Zuzenean

Gitarra, mandolina, Rhodes teklatua… halako soinuekin abiatzen da ‘Hemen’ diskoa, Harria taldearen bigarrena. Izen bera darama kantuak eta hemen eta orain gertatzen direnez ari da hizketan, egunerokotasuneko gauza txikietan dagoela handitasuna aldarrikatzen du abestiak. Soka instrumentu gehiago datoz ‘Hilezkorrak’ kantuan, biolina entzuten baita bertan, eta hammond teklatua ere erantsi diote abestiari. Ez da alferrik joan Fredi Pelaezengana Harria taldea, Pottoko estudioan izan dira bgiarrenez.
Isis, Nun eta metafisikaren inguruko hainbat kontu aipatzen dizkigu Aldanondok ‘Ikusten ez dena’ kantuan. Aurreko diskoa kaleratzean alkimiaren inguruan aritu ginen hizketan berarekin eta, oraingoan, egiptologia ere izan dugu hizpide. Oso kantu folkiea da, akordeoiak halako ukitu bat ematen diona, gitarraren gordintasun gorena mantentzen den abestian. Zikintzasuna dator, berriz, ‘Naturaren ziklo eternala’ abestian, eta, zergatik ez, barroko garaiko musikaren kutsuak ere badituela esan dezakegu.
Maitane Azkarateren ahotsak hartzen du protagonismoa nabarmen ‘La corniche’ abestian. Pianoa eta ahotsa gailentzen diren kantu honetan, Benito Lertxundiren unibertsora ere bidaiatzen dugu Harriaren eskutik. ‘Hemen II’ kantu blueseroan badago halako anarkiaren aldeko mezu bat eta ‘Argi izpi bat’ jazzeroan, berriz, oraina bizitzearen aldeko mezua dator bigarrenez diskoan.
‘Bele beltzen lurraldetan’ bidaiatzera eraman gaitu country giroko kantu batekin Harria taldeak eta, bukatzeko, ukitu arabiarrak dituen ‘Barronalean’ kantua dator, bouzukia eta guzti erabili dituzten abestia. CDan eta biniloan kaleratu dute diskoa, Simon Vandammek egindako diseinu dotorea dakarrena. Zuzenekoak ere laster etorriko dira, baina, momentuz, diskoa barneratzeko sasoia da. Entzun eta gozatu Harriaren diskoarekin.



