Martin de Marte: «Lagunartean sortzen diren momentuek izugarri balio dute»
Hamaika abestiz osatutako lana kaleratu du Martin de Marte zarauztarrak. Karga positiboa duten abestiak eta giro ona transmititzen dutenak guztiak ere. Lagunartean zela jakin zuen diskoko abestien nahasketak egiteko beta izango zuela eta lagunartean sortzen den giro horri ere abestu dio. MusikHaria saioan izan dugu hori guztia kontatzen.
Arakatzaile honek ez du audio elementua onartzen.
'Euskaldun bat Marten' izeneko liburua kaleratu zuen 1982an Iñaki Zubeldiak. Marteko izaki batzuk Zarauzko muino batera jaitsi eta herriko mutiko bat eraman zutela; hori zen argumentu nagusia. Bada, hamar urte beranduago, 1992an, Martin Murua jaio zen Zarautzen; egun 'Martin de Marte' bezala bere burua ezagutzera ematen duen musikaria.
'Red River Ride' izeneko lana kaleratu berri du zarauztar gazte honek eta berezitasun nabarmenena, guztia berak grabatu duela da. Diskoan entzuten ditugun instrumentuak banan-bana jo ditu Martin de Martek, ondoren nahasketak egiteko. «Parranda giroan ginen Pedro Sanchezek konfinatuko gintuela jakin genuenean, eta, tira, zerbait positiboa bezala hartu nuen. Izan ere, diskoa ordurako grabatuta neukan eta nahasketak egitea falta zitzaidan. Hartara, itxialdia aprobetxatu nuen, lanik gabe nengoela baliatu eta nahasketak egiteko», kontatu digu zarauztarrak.
Modu xumean grabatu du diskoa. «Bakoitzak dituen baliabideak ditu eta guztiei animatu nahi nieke daukaten horrekin, zerbait kontatzeko edo adierazteko nahia badute, grabatu eta kaleratzera. Nik etxean ditudan mikrofono merkeekin egin dut ia guztia, horretarako baino ez daukadalako aukera. Pentsa, diskoa fisikoan kaleratzeko aukerarik ere ez dut izan, inbertsio handia delako», nabarmendu du musikariak.
Diskoaren azala ere berak egina da. «Anaiaren argazki bat erabili dut, 'You better ulertu' kantuko estetika nolabait ere gogora ekartzen duelako batetik, dibertigarria delako bestetik, eta anaiari omenaldia egin nahi izan diodalako ere bai», azaldu digu Martin de Martek.
«Zergatik Martin de Marte? Bada, umetan beti lainoetan egoten den horietakoa nintzelako, despistatu samarra ere banaizelako eta horrek guztiak nire barruko adierazteko modu bat garatu duelako», azpimarratu du zarauztarrak.
Santa Barbarako muinoan ez, parez-pare, Moilarri inguruan grabatu du momentuz bere bideoklip bakarra dena. Itsas bazterrera eramaten gaituzten doinuak, itsas labarrean jasotako irudiekin jantzi ditu Martin de Martek. Diskoa, berriz, bere bandcamp orrialdean jarri du deskargatzeko moduan, baina gainerako plataforma digitaletan ere entzun daiteke.
Eta, MusikHaria saioan aurreratu digunagatik, zuzenekoak emateko taldea ere prestatzen ari da. Eta eskertuko dugu, transmititzen duen karga positiboa sekulakoa baita.