Zuzenean
«Herri interesak defendatuko baditugu, behar dugu herri gisa jokatu»
Mundu mailan nagusitzen ari den ezegonkortasunaren aurrean, «elkarlana» eta «0 kilometroko» politikak aldarrikatu ditu EH Bilduko Pello Otxandianok, euskal herritarren ongizatea bermatu eta «burujabetzan jauzi bat» emateko. Eskua luzatu die EAJ, PSE eta ezker konfederalari.
«Herri interesak defendatuko baditugu, behar dugu herri gisa jokatu»

Argi dute EH Bildun aro bakoitzak bere baldintzen araberako herri erantzuna merezi duela. Gaur egungo testuinguru soziopolitiko konplexu eta kezkagarrian beraz, egoeraz jabetu eta lehentasunak birpentsatzera deitu du Gasteizko Parlamentuko EH Bilduren bozeramaile Pello Otxandianok: «Herri interesak defendatuko baditugu, behar dugu herri gisa jokatu». Otxandianoren esanetan, «faxismoaren eraberritze bat» ematen ari da eta une historiko honetan «posizio demokratikoa» hartu beharra dago. «Akordio nazionalek ez daukate alternatibarik», nabarmendu du Otxandianok, «momentu historiko honetan gakoa da epe ertain-luzeko begirada bat eta alderdi interesak jartzea herri interesen azpitik», ondorioztatu du.
Gero eta gatazkatsu eta ziurgabeagoa den testuinguru global honetan, begirada zabalduz «gure esku» dauden «0 kilometroko politikak» elkarrekin garatzeko gonbita luzatu die EAJ, PSE eta ezker konfederalari EH Bilduko ordezkariak. «Elkarlan esparruak egon beharko dira. Lehia egon beharko da, eta lehia demokratikoa da baina horrekin batera lankidetza egon beharko da. Eta EH Bilduk hor eskua luzatuta dauka, baina horretarako erantzunkidetasuna behar da beste parte batzuetatik».
Erronka nagusiak identifikatuta, lankidetza horretatik jardun beharreko bi esparru nagusi identifikatzen ditu ezker subiranistak. Alde batetik, herritarren bizi kalitateari zuzenean eragiten dioten bizitzaren garestitzea, etxebizitza krisia (eta honen baitan bereziki gazteek etxebizitza lortzeko dituzten zailtasunak), gutxieneko soldata duina edota azkenaldian bigarren maila batera igaro den krisi ekosoziala. «Jendeak eskatzen duena da euren bizitzetan segurtasuna eta hori bermatzea da lehentasuna handietako bat», dio Otxandianok.
Bestetik, euskal nazioa subjektu politiko gisa bermatuko duen estatus berri batera heldu eta estatuarekiko harremana birkonfiguratzea da EH Bilduren beste lehentasunetako bat. «Herri honek bere burujabetzan jauzi bat eman behar badu eta gainera ultraeskuinari aurre egin beharko badio, horretarako elkarlana behar da», nabarmendu du EH Bilduko bozeramaileak.
Aurrekontuak Gasteizen
EH Bilduk eskatzen duen elkarlan horren eredu, Gasteizko Udaleko aurrekontuak aipatu daitezke, koalizio subiranista PSE eta EAJ gobernukideekin akordio batera heldu ostean. Talde politiko bakoitzak bere alderdikeriak baztertu eta herritarren beharrak lehenetsi dituen arren, gakoa Maider Etxebarria alkateak akordiorako erakutsi duen prestatutasuna izan dela iritzi dio Otxandianok, «akordioa egon dadin Gasteizen bete den baldintza da Maider Etxebarria PSEkoa da». Are gehiago, «deigarria suertatu» zaio EAJko Beatriz Artolazabal «ez atera izana Maider Etxebarria alkatearekin batera akordioa baloratzera».
Izan ere, Otxandianok berretsi duenez, EH Bildu «blokeatu» egin nahi du EAJk; «ez da ulergarria, EAJ nola tematzen den EH Bildu ekuazio politikotik ateratzen. Arduragabekeria izugarria da eta hori soilik ulertu daiteke baldin eta zure politikagintza badago hurrengo hauteskundeei begira».
Nazioarteko egitura berria
Pradales lehendakariak Suitzako Davoseko goi gailurrera egin duen bidaia ofizialari tiraka, nazioartetik eta bereziki Donald Trumpen bigarren agintaldia hasi zenetik ugaritu diren erronkei erreparatu die Otxandianok, Mark Carney Kanadako lehen ministroak foro horretan egindako irakurketan oinarrituta. «Ziur asko aldagai gakoa da AEBen hegemonia ekonomikoaren gainbehera», EH Biduko ordezkariaren arabera, «Trumpen administrazioak erabaki du bere dekadentziari aurre egingo diola eutsiz, ahal duen beste eta horretarako prest dagoela orain arteko jokoaren arauak apurtzeko, multilateralismoarekin bukatzeko».


