Josune Arakistain: «Ez dut ulertzen trikitixa txapelketetara baserritarrez jantzita aurkeztu behar hori»
Mundu tradizional batean aldaketak posible direla eta haietan sinisten duela erakutsi digu Lasturko musikariak. Soinu txikia aldean, bateko eta besteko plazak dantzan jartzen dabil Huntza taldearekin azken urteotan, nahiz eta aurretik ere plazarekin harreman estua izan duen.
Arakatzaile honek ez du audio elementua onartzen.
Lastur, ofizialki Gipuzkoako Debako auzoa den arren, herrixka bat dela esan genezake, Itziar bezalaxe. Bestela hitz egin Josune Arakistainekin (Lastur, 1996) eta hark argituko dizue. Bera jaio baina urtebete lehenago hil zen Lasturko ikur musikal garrantzitsuena, Sakabi soinu-jotzailea. «Nik egia esanda ez dut lotura gehiegirik izan Sakabirekin, baina haren soinuarekin Zumaiako Artadi auzoko txapelketan oholtzara igota nago» kontatu digu Josune Arakistainek.
Izan ere trikiti txapelketatan hasi zen jendaurrean soinu-jotzaile bezala, Alaitz Eskudero lagun zuela. Txapelketa horietan jendearekin konektatzeari ematen zioten garrantzia, baina atzera begira jarri eta bestelako ikuspegi bat du orain Arakistainek. Haren hitzetan «tradizioari oso lotuta dagoen giroa da, eta hura aldatu daiteke, gainerako tradizioak bezalaxe», aipatu digu Musikharia saioan.
Osatu digun musika zerrendari begiratu besterik ez dago, Arakistainek trikitia ulertzeko eta bizitzeko duen moduaz jakiteko. Egun Getarian ari da trikiti klaseak ematen, nahiz eta internet bidez egin behar dituen orain. Garaian esanda bezala, sorkuntzara bideratzen saiatzen da haren ikasleak, garrantzitsua dela uste duelako.
Baina Huntzaren inguruan galdetuta, lan berririk ez du aurreikusten Arakistainek. «Aurretik egindako kantuak jotzen aspertzen naizenean sentitzen dut berriak sortzeko beharra, eta momentuz ez dut halakorik sentitu» esan digu trikitilariak.
Bitartean, berak osatutako musika zerrendarekin gozatu beharko dugu. Spotifyn txukun-txukun jarri dizuegun zerrendarekin.