Zuzenean

Urtea hasi denetik lanean 18 behargin hil dira Hego Euskal Herrian; iaz 66 izan ziren. Askotan, ordea, zifra ofizialak makilatzen saiatzen dira mutuak, erakundeak eta lan ikuskaritzak. Esaterako, garraio sektorean edo bidean hildakoak trafiko istripu bezala hartzen dituzte lan heriotza moduan baino; edota bihotzekoak jota hiltzen dena beste modu batean kalifikatu.
Iragan ostiralean hainbat testigantza eskaini zituen ELAk eta, besteak beste, deigarria izan zen kasuen baitan langilearekiko jazarpena ere sartzen dela.
Sindikatuko Oskar Abaden arabera, «enpresa gehienetan egin gabe doa osasun mentalaren edo arrisku psikosozialen inguruko prebentzioa». Arduragabekeria horren hainbat adibide ikusi izan dituzte 2020tik gaurdaino. Izan ere, langileek egoera umiliagarriak pairatuta ere, zigorra ez da neurrikoa izaten: alegia, «isun txiki bat enpresa handi batentzat».
Esan duenez, kasuok ez dute behar duten tratamendua jasotzen, enpresek ez dutelako horretarako borondaterik eta «oso merke ateratzen zaielako pertsonen bizitza urratzea, bai fisikoki bai psikologikoki».
Lan karga eta erritmoei buruzkoak dira enpresek mahaigainera ekarri ohi dituzten eztabaidak baina, Abadek salatu duenez, «erosoago daude beldur egoera batekin, prebentzio lana egitearekin baino».
Kontratazioa, inbertsioa eta babesa
Lan istripu ez traumatikoak ere aintzat hartu behar dira, eta horren adibide dira garraiolarienak, azken urteotan bereziki areagotu direnak. Gabezia handiak izaten dira sistemak berak lan jatorriko istripu gisa identifikatu eta onartzeko unean. Horrek are «gogor, luze eta mingarriago» bilakatzen du prozesua sendiarentzat eta lankideentzat.
Laneko ezbehar tasak direla eta, lan baldintzak ikuspegi orokorretik ez badira ikuskatzen eta prebentzio orokor bat egiten, «etengabe gertatuko zaigun arazo larria da».
Sektore txikiagoa da, adibidez, baso lanena, baina hori ere esanguratsua. Kasu honetan, Abadek zehaztu duenez, arriskua jarduerari berari dago lotuta, gune ez oso seguruetan egiten delako.
Hala ere, urterik urte lan istripuen inguruan egiten duten ikerketan, argi ikusten da arriskuak berdinak izaten direla beti: azpikontratak, inbertsio falta, eta formakuntza edo antzinatasun gutxiko kasuei loturiko esperientzia edo babes falta.
ELAtik salatu izan dutenez, prebentzio lan hori ez egitearen arrazoia da patronalek, oro har, kostu gisa ikusten dutela. Beraz, ez dute lehenesten legea edo inbertsioa bermatzea. Bestetik, erakundeen aldetik jarraipen bat bermatu beharko litzateke. «Urtez urte, eskaera berdinak luzatzen dizkiegu erakundeei behar bezalako jarraipena egiteko, behar diren zorroztasuna, denbora eta bitartekoak baliatuta».
Ardura zein arduradun anitzak
Hedabideentzat istripu hilgarriak izaten dira albiste baina, soilik horiei begiratuz gero, «dimentsio handi bat» geratzen da kanpoan. Bataz beste, astero istripu bat zenbatzen du sindikatuak; bi, urterik latzenetan. Txikiak izanik ere, «onartezin» jotzen dituzte zifra horiek: «askotan, gehienetan edo guztietan ez esatearren, legeak ematen dituen bermeekin, gehienak ekidin genitzake, eta hori da guretzat gogorrena».
Gobernuen arduraz ere plazaratu izan dute kexarik. Administrazioetako prebentzio zerbitzuek bitartekoak eman behar dituztela eta, aspaldi ari dira eskari zuzen bar egiten.
Zifra zehatzagoak eskaintzearren, lan ikuskaritzako teknikarien kopurua europar bataz bestekora iristeko, bikoiztu egin beharko litzateke Araba, Bizkaia eta Gipuzkoan, eta hirukoiztu Nafarroan. Hala, lehenengo kasuan 120 ikuskari beharko lirateke, eta 45 bigarrenean.
Badute arrazoirik fokua administrazioetan ipintzeko: haiek dute bitartekoak eskaintzeko, eskumenak gain hartzeko, zigortzeko edo prebentzioan sakontzeko aukera. «Orain arte, lan hau langileengan eta sindikatuongan deskargatu da», salatu du Abadek, «baina legez erakundeek bermatu beharko lukete legea betetzea eta betearaztea».
Adibide gisa jarri du Euskal Autonomia Erkidegoko hezkuntza publikoaren egoera «negargarria», iaztik salatzen ari direna. Araba osoan, esate baterako, bi teknikari dituzte esparru horretan, eta erkidego osoko hezkuntzan, berriz, arrisku psikosozialen arloko bakarra. Non eta hezkuntzan, arlo horretan bestelakoa baita arriskuok suposatzen dutena: «lan arrisku bat ez da altueratik jaustea, lan esparruen faktore psikosozialen identifikazioa eta prebentzioa baizik».


