horrekin», kontatu digu irundarrak. Diskoaren azalarekin kantu guztien lyric bideoak egin ditu, azala mugimenduan jarrita eta kantuak idatzita: «Letradun bideoei jendeak ez die jaramon askorik egin baina animazio horiek eskuz eginda daude. Letra idatzi behin eta gainetik kalkatuz idatzita dago, zerbait soila da, baina lana ematen duena; eta argi neukan egingo nituela. Eskerrak konfinamenduari, bestela erotu egingo nintzen eta denbora libreak lan hori modu errazagoan egitea ekarri zuen», azaldu du Furyakek.

Diskoa aurkeztuz zuzeneko batzuk eman ditu dagoeneko eta berriak ere etorriko dira, «baina iragarri daitekeen bakarra diskoa entzun eta irudikatzeko zaila den toki batean emango dut. Ordizian izango da eta sagardotegi batean, Ordizia Rockekoek antolatu duten ekimen baten barruan. Uste dut, gainera, sarrerarekin sagardotegi menua ere hartu daitekeela. Baina aizu, zergatik izan behar du erromeria talde batek edo bertsolariak giro horretan beti? Maiatzaren 14an izango da emanaldi hori», esan digu musikari irundarrak.

Diskoa bertan eskuratzeko aukera izango da baina horrez gainera, ohiko disko saltokietan bada eskuratzeko modurik. Baita bere bandcamp orrialdean ere. «Hori bai, lehenengo auzoko disko denda txikietan erosten saiatzeko esan nahi diet entzuleei», eskatu du Furyakek.