Zuzenean

Iraia Cambra | Peli Lekuona

«Turismoaz asko hitz egiten da, baina gutxi pentsatu»

Donostiako EH Bilduk, maiatzaren 12 eta 13an, turismoaren ereduaren inguruko gogoeta egiteko jardunaldi bat antolatu du. Ekitaldi horretan, Donostiako EH Bilduko zinegotzi den Markel Ormazabalek hartu du parte, hiriko turismoaren erronkak eta etorkizuna hizpide.

Audio_placeholder

«Turismoaz asko hitz egiten da, baina gutxi pentsatu»

Loading player...
Markel Ormazabal, Donostiako EH Bilduko zingotzia
Markel Ormazabal, Donostiako EH Bilduko zingotzia (Naiz Irratia)

Turismoak etengabeko hazkundea izan du Donostian, hala nabarmendu du NAIZ Irratian Markel Ormazal EH Bilduko zinegotziak, Aste Santuko datuak oinarri: «Gure hiriaren hoteletako okupazioa eta bisitaldiak gorantz doaz etengabe».  Turismoaren ereduaren inguruan independentistek antolatu dituzten jardunaldien harira izan da irratian Ormazabal. Oroitarazi du Donostian ez dela Aste Santua edo uda bakarrik turismoaren eragina jasaten diren garaiak, urte osoko fenomenoa dela baizik. Turistifikazioaren eragina auzo batzutan garrantzitsuagoa izan da; Parte Zaharra, Gros, Antiguo... eta horrek biztanleriaren jaitsiera eragin du.

Jardunaldi hauen helburua, hain zuzen ere, Donostiaren etorkizuna eta turismoaren jasangarritasuna aztertzea da. Ormazabalek turismoaren sektorea gainditzen duten hainbat galdera planteatu ditu: «Turismoak lanpostuak eta aberastasuna ekartzen ditu, baina nola banatzen da hori? Zein lanpostu sortzen dira eta nola lortzen dugu benetan turismo jasangarri eta orekatu bat?».

EH Bilduren ustez egoera honetan beharrezkoa da sektore guztien parte-hartzea, eta horren erakusle izan da LAB, ESK, CCOO, UGT eta CNT sindikatuen parte hartzea jardunaldian. Turismotik sortzen diren aberastasunak eta lanpostuak beti egon dira eztabaidagai, baina donostiarrei galdetu ezgero, «%80k uste du turismoak inoiz ez diola ekarpenik sortu».

Pandemiaren ondorioak eta langabezia

Ormazabalek pandemia garaian sektorean izandako aldaketei ere heldu die eta Donostiako langabezia tasen igoerak nabarmendu ditu. «Oso agerian utzi zuen zeinen zaurgarria den sektore hau. Donostiak beti eduki du langabezia tasa askoz ere baxuagoa eta, izatez, orain ere horrela du, konparatzen baldin badugu Erkidegoko gainontzeko hiriburuekin». Horren ondorioz, EH Bilduk Donostiako turismoaren etorkizunari buruzko «gogoeta kolektibo bat» egitea eskatu du.

Homogeneizazioaren aurkako kezkak

Turismoaren masifikazioaren arriskuei buruzko hausnarketa izan da jardunaldi honetan azpimarratutako beste puntu bat. Ormazabalek adierazi du turismo masiboak hiriko kulturaren eta berezitasunen homogeneizazioa ekar dezakeela. «Donostian, adibidez, gazta tarta batek eragin du turismoaren gailurra; gure postrea al da? Gure berezitasun kulturala al da? Ez. Baina norbaitek esan zien turistei Donostiara etortzean gazta tarta jan behar zutela, bestela ez zirela Donostian egon... Horrekin esan nahi nuena da, kasu honetan kultura eta berezitasuna nahasten direla».

Psikologiaren ikuspegia: bizilagunen sentipenak

Jardunaldietan parte hartu duen Xabi Minguez gizarte psikologiako irakasleak, Donostian turismoaren eragina bizilagunen ikuspegitik aztertu du. Minguezek azpimarratu du turismoaren sektoreari buruzko ikerketetan, lehen aldiz, herritarren iritzia eta bizipena kontuan hartu behar dela. Donostian, turismoaren eraginari buruzko lehenengo ikerketak egin ziren, eta horrek agerian utzi du karga ahalmena eta pertzepzio subjektiboak garrantzitsuak direla. Minguezek hau azpimarratu zuen: «Donostiako auzoek, toki bakoitzak, bere egoera berezia du turismoaren masifikazioaren aldetik, eta hori garrantzitsua da etorkizunean aztertzeko».

Jaurlaritza Logoa