Aldarrikapenez jositako reggae doinuak jaso ditu MG Banda arratiarrak ‘Ama sua’ lanean
Udaberrian kaleratu zuten ‘Ama sua’ lan berria MG Banda taldekoek. Orain arte, ordea, ez dute lan hori zuzenean aurkezteko aukerarik izan eta nahikoa isilpean pasa da aldarrikapenez jositako bost piezatako albuma. MusikHaria saioan izan da Aimar ‘Zoro’ Fernández taldekidea.
Arakatzaile honek ez du audio elementua onartzen.
Ez da inoiz gogokoa izaten zerbait prestatzen denbora bat pasa, kaleratu eta jendeari nahi moduan aurkezteko aukera gabe geratzea. Are gutxiago zerbait hori propio jendearen gozamenerako sortzen denean. Horixe gertatu zaie hein batean Arratiako MG Bandako kideei. 2020an kaleratu dute beren lan berria, ‘Ama sua’ izenekoa. Reggaearen esentzia guztia biltzen duena, tartean aldarte ona sortzen duen abestiekin, baina, orokorrean gizartean ditugun hainbat konturen kritika egiteari utzi gabe.
Aimar Fernández izan da MusikHaria saioan diskoa aurkezten eta hasieratik aipatu digu bizi duten egoera benetan dela beltza: «beltza ez kontzertuak eman ezin ditugulako, hori ere bai, jakina. Beltza, entseatzeko ere ezin izan dugulako elkartu, taldea bizirik mantentzeko elkarrekin egotea ezinbestekoa izaten da eta hori bera ere oso zaila izan zaigu 2020an».
Analogikoan grabatu dute diskoa. «Hori probatzeko gogoa genuen eta animatu egin gara ‘Ama sua’ lana egiteko garaian. Denak elkarrekin grabatu eta zintatan grabatu dugu. Pozik geratu gara emaitzarekin. Biniloan kaleratu nahi genuen eta ez genuen ulertzen digitalean eta akatsik gabe grabatzea gero euskarri horretan eskaintzeko», aipatu digu ‘Zoro’-k. Xabier Urrutikoetxea, aspaldian taldearekin zuzeneko teknikari lanetan aritzen dena, estudioan ere izaten da. Iñigo Olabarrirekin, Kantauri estudioko teknikariarekin, elkarlanean aritu da Urrutikoetxea.
Bilbora jaitsi eta reggae musikaz gozatuz artisau garagardo bat edatearen plazeraz, estatu batek izan dezakeen demokrazia ezaz edota aldaketa klimatikoaz hitz egiten dute beren kantuetan. Baita gizarteak duen aldaketaren beharraz ere. Guztia Arratiari erreferentzia bat baino gehiago eginaz, nondik datozen argi utziaz. «Euskal Herritik kanpora ez dakit halako gizarte kritikak egiten diren, bai bestelako hainbat gairena, baina ziur egiten dela. Gu horretan saiatzen gara, baina aldarte ona alde batera utzi gabe. Nahiz eta, egiari zor, batzuetan pixka bat bortxaz egin behar izaten den horren inguruan idaztearena. Nik neuk idazten ditut kantuen hitzak eta gai sakonago eta kritikoagoak lantzea errazagoa egiten zait», nabarmendu du MG Bandako abeslari eta baxu-jotzaileak.
Bost kantuetan reggae puruena topatuko dugu, umore onez edo pipertuta jartzeko aukerak oso ongi orekatzen dituen diskoan. Beren bandcamp orrialdean zein sare sozialetan eskuratu daiteke biniloan edota digitalean. «Bandcampean, gainera, eskaintza berezi bat jarri dugu martxan. Bidalketa gastuak erosten dituenaren kontura doazenez, trukean, opariren bat jasoko du erosten duenak: aurreko diskoren bat, kamisetaren bat…». Aukera ederra beraz, eskaintzak irauten duen bitartean.