Zuzenean

Ekainak 28, LGTBIQ+ Harrotasunaren Nazioarteko Eguna da eta EHGAMek, Euskal Herriko Sexu Askapen Mugimenduak, egungo testuinguruan «amorru disidentea» antolatzeko deia egin du.
Ibon Egaña bozeramalea testuinguru orokorrarekin kezkaturik mintzatu da. Mendebaldeko gobernuen neurri transfoboak ugaritu egin dira, gorrotozko jarrera indibidualak ere ugaritzen ari dira eta horretaz gain, eraso arrazista geroz eta gehiago daude.
Gorrotoaren zabaltze hori sistemak ere bultzatu duela uste du Egañak, «kapitalismoak pobretzea sustatu eta erakundeek aterabide errepresiboak» ematen dituela ohartarazi du. Gehitu du, gazteen joeren inguruko mezu alarmistak zabaltzea ere ez dela komeni, gehiago «zein gizarte eredutan bizi garen jabetu eta norantza aldatzean» jarri du gakoa.
Askatasunaren merkantilizazioa
Azken hamarkadetan kapitalismoa euren borroka erabiltzen ari dela salatu du Egañak, merkatu bat balitz bezala. Enpresetatik sortu diren horrelako joerak erakundeak ere babesten ari dira: «Bilboko udala da adibidea. Bilbao Bizkaia Harroren bidez karroza desfilea antolatu dute eta tradizioz antolatutako manifestazioa zokoratu. Liberalismoak sustatzen duen askatasun ideia zalantzan jarri behar da. Askatasunez ari garenean ez gara askatasun indibidualez edo kontsumoaz ari. Horrek nor askatzen duen zalantzan jartzen dugu. Askapen horrek orokorra behar du izan eta ez soilik pribilegioak dituzten batzuei lotutako askatasuna».
Donostian eta Bilbon antolatu ditu EHGAMek jarduerak azken astean eta Donostiaren kasuan manifestazioa 18:30etan aterako da larunbatean, Palestinako genozidioaren eta faxismoaren kontrako leloa izango dute pankartan.


