Zuzenean

Gustuko du jendeak arbasoen iraganera begiratu eta horri epika eranstea; nolabait ere erokeriatik gertu legokeen ausardia goraipatu eta aldarrikatzea. Gustuko dugu pentsatzea Norvegia, Islandia, Ternua eta aurrerago Patagoniaraino joan ziren arrantzale horiek besteak baino urrunago joateko prest zeudela, mugak besteak baino muturrerago eramaten zituztela. Baina arrazionalagoa da azalpena, ausardia eta epikarik ukatu gabe.
Kantauriko isurialdea pobre izan da beti lur emankorretan, baina aberatsa burdin eta kalitatezko zuretan. Mendez garatzen joan zen itsas jakintzei batuta, espezializazio horrek munduko marinel eta arrantzale onenen artean egotera eraman zituen Euskal Herrikoak, gaur egun arte. Hori bai, gizonek eta gizonentzako idatzitako istorio bat izan da, emakumeari zor zaion lekua aitortu gabe.
Historialari eta antropologoen laguntzaz, hainbat erpinetatik begiratuko diogu arrantzaleen historiari Sarea Galdu Aurretik podcastaren bigarren atal honetan.