Zuzenean

Hamar kantu berri dira Martin de Martek urtarrila honetan kaleratu duen ‘Nahiko ondo’ diskoan topatzen ditugunak. Alex Morok egin dio disko fisikoaren edizioa eta talde bera mantentzen du Muruak zuzenekoetarako. Datorrena, ekainaren 6an, Donostian, Sagueseko zabalgunean, Waxdayz ekimenaren baitan izango da.
Goxo eta lasai hasten da ‘Yolanda’ abestia, sintetizadore soinu jostariekin eta azken zatian alde bakarrean entzuten den gitarra deigarri batekin. Ahotsetan lan berezia egun duela nabari zaio Muruari eta lehen abestitik utzi nahi izan du hori nabarmen. Groove asko duen ‘Eskolatik kanpo’ kantuak ematen dio segida eta itsasoko kresala ekarri digu ‘Tulipan’ abestian.
Funkytik ere asko edaten du Martin de Marteren musikak ‘Cachemir’ kantuan nabaritu daitekeen moduan eta psikodelia dosi bat gehitu dio ‘Amellukas’ abestiari. ‘Pimientos a lo tigre’ abestian giro oso desberdinetatik mugitzen dira eta abiadura handitzen duen ‘Escena criminalen’ teklatuaren lana azpimarragarria bihurtzen da.
‘Endgame masterplan’ kantuak badu martetar puntu hori, baterian flanger efektua gehitu baitiote eta ‘MoonGF’ abestia laburra bezain betea da. Bukatzeko, ‘2030’ kantua dator, reverbaren eta garbitasunaren erabilera Muruak maisuki garatu dituen abestia.
Bizipen pertsonaletatik abiatutako gogoeta lurtarrak dira, eguneroko gaiak izan daitezkeenak, baina idazteko modu berezi, pertsonal eta umoretsuan. Ea zuzenekoak nolakoak izaten diren.