Zuzenean

Ipar eta Hego Euskal Herriak bat eginez, egitarau zabala antolatu dute asteburu honetarako eta herriko plaza kuadrilez beteta izan dute goizean goizetik. NAIZ Irratian izan da Irati Seijo, antolatzaileetako bat, jaialdiaren berri ematen.
«Iparraldeko Haizeak historikoki herrian antolatu den ekimen bat da», azaldu du Irati Seijok. «Iaz, Aittitta Txiki elkarteak errelebo faltagatik utzi zuen. Horrek herrian egonezina sortu zuen, eta horixe izan zen bultzada: beste batzuek hartu genuen ardura, haize berri bat emateko».
Eta hain zuzen ere, «haize berri horiek» dira aurtengo leloaren funtsa: «Iparraldetik Lekeitxora haize berriak datoz». Berrikuntza horiek ez dira soilik egitarauan antzematen, baita izaeran ere. «Ekimenak pertsonak egiten dituzte, eta pertsona berriek forma berriak dakartzate. Horregatik, haize berriak», dio Seijok.
Jaialdiaren ardatz nagusia, ordea, ez da aldaketa soilik, baizik eta lotura bat berreraikitzea, muga fisiko zein mentalak gaindituz, euskararen bidez. Irati Seijoren hitzetan: «Batzuetan bi herri desberdin bezala bizi dugu Ipar eta Hego Euskal Herria, baina euskara da batzen gaituen haizea. Banatzen gaituenaren gainetik, partekatzen dugun lurraldea da euskara».
Plaza eta auzolana bihotzean
Egitaraua ostiraleko bertso saio ibiltariarekin hasi zen, eta larunbata bihurtu da egun nagusia: kaleetan, ekoizleen azoka (Iparraldeko eta Hegoaldeko produktuekin), umeentzako jolasak, erronka dinamikoak gazteentzat, eta plazan giro handia. Goizean goizetik kuadrillak sukalki txapelketarako prestaketetan murgilduta aritu dira, kale animazioaz inguratuta. Arratsaldean dantza ikuskizunak izango dira eta iluntzean Txirris txaranga egongo da gaua girotzeko.
«Aurten proposatu dugu plaza bera bihurtzea elkargune, elkartek ez duten gazte kuadrillak ere parte hartu ahal izateko», adierazi du Seijok. «Modu horretan, herriko kaleak eta gune ezberdinak girotzen dira, parte-hartze irekia erraztuz».
Ekimenaren arrakasta ez da soilik egitarau zabalean neurtzen, baizik eta herriak erakutsitako konplizitatean eta nortasunean. Lekeitiok berriro hartu du arnasa, eta euskara bihurtu da haize berrien gidari.


