«Zure barruari eta inguruari entzun eta horri jarraika sortzen dira doinurik ederrenak»
Hogeita bi urte Euskal Herritik kanpora eta oraindik ere egunero sumatzen du jaioterriaren falta Julen Giménez Sarasqueta (Donostia, 1980) musikari eta zinema zuzendariak. Beste proiektu batzuetan jardun eta gero, bere bakarkako lehen lan luzea kaleratu du ‘Otra vuelta en la montaña Suiza’.
Arakatzaile honek ez du audio elementua onartzen.
Julen Giménez Sarasqueta musikariak, egun Buenos Aires aldean bizi denak, 2020a bukatzerako atera zuen ‘Otra vuelta en la montaña Suiza’ izeneko diskoa. Donostiartasunetik eta herriminetik ere idatzi du diskoa Sarasquestak. Izan ere 2006tik dabil Buenos Airesen bizitzen. Hartara, argentinarrei azaldu behar izaten die diskoaren izena edota suitzar mendiaren izenaren jatorra. Baina ez dio inporta, horrela bere hiriaz hitz egiteko aitzakia bezala erabiltzen duelako diskoa. Azken bidaia fisikoki 2019an egin zuen familiarekin Sarasquetak. Fisikoki diogu, egunero herrira bidaiatzen baitu bere baitan. Gabi emaztearekin eta Isabella alabarekin etorri zen eta Igeldoko parkea ezagutzeko baliatu zuten: «Alabari gustatu zitzaion parkea, ‘Belle epoque’ garaiko kutsua baitu eta horren ondorioz bertan denbora gelditzen dela iruditzen zaigu», kontatu digu Sarasquetak MusikHaria saioan.
‘La Pesca de hoy’ izeneko lana izan zen bakarkako lehendabizikoa eta disko berrian ‘Traducer’ edota ‘La suerte’ bezalako kantuetan indie-pop estiloaren esentzia hori mantentzen du. Sidonie edota Los planetas bezalako taldeak etortzen zaizkigu burura doinu horiek entzutean. «Noise edota indie-pop musika entzuten nuen, El inquilino comunista bezalako taldeak nituen gogoko. Gainera, bitxikeria moduan, Bartzelonan bizi nintzenean aipatutako Sidonie taldekoek ondoko lokalean entseatzen zuten. Hala ere, disko honetan distortsioak eta gitarra indartsuagoak sartu ditut, emozioen errusiar mendi batean nebilelako konposatzerako garaian», dio artista donostiarrak.
‘La suerte’ kantuan itxialdiaz etxekoekin egoteko zorteaz hitz egiten du, gutxirekin konformatzeaz eta gutxi horrekin gozatzeko gaitasunaz: «Abenduan hasi zen Isabella klasean, astean hiru egunez eta ordubetez baino ez zen joaten eskolara. Interneta geneukan, ura eta argia ere bai, emaztea eta alaba ondoan… Ez nuen ezer gehiago behar». ‘Mal acumulado’ kantuan errusiar mendiaren kontzeptu hori oso ondo erakusten du, barruan gordetako hori kanporatzearen beharraz hitz egiten du gitarra doinu gozoak eta indartsuak tartekatuz. «Pandemia garaian denok bizi izan dugu krisialdiren bat gure barruan eta amorratuta egon gara. Ez bada kanpora ateratzen, barruan lehertuko denez, hobe barruko hori askatzea» esan digu Sarasquetak.
Kantu berezienetakoa ‘Curar’ izeneko bals azkarra izan da ‘Otra vuelta en la montaña Suiza’ diskoan eta musika berarentzat ere botika modukoa dela kontatu digu: «Joaten direnak ezin ditugu sendatu, baina gure bihotzak bai, eta hori kontatu nahi izan dut kantuan. Barruan edota kanpoan dauden energia eta sentimenduei jarraituz saiatzen naiz konposatzen, ez dut nire burua musika egitera behartzen. Zure barruari eta inguruari entzun eta horri jarraika sortzen dira doinurik ederrenak. Abesti hau egiterakoan ez nuen usteko erritmo honetan kantua egiteko gai izango nintzenik eta zain egoteagatik etorri zen kantua. ‘Curar’ egoera gogor batean sortu zen, Gabi nire emaztearen ama zaintzen genuen bitartean. Minbizia zuen eta bizpahiru hilabetez etxean bizi izan zen. Ni ez naiz piano-jotzailea, nota batzuk eta koltxoi pixka bat egiten badakit baina gutxi gehiago. Baina nire amaginarreba bai, hark pianoa dotore jotzen zuen. Hemen zegoela piano aurrean eseri eta sortu nuen kantua, baina lehen inpultso hartan Esther, amaginarreba, ari zen jotzen eta ez ni. Gerora ez naiz gai izan kantu hori berriz ere jotzeko eta piano-jotzaile bati deitu behar izan nion diskorako grabatu zezan. Berari eskainia dago kantua», kontatu digu hunkituta donostiarrak.
Grabaketak etxean
Etxean grabatu du musika ia guztia Julen Sarasquetak. Ekoizle lanetan berriz ere Carlos Abriola bateria jotzailea izan du bidelagun eta hark grabatu dizkio bateriak bere estudioan, baina gainerakoa etxean eginda dago. Sarasquetak jo ditu gainerako instrumentuak eta Gabi eta Isabellak lagundu die beren ahotsekin. Izan ere proiektu berria etxean zuen teklatu zaharra Isabella alabak eskatu zionean hasi zen. Horrek bultzatu zuela ikusita, trukean diskoan abesteko eskatu zion Julenek alabari: «Hamahiru urte ditu Isabellak eta musikarako zaletasuna garatzen eta beste artisten kantuak grabatzen ditu tarteka nire laguntzarekin. Gogotsu nabaritzen zaio eta nik zer esango dut bada, ahots zoragarria du». Gauzak horrela, ‘Otra vuelta en la montaña Suiza’ osatuko zuten abestien demoak Abriolari bidali zizkion eta horien gainean bateria grabatu eta bueltan bidaltzen zion Sarasquetari. «Askorentzat bitxia izango da, baina teknikak distantziara lan egitea baimentzen du eta horrela egin dugu lan Abriolak eta biok orain artean», dio Sarasquetak. Behin bateria hotsak jasota, berriz ere guztia grabau, estudiora bidali eta nahasketak egin ostean ‘Otra vuelta en la montaña Suiza’ kaleratzeko moduan zeukan Sarasquetak.
Aita-alaba arteko lan hori aberasgarria suertatu zaio gainera Sarasquetari eta etxean musikak duen garrantzia erakutsi dute ‘Salsón of a bitch’ izeneko kantuan. Isabellak Juleni musika berrirako bidea ireki diola kontatu digu eta normalean gogoko ez duen musika estiloak entzuten hasi dela alabaren eskutik, bere mugak zabalduz. «Kritika moduko bat egiten dugu kantu honekin baina aldi berean musika berria niregana nola iritsi den kontatzen dut modu ironikoan eta musikarekin jolastuz. Aitonak Beatles entzuten zuen bitartean ni bestelako musika entzuten egoten nintzen eta hura kentzeko nola esaten zidan gogoratzen dut kantu honekin. Niri ere halako zerbait gertatu zaidala uste dut. Ez ote naiz nire aitonaren parekoa izaten ari? Orain alabaren musika entzutean zerbaitegatik etortzen zait irudi hura burua», esan digu umoretsu Sarasquetak.
Batetik bestera musika lagun
Bartzelona, Buenos Aires edota Donostian ibili da murgilduta musikaren munduan eta non dagoen musikarako aukera gehiago galdetuta, ez dauka argi. «Eszena handiagoa da askoz ere Bartzelona edota Buenos Airesen, baina batzuetan Donostia bezalako hiri batean aukerak sortu daitezke. Buenos Aires Hego Amerikako hiriburu kulturala da eta berez eszena handia dago. Ongi moldatu naiz eta aukerak izan ditut bertan. Baina orain pandemiak hiri guztiak berdinak izatea ekarri du. Banituen kontzertu asko lotuta, baina guztiak bertan behera geratu zaizkit», esan digu donostiarrak.
Bartzelonan bizi izan zen garaian The Tea Servants taldean aritu zen eta gerora Steven Munard taldekidearekin ere musikan aritua da. 2003ko Benicassimgo Nazioarteko Jaialdian, FIB-en, jotakoa da besteak beste Sarasqueta. Baina gerora Argentinarako bidea hartu zuen maitasunari jarraika. «Zinema zuzendaria naiz eta hainbat lan egin ditut. Hartara, Alfonso Sastre idazlearekin proiektu baten inguruan hitz egiteko geratuta nintzen Donostiako Udaberri kafetegian. Ez zen agertu, baina Gabi agertu zen bertan. Ez dakit nola hizketan hasi ginen, Koldo Mitxelenako erakusketa bat ikustera joan ginen gero eta gaur arte», gogoratu du Sarasquetak.
Euskal Herritik kanpora 22 urte eramanda Euskarari eusteko sekretua non dagoen galdetuta zera erantzun digu: «ispiluaren aurrean jarduten dut euskaraz, lagunekin hitz egiten dudanean ere bai. Bestela, irratia entzunaz edota irakurriz jasotzen dut euskara. Badaude bizpahiru Euskal Etxe Buenos Airesen eta komunitatearen eguna ere badago, baina ez naiz gehiegi hurbiltzen bertara. Dena dela, esan beharra dago familian ospatu genuen lehendabiziko danborrada Buenos Airesko Avenida de Mayon izan zela. Aurten ez da egin, baina ETBko ‘Eztabaidan’ saiorako bi makil hartu eta zutabe bat joaz bideo bat grabatu nuen Euskal Herriko jendearentzat», kontatu digu donostiarrak.
Argi dago Donostia oso barruan daramala Sarasquetak eta opari moduan Mikel Laboaren ‘Gure bazterrak’ kantuaren bertsio bat helarazi digu MusikHaria saioarentzat: «Antiguan hainbat urtez bizi izan nintzen eta egunero-egunero ikusten nuen Matia kalean Mikel Laboa. Oroitzapen horiek gogoratuz eta berari omenaldi xumea eginaz bururatu zait bertsio txiki hau egitea». Izan ere nahiz eta han ongi eta pozik dabilen, Donostia eta Euskal Herria egunero sumatzen ditu faltan.Gainera, pozarren joko luke hirian kontzerturen bat. Diskoarekin landu duen irudia kontuan hartuta, ziur donostiar askoren bihotzetara iritsiko dela. Sarasquetaren bandcamp atarian dago bai entzuteko zein digitalki erosteko aukera.