Zuzenean

Arantxa Caminos eta Maialen Diaz gonbidatu ditugu Iruindarra saiora. Lehena Lantxotegi Elkarteko kidea da, besteak beste, Kabia proiektua jarri du martxan, Nafarroako biztanle migratzaileen eta bertakoen arteko zubi-lana egitea helburu duen proiektua. Maialen Diaz aktorea da, oholtza gainekoak zein atzekoak egiten badu eskarmentua, bere ibilbidean jaso ditu hainbat sari ere, tartean Donostia Hiriko Kutxa literatur saria 'Herri hura' antzezlanagatik. Antzerkiak duen indar transformatzaileaz jakitun, egun antzerki komunitarioan dabil buru belarri.
Iruñean, asteazkenero San Frantzisko plazan elkartzen da taldetxo bat, Teatrodix proiektuaren baitan: «Inoiz ez dakigu ez nor ez zenbat lagun etorriko den», azaldu digu Diazek, baina daudenek hartzen dute hitza eta lekua, eta horrela, urte osoan luzatu den laborategi herrikoian sortu dute 'Estas canciones viajan conmigo' antzerki komunitarioa. Maialen Diaz antzerkigile eta aktoreak zuzentzen du orkestra «baina helburua da figura hori desagertzea dio», eta besteak beste, Lantxotegiko hainbat kidek hartzen dute parte, tartean, Arantxa Caminosek. Oso esperientzia aberasgarria izan dela aitortu digute, eta aldez aurretik imajina ezin daitezkeen momentu ugari sortu direla laborategian.
Zubiak eraiki asmoz sortu den beste ekimen bati ere egin diogu tokia 'Iruindar Berriak' saioan. Apenas urte bete du Arrotxapea auzoko ElHadji gune autogestionatuak. Bertan egiten diren ekimenak eta lan moldeak ezagutu ditugu.