IRRATIA

Dave Bieter: «Bi egun nahikoa izan dira aldaketa etorri dela nabaritzeko»

Pozik, oso, Donald Trump Etxe Zuritik kanpo izango delako laster, Dave Bieter 16 urtez Boiseko (Idaho) alkate izan dena, «askotan esaten da zerbait historikoa dela, baina kasu honetan bada, jendea normalizatzen ari zen Trump, eta hori ez da posible». Esperantza handia du lauzpabost aldiz bertatik bertara hitz egiteko aukera izan duen Joe Biden presidente hautatuarekin.

Dave Bieter eta Joe Biden, 2009an.

Arakatzaile honek ez du audio elementua onartzen.


Iaz arte Boiseko (Idaho) alkate izan da Dave Bieter, bestelako lanetan ari da orain baina gertutik jarraitzen du politika. Donald Trumpek hauteskundeak galdu eta biharamunean «oso pozik nago», esanez erantzun dio NAIZ Irratiaren deiari, «gogorra izan da baina irabazi du Bidanek eta egun ederra da».

Garrantzia berezia izan dute hauteskunde hauek bere esanetan, «askotan esaten da zerbait historikoa dela, baina kasu honetan horrela da. Trump normalizatzen ari zen jendea eta hori ez da posible, ezin da normalizatu». Orain Trump badoa, badoa? «Jendeak aurrera egiten badu Trump nahi eta nahi ez joan egingo da, bi egunetan dagoeneko ezberdintasun handia nabari da; ezin dut azaldu bi egunetan zer aldaketa ikusi dugun, jendea arnasa hartzen hasi da».

Ia edozein galdera eginda Trumpek Etxe Zuria uzteak eragiten dion poza aipatu nahi du Bieterrek, «nire familia Oñatin bizi zen Franco garaian eta hor ikusi genuena gero, hainbeste urte eta gero, Trumpekin ikustea, Francoren itzulera bezala da...», isiltasun tarte bat eta gero, «baina hori ia pasatu da, Joe Biden izango da presidente berria».

Biden eta Obama

Dave Bieterren izena maiz azaldu da euskal hedabideetan, maiz erabakitzeko eskubideari buruz, AEBetan sustatu dituen ekimenak tarteko. Azken aldietako bat, ordea, agian anekdota hutsa izan daitekeen kontu bategatik izan zen. Orain dela lau urte Barack Obama presidentearen bisita jaso baizuten Boisen, orduan Obamak euskal artzainen inguruan esandakoek zabalpen itzela izan zuten.

Pentsatzekoa da Joe Biden ere inguratuko dela Idahora, harreman estua baitu estatu honekin, «lauzpabost aldiz izan naiz berarekin hemen Boisen, harreman handia du Bidenek Idahorekin, berezia da berarentzat».

Presidente «ona» izango dela uste du Bieterrek, esperientzia baduela eta ondo arituko dela. «Hitz egingo dugu sei hilabete barru, ia zelan dabilen, eta ikusiko dugu, munduak Biden ezagututa onartuko duela uste dut».