Zuzenean

NEREA:
Egun on, Ander. Zer moduz?
ANDER:
Ongi. Eta zu, Nerea?
NEREA:
Ni, primeran. Baina tristatu egin nau NAIZ Irratian Martxelo Otamendiri egindako elkarrizketak.
ANDER:
Euskaldunon Egunkariaren itxieraren 20. urteurrena izan zen otsailean.
NEREA:
Denok gogoratzen gara 2003. urtean Guardia Zibilak itxi egin zuela, epaile baten aginduz. Hamar kide atxilotu zituzten, eta haietatik sei torturatu.
ANDER:
Izugarria izan zen. Zer kontatu du Otamendik irratian?
NEREA:
Estatu espainiarrak Egunkarikoak erabili zituela euskal gizarteari abisu serio bat emateko. Hau da, beldurra sartzeko; ez ditzagun egin aurrerapen politikoak, sozialak, kulturalak.
ANDER:
Historia aztertuta, ematen du euskalgintza kriminalizatzeko ahalegin bat egin zuela Estatuak.
NEREA:
Euskararen erabilera, euskal kazetaritza, euskal kultura aktibitate terrorista bat zela frogatu nahi zuten?
ANDER:
Bueno... esan dezagun Espainian giro oso txar batez azaldu nahi izan zutela euskalgintza eta euskararekin zerikusia daukan guztia.
NEREA:
Jendeak azkar eta serio erantzun zuen kalean, hedabideetan eta leku akademikoetan. Estatuaren zitalkeria geldiaraztea lortu zen.
ANDER:
Eskerrak!
NEREA:
Entzun ditzagun Egunkariaren zuzendariaren hitzak, mesedez.
AUDIOA - MARTXELO OTAMENDI
NEREA:
Espresuki erakundeekin batera antolatutako ekitaldiak ere izan zirela gogoratu du Otamendik.
ANDER:
Espresuki hitza bezalaxe, -ki atzizkia erantsiz hitz asko osatzen ditugu euskaraz.
NEREA:
Animalien haragiari erreferentzia egiteko baliatzen ditugu batzuk: txerrikia, ardikia, odolkia, tripakia, saiheskia...
ANDER:
Jatekoak izaten dira: barazkia, esnekia, itsaskia, jakia, gozokia, izozkia...
NEREA:
Tira, formula horixe bera aplikatzen dugu hitzen arloan ere: adizkia, hizkia, aurrizkia, atzizkia.
ANDER:
Zenbakiei ere txertatzen zaie -ki atzizkia. Adibidez: bikia, hirukia, laukia, zazpikia.
NEREA:
Objektuak izendatzeko baliatzen dugu: berokia, aterkia, tapakia, janzkia, inprimakia...
ANDER:
Baina Otamendik espresuki esan duenean, adierazi nahi izan du: nahita, berariaz, beren-beregi edo apropos. Eta hauek adberbioak dira.
NEREA:
-ki atzizkiaren bidez sarritan osatzen ditugu moduzko adberbioak, ederki edo gaizki bezalaxe.
ANDER:
Estatuak bereziki 'Egin' eta 'Egunkaria' kolpatu zituen.
NEREA:
Bortizki jokatu zuen eta, zehazki, prentsaren aurka.
ANDER:
Laburki esanda, egoera politikoaren aurrean maltzurki jardun zuten Estatuko indarrek.
NEREA:
Ekonomikoki kalte handia eragin zuten. Eta atxilotuentzat fisikoki ere gogorra izan zen.
AUDIOA - MARTXELO OTAMENDI
NEREA:
Poliki-poliki giro politiko zakar hura gainditzen ari gara, eta belaunaldi gazte batzuek ez dute ezagutzen tentsio modu hori.
ANDER:
Berriki entzun dut, Egunkaria indarrez itxi ondoren, hurrengo urratsak izan zitezkeela argitaletxeak ixtea, ikastoletan trabak ipintzea, sindikatuak zigortzea...
NEREA:
Kriminalizatze prozesu bat gerta zitekeen, egiazki.
ANDER:
Garai biziki zailak dirudite, gaurtik ikusita. Espainian eskuineko gobernuak oso gogorrak ziren orduan ere.
NEREA:
Zer ikasi dugu gaur?
ANDER:
Adberbio edo aditzondo asko osatzen ditugula -ki atzizkiaren bidez.
NEREA:
Batzuetan gehiegi erabiltzeko joera ere izaten da. Eta teorikoki esan ordez, teorian esan liteke; historikoki ordez, historian.
ANDER:
Nik nahiago dut tradizioz, tradizionalki baino. Eta batzuek legalki adberbioa erabiltzen dute, legez esan ordez.
NEREA:
Antzeko kasuak dira hauek: erregularki / erregulartasunez; baldarki / baldarkeriaz.
ANDER:
«Publikoki adierazi du» idatzi ordez, berdin idatzi liteke «jendaurrean adierazi du».
NEREA:
Edo berdinak dira «pertsonalki, ez dakit» eta «nik neuk ez dakit».
ANDER:
Egunetik egunera hobeki idazten eta hitz egiten ahalegindu behar genuke.
NEREA:
Berandu nabil, Ander. Bihar arte.
ANDER:
Ongi ibili, Nerea.
Hemen entzun dezakezu Martxelo Otamendiri egindako elkarrizketa.