Zuzenean
«Azalpen posible asko daude baina ez dugu jakingo zerk egin zuen huts Amazonen Web Services-en»
Amazon Web Services zerbitzariak erorketa izan zuen astelehen honetan. EHUko Informatika Fakultateko Kanpo Harremanetarako eta Komunikaziorako Dekanorde Borja Calvok dio halako huts egiteen zergatia ezagutzea zaila dela. Kontsumitzaileak zerbiztu digitalen inpaktuaz jabetzeko beharra azpimarratu du.
«Azalpen posible asko daude baina ez dugu jakingo zerk egin zuen huts Amazonen Web Services-en»

Goiz latza izan zuten askok Amazon Web Services erori zelako. Zer gertatu zen?
Oso zaila da jakitea zehazki zer gertatu zen. Horrelako azpiegituretan arazo asko gerta daitezke. Arazo teknikoa, zehazki, izan daiteke hardware edo makinen arazo bat izana, tenperaturagatik esaterako. Guk ere gure zerbitzari txikiak ditugu EHUn. Hozketa-makinak apurtzean makinak berotu eta gelditzen dira. Azalpen asko daude baina ez dugu jakingo zer izan den, ez digutelako esango zerk egin zuen huts. Domino-efektu modukoa da, batek akats egin eta zerbitzu batek bestearen jarraian egiten du huts. Ez da ohikoa, baina tarteka gertatzen da.
Alderaketa egitearren, hosting bat gordetzeko kutxa antzeko bat da. Nolatan instalatzen dira hain urrun?
Hori da askotan ahazten zaiguna. Zerbitzu digital asko erabiltzen ditugu, bankuak, dendak, mugikorreko app-ak..., internetekin erabiltzen ditugunak. Uste dugu hori guztia lainoan dagoela, etereoa dela hori, baina hori toki fisiko bat da. Makinak, ordenagailuak, behar dira egitura berezietan gordeak, armairu moduko egituretan elkarrekin konektatua. Hori da laino horren euskarri fisikoa. Ordenagailu horiek oso ongi zainduak daude, monitorizatuak. Astelehenekoa nabaritu genuen akats bat izan zen, baina ziur naiz egunero daudela eta ez garela konturatzen. Astelehenekoa konturatzeko modukoa izan bazen ere, oso azkar altxa zuten dena eta segidan jarri zuten martxan. Zerbitzuen hornitzaileek egin beharrekoa hori baita. Negozioek haien zerbitzuak emateko horrelako zerbitzariak behar dituzte eta gehienek egiten dutena da teknologia handiko hornitzaileak kontratatu, kasu honetan, Amazon.
Bereziki bankuetan izan zen arazoa. Txartelarekin ordaintzeko plataformetan?
Kasu honetan oker ez banago arazoa Redsys sistemak izan zuen. Ordainketak kudeatzeko sistema nagusia da eta haien zerbitzua eskaintzeko Amazonen azpiegituraren bitartez egiten dute neurri handi batean. Gertatzen dena da erorketa edo arazo ziur aski fisiko hori, Virginian (AEBn) gertatu zela eta horrek eragina izango zuela beste zentro batzuetan. Amazoek zentro pilo bat ditu munduan zehar banatuta, zentro horiek kudeatzeko Amazonen azpiegiturak erabiltzen dira eta beraz menpekotasun-kate hori emango zen. Beraz Virginian hasi eta honaino iritsi zen efektua. Mundu global eta digital batean bizi gara eta lokalizazioa honezkero ez da hain garrantzitsua, edonon gertatutakoak edonon izan dezake eragina.
Euskal Herrian datu zentroak ezartzea aurreikusten da?
Zaila da. Adimen Artifizialarekin ikusten ari gara beharrak handitu direla, datuak prozesatzeko zentroak behar baitira Adimen Artifizialeko sistemak eraikitzeko. Teknologia honen beharrak handiagoak dira eta beraz toki guztietan ari dira bilatzen datu zentroak instalatzea. Eta ez soilik behar horregatik, baita menpekotasunik nahi ez dugulako ere. Europan kezka dute AEBko enpresekiko dagoen menpekotasunarekin. Zaragozan jarri nahi da zentro bat eta hemen Euskal Herrian bilatzen ari dira horrelakoak, baina nik dakidala oraindik ez dago ezer itxita. Zenbait ikerkuntza eta enpresarako badira horrelako kluster eta zerbitzari zentroak, baina ez hain komertzialak. Hemen ere badaude super ordenagailuak, esaterako, berriki inauguratu den ordenagailu kuantikoarekin loturan ere badaude horrelako zentroak. Baina horien erabilera ez da hain komertziala.
Zerbitzu eta teknologia hauen kontrapuntua hauek duten energia kontsumoa da.
Bai. Gehien bat txikiak edo ertainak diren kasuetan elektrizitatea eta ura behar da hozteko sistementzat. Horrek lagundu beharko liguke hausnartzen doakotzat ditugun gauza asko, whatsapp bat bidaltzea edo sare sozialetara zerbait igotzea, fisikoa dela. Zerbitzu horiek eskaintzeko zentroetan kontsumo elektriko altua dago. Sistemen funtzionamenduak eskatzen dutelako, baina baita tenperatura jaisteko kontsumo handia dagoelako ere.
Astelehenean kasualitatez AEBko irakasle bat egin zen gurekin. Eta hark azaldu zigun AEBetan kasu asko eman direla halako zentroen ondoko herrietan. Kontrolik ez dagoenez, urarekin arazoak izan dituztela adibidez. Europan zorionez gauzak askoz hobeto kontrolatzen ditugu eta zerbait instalatzean zer ondorio izango duen zaintzen dugu. Baina erabiltzaile bezala ere jakitun izan behar gara eragiketa digital guztiek karbono aztarna bat dutela eta, beraz, kostu bat dutela.


