Zuzenean

«Gure ustez aukera galdu bat izan da, arazo larri bati modu integralean eusteko»

Urtebete igaro da Bilboko Emisio Gutxiko Eremua martxan jarri zenetik, eta udal-arduradunek ezarritako murrizketen balantze positiboa egin dute. Honi segika sortu diren iritzi kontrajarrien inguruan gehiago sakontzeko NAIZ Irratian izan da, Karlos Renedo, Bilboko Udaleko EH Bilduko zinegotzia.

Audio_placeholder

«Gure ustez aukera galdu bat izan da, arazo larri bati modu integralean eusteko»

Loading player...
Karlos Renedo, Bilboko EH Bilduko Zinegotzia
Karlos Renedo, Bilboko EH Bilduko Zinegotzia (NAIZ Irratia)

Urtebete igaro da, herritarren bizi-kalitatea hobetzeko nahiari jarraiki, Bilboko Emisio Gutxiko Eremua martxan jarri zenetik, eta Udal-arduradunek 2030erako Europako jarraibideak betetzeko ezarritako murrizketen balantze positiboa egin dute. Gaiak ordea, aldeko eta aurkako iritzi kontrajarriak sortu izan ditu, baita udalbatzan ere. Hori horrela, Karlos Renedo, Bilboko Udaleko EH Bilduko Zinegotzia izan da NAIZ Irratiko Bilbotarra saioan.

Renedok argi azaldu du, legea ezartzearen beharra Europatik iritsi zela eta ez beste inondik. «Legea bete behar zelako egin da neurria. Hasieratik esan genuen hau behartuta egiten zutela eta ez konbentzimenduagatik». 

Hasieran egindako diagnostikoarekin ere bat ez zetozela azaldu du Renedok. Finean auzoetako airearen kalitatea txarragoa dela erdialdekoa baino, eta honetan Udal Gobernuak eragin nahi ez izana mahaigaineratu du. «Non dago aire kalitatearen egoera txarra eta non ona? Eta non egin dugu interbentzioa hobetzeko kalitatea eta non ez dugu nahi egin? Gure ustez aukera galdu bat izan da modu integralean eusteko arazo larri bati».

2023ko azaroan, EH Bilduren udal taldeak zuzenketa batzuk aurkeztu zizkion Emisio Baxuko Eremua arautzen duen Ordenantzari, ‘benetan erabilgarria izan dadin’ eta ‘Bilbo osoaren eta bilbotar guztien bizi-kalitatea hobetzen lagun dezan’. Izan ere, adierazi zuten gobernu taldearen proposamena ez zela benetan Bilbotik eta Bilborentzat pentsatutako ordenantza bat; eta bere helburu bakarra espedientea betetzea zela, hau da, legeak eskatzen dituen gutxienekoak betetzea, eskaintzen duen aukera aprobetxatu beharrean.

Zuzenketa horien artean trafikoa hiriko beste eremu batzuetara eramatearen arriskua, edo eta, sentsibilitate bereziko eremuetan ordenantza honek izan zezakeen inpaktua zeuden. Urtebete igaro ostean ordea, ezin izan dute hipotesi hauen ondoriorik atera ez dagoelako daturik. Hala ere, hurrengo urtera begira honi lotutako txosten bat egonen dela adostu dute.

Etorkizunera begira, emisio gutxiko eremua benetan bidezkoa eta eraginkorra izan dadin eman beharreko urratsei dagokionean EH Bilduk argi du zein diren pausuak. «Hasteko eta behin, bizilagunen aldarrikapen historikoak betetzea: Errekalden A-8a kendu behar da, errepide nagusiak auzo periferikoetatik atera behar dira… Hori da lehenengo konpromiso politikoa. Eta bigarrenik gogoeta bat egin beharko dugu, benetan hiri osoan, eta ez bakarrik eremu edo auzo batzuetan, hobetzeko airearen kalitatea».

Jaurlaritza Logoa