Zuzenean

Sestaon, herriko batzordea buru-belarri ari da lanean, eta giroa berreskuratu eta herritarren parte-hartzea indartzeko helburuarekin, aurreko edizioan baino ilusio handiagoarekin heldu diote aurten erronkari.
Sestao ez da salbuespena, eta bertako batzordeko kidea den Aner Sertutxa NAIZ Irratian egon da euren egunerokoaren, motibazioaren eta aurtengo berrikuntzen berri emateko. «Frenetikoa izan da azken aste hau. Egitaraua osatzen, entitateekin harremanetan jartzen, kartelak banatzen… mila gauza egunero», aurreko edizioan baino antolaketa sendoagoa izatea lortu dutela nabarmendu du Sertutxak.
Aurten, herritarren parte-hartzean nabarmen igarri dute aurreko urteetako esperientziak utzitako arrastoa, «aurreko edizioan ez genuen giroa lortu, baina oraingoan ilusioa piztu da berriro. Jendea gogotsu dator».
Sertutxaren esanetan, Euskaraldiak hizkuntza ohituretan eragiten du, eta Sestaon ere euskara erabiltzeko aukerak sortzen laguntzen du, «sortzen diren elkarguneek laguntzen dute euskara gora igotzen eta euskaraz egiteko aukera gehiago edukitzen».
Euskaraldia udaberrian izateak ere onura ekarriko duela uste dute Sestaon, «udaberriko eguraldian beste giro bat dago. Jendea parte hartzeko gogo handiarekin dago eta hori erabaki oso ona izan da», iragarri du. Sestaoko arigune kopuruak ere gora egin du:«99 kide baino gehiago ditugu. Espero genuena baino askoz gehiago», esan du pozik.
Batzordearen lana ez da makala izan. Urtarrilean sortu zuten taldea eta herritarrak zein instituzioak elkarlanean dabiltza: «25 lagun inguruko taldea gara eta hainbat lantalde ditugu. Herritarren eta erakundeen arteko aliantza nabaria da, eta fruituak ematen ari da».
Eta, noski, ez dira ekintza bereziak faltako Euskaraldian. «Egunero izango dugu ekimen bat gutxienez. Ostegunean hasiera ekitaldia Platerran, eta ginkana, kalejira, abesbatzen emanaldia, dultzaineroak, erraldoiak… Egitaraua oso anitza izango da».
Giro ona, antolakuntza sendoa eta herritarren parte-hartze handia. Horiexek dira Sestaoko Euskaraldiaren aurtengo ardatzak. Eta guztia, lelo batekin: «Elkar mugituz».


