Zuzenean

NAIZ irratia

Adi eta Ari | Baina juntagailua

[2x8] Kapitulu honetan landuko dugu aurkakotasun maila bat duten perpausak lotzen ditugula 'baina' juntagailuarekin.

Audio_placeholder

Adi eta Ari | Baina juntagailua

Loading player...
Ijito ikasleak
Ijito ikasleak (Jon URBE | FOKU)

ANDER:
Egun on, Nerea.

NEREA:
Baita zuri ere, Ander.

ANDER:
Txosten bat irakurtzen harrapatu nauzu.

NEREA:
Zer izenburu dauka?

ANDER:
'Ijitoekiko pertzepzioak eta jarrerak'. Ikuspegi immigrazioaren euskal behatokiak 2022. urtean egin zuen txosten hau.

NEREA:
Zer aztertu dute?

ANDER:
Ijitoak nola ulertzen, kontsideratzen eta hartzen ditugun. Ijitoekiko gure jarrera deskribatu dute txostenean.

NEREA:
Eta zer ondoriotara iritsi dira?

ANDER:
Onartzen dugu bereizkeriaz jokatzen dugula ijitoekin, baina hala ere ijitoak baztertzeko joera izaten dugu.

NEREA:
Zer esan nahi du baztertzeak?

ANDER:
Esate baterako... etxea alokatzeko edo lan-kontratua egiteko momentuan, atzera egiten dugu.

NEREA:
Dena den, ijitoak diskriminatu egiten ditugula onartzen al dugu?

ANDER:
Bai, baina gero gugandik urrun nahi izaten ditugu.

NEREA:
Nork azaldu du azterketa hori jendaurrean?

ANDER:
Julia Xerxneva da Ikuspegi behatokiko zuzendaria. Euskal Herriko Unibertsitateko irakaslea ere bada. Errusiarra da sortzez. Orain dela hamabi urte etorri zen hona. Asko daki immigrazioaz.

NEREA:
Euskalduna da orduan?

ANDER:
Bai, nahiko ondo moldatzen da. Elkarrizketa egin zioten NAIZ Irratian. Entzun nahi al duzu zati bat?

NEREA:
Noski. Ipini grabazio hori, mesedez.



AUDIOA-JULIA XERXNEVA


ANDER:
Beraz, ijitoen izaera onartzen dugu, baina haiekin batera bizitzea ez.

NEREA:
Bai, baina ez. Hizkuntza askotan gehien errepikatzen den esaldi mota da hori: Bai, baina ez.

ANDER:
Baina hitza juntagailu bat da, 'eta' juntagailu bat den bezalaxe. Eta eta baina dira bi esaldi lotzeko gehien erabiltzen ditugun juntagailuak.

NEREA:
'Eta' juntagailuak maila bereko perpausak elkartzen ditu.

ANDER:
Moduren bateko aurkakotasuna duten perpausak lotzen ditu baina juntagailuak. Esaldi ezagunena da: Bai, baina ez.

NEREA:
Norbait niri buruzko gauza onak aipatzen hasten denean, berehala pentsatzen dut laster esango duela: 'baina...'.

ANDER:
Oso atsegina zara, baina ez dut zurekin egoteko astirik.

NEREA:
Ederrak dira zuen abestiak, baina pixka bat tragikoak.

ANDER:
Trebea zara eskulanetan, baina lanpostu guztiak beteta ditugu.

NEREA:
Aizu, Ander, zein iruditzen zaizu dela euskaraz gehien erabiltzen dugun hitza?

ANDER:
Ez dakit. Beharbada... 'eta' juntagailua. Bestela... 'ez' edo 'bat'.

NEREA:
Eta ondoren?

ANDER:
Izan eta egin aditzak asko esaten ditugu.

NEREA:
Eta gero?

ANDER:
Baina juntagailua.

NEREA:
Bueno, apuntatu ditut.

ANDER:
Asmatu al ditut?

NEREA:
Tira, kontsultatu egin behar nuke. Nolanahi ere, dudarik ez daukat izugarri erabiltzen dugula 'baina' juntagailua.

AUDIOA-JULIA XERXNEVA


ANDER:
Grabazio zati horretan Juliak bi bider esan du 'baina', eta behin 'hala ere'.

NEREA:
Baina juntagailuaren antzeko jokaera dute hauek: hala ere, hala eta guztiz, alabaina, alta bada, edonola ere, nolanahi ere, dena dela, zernahi gisaz...

ANDER:
«Denok berdinak gara; hala ere, ez ditugu ohitura berberak».

NEREA:
«Denok berdinak gara; edonola ere, hizkuntza ezberdinak izatea primeran dago».

ANDER:
«Denok berdinak gara; dena dela, aniztasunak asko aberasten du gizartea».

NEREA:
Batzuetan ordea hitza ere erabiltzen dugu baina ordez. Esan dezakegu sinonimoak direla ordea eta baina.

ANDER:
«Denok berdinak gara; ez digute, ordea, tratu egokirik ematen».

NEREA:
Zer ikasi dugu gaur?

ANDER:
Aurkakotasun maila bat duten perpausak lotzen ditugu 'baina' juntagailuarekin.

NEREA:
Bai, baina ez. Lasai eraman, baina gero ekarri.

ANDER:
Lana badaukagu, soldatarik ordaintzeko dirurik ez, ordea.

NEREA:
Hemen etxerik ez da falta; nolanahi ere, ez dizkigute alokatu nahi.

ANDER:
Gustura jarduten dut zurekin hizketan, Nerea; hala ere, beti hizkuntzari buruzko kontuez arduratzen gara.

NEREA:
Laster itzuliko naiz zuregana, Ander. Baina hurrengoan nik jarriko dut gaia.

ANDER:
Ongi iruditzen zait. Berriz ikusi arte, zintzo ibili.

Jaurlaritza Logoa