Zuzenean

Peli Lekuona | Aritz Santamaria

«Armagabetzearen bide-orria zehaztea eta herri borrokalarien integrazioa dira erronka nagusiak»

PKK gerrilla kurduak armagabetze zeremonia burutu berri du Hego Kurdistanen. Bertatik bertara jarraitu zuen armagabetze zeremonia hau, Igor Zulaikak, EH Bilduko Nazioarteko Harremanen arduradunak eta legebiltzarkideak, eta NAIZ irratian azaldu ditu armagabetzearen nondik norakoak.

Audio_placeholder

«Armagabetzearen bide-orria zehaztea eta herri borrokalarien integrazioa dira erronka nagusiak»

Loading player...
Igor Zulaika, EH Bilduko Nazioarteko Harremanen arduraduna, NAIZ irratiko estudioetan
Igor Zulaika, EH Bilduko Nazioarteko Harremanen arduraduna, NAIZ irratiko estudioetan (EH Bildu)

1984. urtean hasi zen gatazka armatuak beste bide bat izango du aurrerantzean. Gatazkan 45 mila bat lagun hil dira, eta aurreko ostiralean egindako armagabetze zeremoniarekin bide berri bati hasiera eman zitzaion. Horren lekuko Igor Zulaika izan zen, EH Bilduko Nazioarteko Harremanen arduraduna, eta NAIZ irratian «oso berezia» izan zela azaldu du: «Bertan zeuden kurduentzat oso hunkigarria izan zen, bere herriarekiko konpromiso maximoa izan duen jende batek beste pauso bat aurrera eman zuelako».

Armagabetze zeremonia «ekitaldi sinboliko» gisa definitu du, «koreografia eder bat». Izan ere, Zulaikak azaldu duenez prozesuak ez du «oraindik bide-orririk». Hala ere, hizpide dugun armagabetze zeremonian zenbait aldarrikapen egin zituzten: «Borrokalarien herri integraziorako bidea eskatu zuten, hori ez dagoelako momentuz argiturik». Zulaikak uste du «erronka handia» dela birgizarteratze hori.

Turkiako Gobernuak elkarrizketak hasteko armagabetzea ezinbesteko neurritzat jo zuen. Bi aldeen arteko elkarrizketak martxan daudela azaldu du EH Bilduko Nazioarteko Harremanen arduradunak; izan ere, Abdullah Öcalanek gobernuko kideak ez ezik, beste alderdietako kideak ere jaso ditu Imraliko kartzelan. Gainera, Erdoganek jakinera eman duenez, Turkiako Parlamentuan batzorde bat eratuko dute kurduen eta turkoen elkarbizitzaren etorkizuna marrazteko. «Oso berri pozgarri eta itxaropentsua da», gehitu du.

Gatazka armatuaren amaieraren zergatiak ere aztertu ditu Zulaikak: «Konfederalismo demokratikoaren alde egin dute kurduek». «Gaur egungo estatuen mugen baitan beste mota batetako egiturak sortzea, beste demokrazia eredu bat egon dadin, eta, beraz, estatu propioa izan beharrean, gaur egungo mugen barruan beraien soberania eta bizitzeko eskubidea errespetatua izan dadin Konfederalismo horren alde egin dute», zehaztu du.

Konfederalismo Demokratikoak Kurdistanen batasunari uko egiten ote dion galdetuta, Zulaikak kurduen hitzak ekarri ditu: «Lurralde bakoitzean Konfederalismo Demokratikoaren aurrerapausoak ematen diren heinean, kurduen arteko harremanak handituko dira». Gaur gaurkoz «estatu batean elkartzearen eztabaida ez dago mahai gainean, lurralde bakoitzean ahalik eta aurrerapauso gehien ematearen bideari heltzea da helburua».

Jaurlaritza Logoa